Arabako Mahastien baimena eten du EAEko Auzitegi Nagusiak

Behin-behinean galarazi du zigiluaren erabilera. Sor-markak eta ABRAk helegitea aurkeztu dute

Mahastiak, Bastidan, artxiboko argazki batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Arabako Mahastiak sor-marka merkaturatzen hasteko Eusko Jaurlaritzak emandako baimena. Errioxako Kontseilu Arautzaileak jarritako helegitea onartu du auzitegiak, eta behin-behinean geldiarazi du horrenbestez ardoak zigilu berriarekin saltzeko aukera, Europako Batzordeak behin betiko erabakia eman arte.

Eusko Jaurlaritzak iragan urrian baimendu zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari zigilu propioa erabiltzea, Bruselaren baiezkoa edo ezezkoa heldu artean. Baimen horrek Espainiako Estatuaren barruan saltzeko aukera baino ez zien ematen upategiei, jatorri izen bati dagokion babes kategoriarekin.

EAEko Auzitegi Nagusiak argudiatu du, ordea, zigilu berriarekin merkaturatutako ardoek «nahasmen handia» eragingo lioketela kontsumitzaileari, «eremu geografiko bera duten eta babestutako bi sor-marka dituzten bi ardo eskainiko litzaizkiekeelako». Eta iritzi dio, gainera, horrek Errioxa markaren «izen onari kalte» egingo liokeela, eta «konponezina» izango litzatekeela, edo, gutxienez, «konpontzen zaila».

Epaileek ez dituzte ontzat eman zigilu berria erabiltzeko Jaurlaritzak emandako arrazoiak ere, eta uste dute ez ziela behar bezala erantzun Errioxa sor-markak egindako ohartarazpenei. Gasteizko gobernuak aurkeztutako idazkietan adierazi zuen «agerikoak» direla bi figurak bereizten dituzten elementuak, eta ez dagoela «inolako oztoporik elkarrekin modu baketsuan bizitzea eragozten duenik».

Edonola ere, EAEko auzitegiaren ustez, zigilu berria erabiltzeko debekuak ez dio kalte handirik eragingo Arabako Mahastiak sor-markari, jatorri izenaren babesa «atzeratu» baino ez baitu egingo.

Helegitea

Zigilu berria sustatzen ari diren upategi txikien artean ez da desagertu beste sor-marka batekin saltzeko borondatea, eta prozesuan aurrera egingo dutela iragarri dute. Hain zuzen, ABRAk eta Arabako Mahastiak sor-markak helegitea aurkeztu dute elkarrekin EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiaren kontra.

Ines Baigorri ABRAko zuzendariak BERRIAri azaldu dionez, «azkeneraino» jarraituko dute prozesuan, epaileen erabakia behin betikoa izan arte bederen: «Gure alegazioak entzun beharko dituzte orain; beraz, itxaron beharko dugu zer egin erabakitzeko». Dena dela, Baigorrik uste du erabakia eragotz zitekeela, kautelazko neurriak ezarri aurretik Jaurlaritzak alegazioen aurkezpenean parte hartzeko aukera eman izan baliote.

Minduta azaldu dira upategiak, uste dutelako Jaurlaritzak ez duela behar beste egin sor-marka defendatzeko. Auzitegiaren erabakia ikusirik Gasteizko gobernuak esku hartuko duela espero du Baigorrik: «Pentsatu gura dut beren esku dagoen guztia egingo dutela beren herritarrak defendatzeko».

Upategiek aurten hasi nahi zuten zigilu berria erabiltzen. Iazko uzta bilduta zeukatela jaso baitzuten baimena, beranduegi etiketak aldatzen hasteko. Debekuaren ondorioz, ordea, aurten ere ezingo dute erabili. Hamabost bat upategi prest zeuden horretarako, ekimenaren bultzatzaileen iturriek BERRIAri esan ziotenez.

Luze joko du prozesuak

Errioxako Kontseilu Arautzaileak iragarri zuen nola edo hala Arabako Mahastiak jatorri izenaren sorrera geratzen saiatuko zela. Eta, bista denez, esandakoa egiten ari da. Arlo judizialean bi fronte ireki zituen, EAEko Auzitegi Nagusian bi helegite aurkeztuta. Epaileek arrazoia eman diote horietako batean. Baina aurrez sor-markaren tramitazioa geratzeko eskaria ere egin zuen, jatorri izena sortzeari Jaurlaritzak oniritzia eman zionean, 2021eko azaroan.

Bigarren auzibide horrek prozesua asko luzatzea ekarri dezake, EAEko Auzitegi Nagusiak Errioxako Kontseilu Arautzaileak jarritako helegiteari buruzko epaia ere eman beharko duelako.Hain zuzen ere, epai hori irmoa izan arte prozesua gelditzeko eskatu zuten Errioxak eta Jaurlaritzak bera.

Bide judizialaz gain, Arabako Errioxako upategi txikiek beren ardoak bereizita merkaturatu ahal izateko martxan jarritako proiektuak aurre egin beharko die beste eragozpen batzuei ere, Errioxako Kontseilu Arautzaileak esklusibotasuna ezarri baitie mahastizainei eta upategiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.