BERRIA egunkarian martxoaren 5ean Ikastolen publifikazioa izenburuarekin argitaratutako iritzi artikulu bat dela eta, sortu den ika-mikari argi pixka bat emateko asmoarekin idazten dut artikulu hau. Ez dut EuskalEskola Publikoaz Harro Topagunearen izenean idazten, nire herriko plataforman parte hartzen badut ere; artikulu honek nire iritzia bakarrik adierazten du.
Hasteko, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak aldarrikatzen duenaz, ezagutza falta edo, are okerragoa litzakeena, nahasmena sortu nahia antzematen da artikulu horretan.
Topaguneak ez du itunpeko sarea desagertzea eskatzen, ezta hezkuntza publikoa eskainiko den aukera bakarra izatea ere. Bestalde, egia da! Hezkuntza sistemaren pribatizazioak segregazioa areagotzen duela salatzen du. Arartekoaren ebazpen bat ere badago hori berresten duena. 2018-19 ikasturtean, Ordizian, Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak modu irregularrean jokatu zuen ikasleen matrikulazioari dagokionez, Arartekoaren eta Gipuzkoako Fiskaltzaren esanetan.
Beste kontu bat da A eta B hizkuntza-ereduak direla-eta irizten duena. Euskalduntzearen zutabe garrantzitsuena murgiltze eredua izateaz, gaur egun ez dago zalantzarik. Bestalde, sare publikoa ekinaren ekinez erakusten ari da lan hori egitea posible dela! 2021ean, sare publikoak, bere zailtasun guziekin, ikasleen %90 D ereduan matrikulatuta dauzka, Kristau Eskolak ez bezala. Beraz, euskalduntzeak izan behar badu itun bat lortzeko bete beharreko konpromisoen neurgailu, sare itundua publikotik oso urrun dago.
Datuak aztertzen hasita, egia da!: «Gure hezkuntza sistemaren derrigorrezko etapetan, ikasleen ia erdiek —%48k— itunpeko ikastetxeetan ikasten dute; gehienak Ikastolen Elkartea eta Kristau Eskola eragileen eskupean...». Baina nabarmendu beharra dago Ikastolen Elkartearen eta Kristau Eskolaren eskupean dauden ikastetxe horiek guztiak itunduak direla; beraz, diru publikoari esker bizi dira neurri handi batean. Horren truke hartutako konpromisoak, ordea, ez dituzte betetzen. Segregazioa eta gizartean dauden arrakalak konpondu beharrean, sakontzen lagunduz.
Bestalde, aipatutako iritzi artikuluan, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak ikastetxe guztiak publifikatzea aldarrikatzen duela adierazten da. Hori ez da zuzena! Topaguneak publifikatzeko aukera irekitzea, publifikatzeko araubide bat izatea eskatzen du; baina ez da bere aldarrikapenen ardatz nagusia! Sare publikoaren eta itunduaren artean segregazio egoera lazgarriari irtenbide bat ematea da Topaguneak ezinbestekotzat jotzen duena.
Gaur egun, Jaurlaritzaren lelo garrantzitsuena Euskadi, Auzolana da. Horixe da Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak aipatutako elkarteei eskatzen diena. Auzolana! Gure herri txiki honetako historia bakoitzak bere ikuspuntutik irakurri eta horren inguruan eztabaidatzeari utzi, eta eraiki dezagun gure seme-alaben etorkizuna.
Hain zuzen ere, segidan, «...irtenbidea berezko euskal hezkuntza lege berri bat egitea da, non auzolana, herri ekimenak eta hizkuntza murgilketa oinarriak izanda, eredu publikoaren ezaguera desberdin bat ezarriko baita EAEn», dio aipatutako artikuluak. Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak ez du uste lege berri bat berez txarra izango denik, baina ez dirudi lehen arauak eta konpromisoak betearazten ez dituen Jaurlaritzak berak, gero, lege berri batekin, ezer konponduko duenik.
Ondoren, jaiotze tasen eta etorkizuneko matrikulazio joeren inguruko hausnarketa egiten da. Ikastetxe pribatuek, etorkizuna bermatzeko «jarrera birpentsatu» beharko dutela adieraziz. Horren inguruan, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak Eusko Jaurlaritza honen jokaera makurra salatu nahi du. Izan ere, 0-3 etapan dauden aukerak pribatizatze aldera, ahalegin nabarmenak egiten ari da: haur-eskola publikoak (partzuergoan daudenak) garestitu, partzuergoan lan-gatazka betikotu, haur-eskola pribatuak diruz lagundu, publikoen matrikulazio kanpainak utzi... eta abar. Horrekin guztiarekin, epe ertain-luzerako ere joera bat sortuz: haur-eskola pribatuetatik, ikastetxe pribatuetarako ibilbidea hobestea.
Bukatzeko, «Euskal hezkuntzaren gaineko legediaren aldaketa da gakoa» esanez amaitzen du artikulua. Arestian esan bezala, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren ustez, legediaren aldaketa baino, borondatea da arazoak konpontzeko behar dena.
Gure hezkuntza-sistemari, bere historiaren ondorioz, ez zaizkio arazoak falta. Horiei, gaur egungo munduak, giza mugimenduek, ezberdintasunek sortu dituzten beste arazo mordoa gehitu zaizkie. Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak, denok elkarrekin bidea egiteko asmoz, bidegabekeriak salatu, ezinbesteko iruditzen zaizkionak exijitu, eta, azken batean, auzolana eskatzen du.
Ikastolen publifikazioa eta auzolana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu