Sri Lankako presidenteak dimisio gutuna bidali du Singapurretik

Rajapaksak posta elektronikoa baliatu du ukoa helarazteko. Erabilitako formatuaz eztabaidatzen ari dira, onartu aurretik

Herritarrak, atzo, Sri Lankako lehen ministroaren etxearen kanpoan. CHAMILA KARUNARATHNE / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Gotabaya Rajapaksa Sri Lankako presidentea Singapurrera heldu zen atzo, eta handik dimisio gutuna bidali zion Mahinda Yapa Abeywardene parlamentuko presidenteari. Posta elektronikoa baliatu zuen horretarako, eta Daily Mirror egunkariak nabarmendu zuen fiskal nagusia eta ganberako burua eztabaidatzen ari zirela Rajapaksak dimisioa emateko erabilitako formatuaren egokitasunaz, «kontu teknikoez», ukoa onartu aurretik. Dokumentuak «lege eskakizunak» betetzen baditu, Abeywardene dimisioaren iragarpen formala egitekoa da gaur, parlamentuko presidentearen bozeramaileak jakinarazi zuenez.

Bere kontrako protesten eraginez dimititu du Rajapaksak, pausoa emango zuela iragarri eta bost egunera. Herrialdeak 1948an independentzia lortu zuenez geroztik izan duen krisi sozioekonomikorik larriena du, eta Rajapaksak herenegun ihes egin zuen, Maldivetara. Atzo Singapurrera iritsi zen, eta ez zuen asilo eskaerarik egin. Saudi Arabiako aire konpainia baten hegaldi batean ailegatu zen, emaztearekin eta bi bizkartzainekin batera, eta, AP Associated Press berri agentziak Maldivetako Gobernuko iturriak aipatuz kaleratutako informazioaren arabera, Saudi Arabiara heltzea du helburu.

Kontra dituen herritarrek ustelkeria egozten diote Rajapaksari, baita kudeaketa eskasa egitea eta herrialdea porrotera eramatea ere. Presidente den bitartean, ordea, immunitatea du, eta ezin dute atxilotu. Zenbait iturriren arabera, epaiketa posible batetik babestua sentitu arte ez zuen dimititzeko asmorik.

Sri Lankan larrialdi egoera ezarria dago herenegundik, eta Ranil Wickremesinghe lehen ministro eta Rajapaksak jarduneko estatuburu izendatutakoak etxeratze agindua ezarri zuen atzoko ere. Herenegun gauean, manifestari batzuk ahalegindu ziren parlamentuaren egoitzara sartzen, eta, Polizia indarrekin izandako istiluetan, berrogei bat lagun zauritu ziren. Poliziek negar gasa jaurti zuten, eta protestari bat ospitaleratu behar izan zuten, arnasa hartzeko zailtasunak zituelako. Ordu batzuk geroago hil zen.

Manifestariek zenbait eraikin hartu dituzte azken egunetan, hala nola Rajapaksaren eta Wickremesingheren etxeak —azken horri su eman zioten—, presidentetzaren eraikina eta telebista publikoaren egoitza. Baina, manifestazio masiboen bozeramaileetako batek hainbat hedabideri atzo adierazi zienez, hasi dira eraikin horietako batzuetatik ateratzen. «Okupazio bakezale hau gorabehera, gaur, borroka egiten duen herri gisa, erabaki dugu jabetza horietatik alde egitea», nabarmendu zuen Swasthika Arulingamek. Ohartarazi zuen presidentetzaren eraikinean eta haren pareko zabalgunean jarraituko dutela.

Krisi ekonomikoa eta, ondorioz, elikagaien, sendagaien eta erregaiaren gabezia dela eta, martxoan hasi ziren gobernuaren aurkako protestak, eta handitu egin dira azken egunetan. Horiek horrela, Wickremesinghek herenegun agindu zien estatuaren indar armatuei «beharrezkoa den guztia» egiteko «ordena berriz ezartzeko». Sri Lankako armadak ohar bat plazaratu zuen atzo, eta azpimarratu indarra erabiliko duela «jabetza publikoak, instalazio nagusiak, bizitzak eta leku zaurgarriak babesteko».

Kaosa agintean

Ez dago oso argi nor dagoen agintean. Oposizioak planteatzen du behin-behinean kontzentrazio gobernu bat osatzea, baina manifestariek adierazi dute Rajapaksa familiak kontrolpean duen alderdia ezin dela horren parte izan. Parlamentuahilaren 20anda presidente berria aukeratzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.