Jendetza erakarri zuen Martin Ugalde Foroak jatorri anitzetako biolentzien biktimekin antolatutako solasaldiak. Kultur parkeko areto nagusia goraino bete zen, eta bertara bildutako alderdietako zein instituzioetako ordezkaritza ere aniztasunaren isla izan zen.
Enrique Ullibarriaranak ordezkatu zuen Eusko Jaurlaritza, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritzarako aholkulari gisa. Solasaldia hasi aurretik, Nafarroako Gobernuko bi kiderekin hitz egiten ari zen: Blanca Burusco Biktimen Arretarako Bulegokoko buruarekin, eta Irati Goikoetxea bulego bereko bizikidetza ataleko arduradunarekin.
Biktimei dagokienez, azkenetakoa iristen izan zen Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide eta Joxi Zabala zenaren arreba. Maixabel Lasa ez zen askoz ere lehenago ailegatu. Eusko Jaurlaritzako Biktimen Bulegoko zuzendari ohi eta Juan Mari Jauregi zenaren alarguna Maria Jauregi alabaren zain egon zen. Heltzeko larri ibili zen atzoko hizlarietako bat izan zen hura, A-8an gertatutako lur-jausiarengatik autoarekin errepidean geldi egon behar izan baitzuen.
Joseba Urrusolo Sistiaga eta Carmen Gisasola Langraiz bidea hartu zuten preso ohiekin hizketan aritu zen Lasa. Inguruan zeuden ekitaldira joandako Sorturen bi ordezkariak: Rufi Etxeberria zuzendaritzako kidea, eta Haimar Altuna Gipuzkoako arduraduna. Gipuzkoako EAJko ordezkari bat ere izan zen: Ianko Ganboa batzarkidea. Ahal Dugu ordezkatu zuten Josetxo Arrieta senatari izandakoak, eta Maria Valiente Gipuzkoako batzarkideak. EH Bilduren Gipuzkoako batzarkide Estitxu Elduaien eta Joxemari Carrere ere entzuleen artean egon ziren. Bel Pozueta koalizioko kongresukidea Sareko Joseba Azkarragarekin batera sartu zen aretora. Han zegoen Etxerat-eko Patricia Velez. Alkate batzuk ere bertaratu ziren: Zelai Amenabarro Goikoetxea Legorretakoa (EH Bildu)—hangoa zen Juan Mari Jauregi—, Maider Lainez Andoaingoa (PSE) eta Aizpea Otaegi Errenteriakoa (EH Bildu)—han bizi zen Manuel Zamarreño ETAren biktima—, kasurako.
Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaile Agus Hernan lehen ilaran eseri zen. Teresa Toda eta Elixabete Garmendia kazetariak aritu ziren hizketan. Besteak beste, Sabino Ormazabal indarkeriarik ezaren aktibista, Jon Alonso idazlea eta Iñaki Egaña Euskal Memoriako presidentea ere izan ziren.