Euskaldunen gaitzak Osakidetzan

2023ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Euskaldunen gaitzak sasi guztien azpitik igarotzen dira Administrazioak euskaldunak erdaldunen begiez ikusten dituenean, orduan euskaldunen gorabeherak albait arinen eta ahaleginik txikienaz konpontzea delako bere kezkarik behinena, euskaldunen alde jokatzeko asmo barik. Horixe jazotzen da, sarri, euskaldunek Osakidetzan euskara aukeratzen dutenean.

Jakina da herritarrek, eskubidez, hautatu ahal dutela Administrazioarekin jarduteko hizkuntza (10/1982, Euskararen Legea), eta horren ondorioz, lehentasunezko hizkuntza Osakidetzan. Osakidetzako profesionalek pazienteek lehenetsitako hizkuntza ikusten dute datu pertsonalak kontsultatzean, pazienteak aukera hori aurretik eta espresuki egin badu, baina, aurretik aukeraturik egon ez arren, edozein unetan eta edonoren aurrean hizkuntza erabaki ahal du, bakar-bakarrik euskara erabilita.

Guztiarekin ere, egunerokoan sarritan medikuak (erizainak, administrariak...) ez dio euskaldunari arreta euskaraz ematen, dela gaitasunik ez duelako, dela erosotasun hutsagatik. Izan ere, medikua, lanpostuko hizkuntza-eskakizuna egiaztaturik badauka, eta askok daukate, legalki, gai da herritarra euskaraz artatzeko. Eta, gaitasunari dagokionez, azken hogei urteetan EHUtik irtendako medikuen erdiek gutxienez karrera euskaraz egin dute.

Hori horrela, mediku eta arduradun askok batzuetan argudio makurrak erabiltzen dituzte borondate eza zuritzeko, pazientea bera nolabait errudun bihurtuta: kexaren aurrean diotenez, pazientearen segurtasun klinikoagatik omen dihardute erdaraz, ez direlako gai euskaraz behar bezala artatzeko. Paziente kaskarina!

Amarru eta sasien gainetik, hau ez da ahaztu behar testuingurua laino barik ikusiko badugu: medikuak hizkera arrunta, erraza, erabili behar du pazientearekin,ez hizkera teknikoa, ez terminologia: glandula esan ahal du guruin esan ordez. Erosotasuna gorabehera, eta aitzakiak aitzakia, medikuak ez du euskara-maila jasoa behar pazientea ganoraz artatu eta elkar ulertzeko.

Eta hona hemen eskubide urraketen bidean pauso bat gehiago. Medikuak bere txostena erdaraz ematen dionean euskara lehenetsitako pazienteari, haren eskubidea urratzen segitzen du, eta pazienteak txostena euskaraz emateko eskatzen badu, printzipioz, txosten hori medikuak berak egin behar luke, batetik, bere betebeharra delako, eta bestetik, pazientearen osasun-datuak berak bakarrik ezagutu ahal dituelako, bestela, legearen eta eskubideen urratze larria da baimen barik inor pazientearen osasun-datuetara heltzea.

Aldiz, Osakidetzako arduradunek ez dute medikuen hizkuntza-betebeharrik antzematen, eta horrela, uste dute nahikoa dela itzulpenetara jotzea. Horregatik, suposatzen dute euskaldun batek txosten medikoa euskaraz eskatzen duenean itzulpena eskatzen dabilela, areago, baimena eman duela bere medikuaz besteko pertsona batek bere osasun-datuak ikusteko. Urraketa bi batean: hizkuntza-eskubidea eta osasun-datuen pribatutasuna. Nago, eskarmentuz, Osakidetzan praktika txar hori ohikoa dela.

Legearen arabera, herritar guztiei aldez aurretik baimena eskatu behar zaie datu pertsonalak eskuratzeko, eta osasun-datuak babestuenetakoak dira. Datu horiek ikusi ahal izateko, herritarrak espresuki eta xede jakin, mugatu baterako eman behar du bere baimena. Aitzitik, Osakidetzako arduradun batek baino gehiagok, itaundu barik, paziente euskaldunaren borondatea suposatu eta erabakitzen du, berak baimena emanda pazientearen ordez. Zer esango luke datuak babesteko agentziak horri buruz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.