Familia-eskubidea eta hezkuntza

Koldo Zabala Atxa
2023ko urriaren 31
00:00
Entzun
Lerroburua irakurrita baten batek pentsa lezake idazki honen helburua ikastetxea aukeratzeko familien balizko eskubidea sostengatzea dela. Ez da hori asmoa, ezta urrundik ere. Zenbaitentzat hori oinarrizko eskubidea omen da, baina denona eta denontzako hezkuntza publikoa aldarrikatzen dugunontzat, diskurtso horrek pribilegio batzuei eusteko baino ez du balio.

Zer da gizarte batean aldarrikatu behar duguna? Osasun sistema, zaintza, hezkuntza... publikoa, unibertsala, kalitatezkoa. Azken hilabeteotan, zaurgarritasun indizea aitzakia hartuta, hainbat ikasleri hezkuntza publikorako sarbidea ukatu zaie. Argudioa ez da izan zegokion ikastetxe publikoa beterik zegoela, arrazoia izan da ikastetxe horrek dagoeneko beteta zuela administrazioak ezarri duen zaurgarri kopurua.

Gure administrazioa kezkatzen hasia da segregazioarekin ikasle falta dugun sasoi honetan, denontzako bezerorik ez dagoen urte hauetan. Beraz, agian kezka iturria ez da gure hezkuntza sistemak bizi duensegregazio maila baizik eta jaiotze tasabaxuaren ondorioak.

Eusko Legebiltzarreko parlamentariak zein bestelako arduradunak Kataluniara joan ziren segregazioari aurre egiteko argitasun bila, eta han, antza, erantzunak topatu zituzten. Eta horren ondorioa izan da zenbait ikasle baztertuak izatea hezkuntza sistema publikotik.

Zaurgarritasun indizea inkesta batenbitartez eskuratzen du administrazioak, beraz inkesta batek zaurgarri bihurtu ahal du familia bat eta oinarrizko eskubidea, hezkuntza publikoa, ukatu. Formula zaharra: apartheida, bazterkeria, administrazioak zaurgarriaren lekuan, baliabide gutxi duenaren lekuan erabakitzea zer komeni zaion. Hertzainak taldeak, Christian Mooreren No Time for Love abestiaren bertsioan ezin hobeto azaltzen zuen: «horien legeak guretzat apartheid...», gure eskualdeko zenbait familiak horrela bizi izan dute, hezkuntza publikoan ikasi nahi eta ezin.

2021etik ikusi ahal izan dugu hezkuntza lege berriak izan duen ibilbidea, hasieratik adostasunera heldu ziren Eusko Legebiltzarreko talde nagusiak. Lege hau ez da behetik gora eratu, kontrakoa, zenbait alderdiren artean sukaldatu ziren lege berrirako oinarriak eta parte-hartzearen berniza eman nahi izan diote.

Sasi parte-hartze prozesu honetan Eusko Ikaskuntzaren laguntza ere izan zuten, aniztasuna eta parte-hartze prozesua islatu nahian, baina hasierako gidoitik atera barik. Hasieratik hezkuntza publikoaren komunitateak desadostasun osoa azaldu du, manifestazio jendetsuak, zenbait forotan euren desadostasuna adierazi dute eta ekarpenak egin dituzte EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak, Heize Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioak, Eskola Publikoaren aldeko plataformek... baina interes handiak daude lege honek aurrera egiteko, ikusi besterik ez itunpeko ikastetxeen patronalen presa lege hau ateratzeko.

Berriki, urriaren 18an, EHIGEko presidenteak hezkuntza publikoaren komunitatearen iritzia eman du BERRIA egunkarian: Euskal Eskola Publikoaren alde eta Hezkuntza Legearen aurka, kalera.

Laburbilduz, gela itxi batean sukaldatu denak aurrera egingo du, erromeria honetan EAJ dantza kidea aldatuz badabil ere.

Lerroburura itzulita, Derecho de familia argentinar filmean (2006) bikote batean batak besteari horrela diotso: «Zer egiten dugu gure semea suitzar ikastetxe batera eramaten? Nire arbasoak poloniarrak izanda eta zureak espainiarrak...». Errealitateak fikzioa gainditu ohi du eta horixe gertatuko da gure artean, familia batek eskola publikoan seme/alaba hezi nahi eta suitzar ikastetxe batean edo kristau eskola batean edo... Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoak denak berdintzen ditu eta.

Bertsolariak abestu bezala, batzuetan aldapa dator, bizitza ez da ordeka, horregatik, bide malkartsu eta errebueltaz beteriko honetan ez dugu etsiko. Azken hitzordua urriaren 29an izan berri dugu, Donostian, Euskal Eskola Publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez! lelopean Bulevarretik abiatuta egindako manifestazioan. Izango dira aukera gehiago Euskal Eskola Publikoaren alde kalera ateratzeko, denona eta denontzako eskola publikoa erronka ederra da eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.