«Fede txarra hau da»

Matriceria Deustoko eta GTSko langile batzordeek uko egin diote Gestampekin biltzeari, Ertzaintzak identifikatzera behartu dituelako eta batzuei sartzen utzi ez dielako. Gaur zortzi bukatuko da negoziazio epea.

Matriceria Deustoko eta GTSko langileak Barcelo hotelaren atarira gerturatu ziren unea. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Moises Muñozek ezin zuen sinetsi. Matriceria Deustoko langile batzordeko presidentea da (LAB), eta atzo arte halakorik ikusi gabea zen. «Asteartean Industria Sailarekin bilduta egon ginen, Bilbon. Bilera hartan adosturikoak mahai gainean jartzera etorri gara. Jaurlaritzak ere esana du ez duela ulertzen Gestampek guretzat onartu duen lan espedientea, eta uste genuen zerbait esango ziela. Ilusioz etorri gara, konponbide bila. Eta iritsi garenean, zer aurkitu dugu? Ertzainek langile batzordeko kideen zerrenda bat zutela, eta batzuk bilerara sar zitezkeela eta beste batzuk ez. Hori eskubide sindikalen aurkakoa da».

Tentsio handia izan zen atzo goizean Bilboko Areatzan, Barcelo hotelaren aurrean. Han bildu dira Gestampeko ordezkariak eta GTSko eta Matriceria Deustoko langile batzordea. Multinazionalak Zamudion (Bizkaia) dituen bi lantokietako 230 langileak kalean utziko dituen erregulazioa aurkeztu du. Duela hiru aste abiatu zuten negoziazio epea, eta atzoko bilerak laugarrena behar zuen. Ondo bidean, hurrengo ostiralean izango dute azkena. Orduan bukatuko da langileekin negoziatzeko epea.

Aurreko bileretan bezala, langileek elkarretaratze zaratatsu baina lasaia egin zuten hotel aurreko errepidearen beste aldean. Atarian, hamar ertzain zeuden, lau auto eta furgoneta batekin; Gestampeko zuzendaritzako kideak barruan ziren. Batzordeetako kideak gerturatu zirenean, ertzainek izen zerrenda bat zuten, eta ordezkariak identifikatzera behartu zituzten. Aurreko bileretan ez zen horrelakorik egon. Hainbatek identifikatzeari uko egin zioten. Eraikin publikoa da. Beste kide batzuk, berriz, ez ziren ageri zerrendan. Tentsioa handitu egin zen, eta beste espaloiko langileak gerturatu ziren. Batzordeko kide pare batek borra kolpeak jaso zituen hotelaren atarian.

Egoera ikusita, batzordeetako kide batzuk hotelean sartu ziren, eta horrela ezin zela bilerarik egin aurpegiratu zioten Gestampi. Ondoren, salaketa jarri zuten lan ikuskaritzan. «Gestampek antolatu du zirku hau, eta denbora agortzen ari da», nabarmendu zuen Muñozek. «Orain arteko bilerak alferrikakoak izan dira. Lehen bietan, agiri kontuak bakarrik, eta, hirugarrenean, eskaintza iraingarri bat jaso genuen. Gizarte Segurantzak dioena baino ez. Eta gaur, hau: fede txarra hau da».

Itxiera eragozteko asmoa

Batzordearen proposamena neurri traumatikoak ez hartzea da. Espedientea mahai gainetik kenduz gero, negoziatzeko prest daude: erretiroak, aldi baterako neurriak... «Industria Sailarekin hitz egindakoa hortik doa. Gestampek tooling arloko zazpi enpresa ditu, neurriak banatuko zituela esan zuen, eta ez du horrela egin. Eta badakigu itxitako fabrika bat irekitzea oso zaila dela». Muñozek, gainera, ondo daki nor daukan mahaiaren beste aldean: «Mundu guztiak daki Gestampek baduela ahalmen ekonomiko nahikoa hau bere gain hartzeko. Jaurlaritzak berak eskatu dio, baita Txorierriko (Bizkaia) udalek ere, alderdi guztietakoek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.