Mendi lasterketak

Euskal Selekzioa, Munduko Kopako 11 probatan

Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasoko du nazioarteko mendi lasterketetan lehiatzeko. Igandean jokatuko dute lehena, Japonian

Irati Anda, Iñaki Uribe-Etxebarria, Oihana Azkorbebeitia, Jon Redondo eta Joserra Alonso, atzoko ekitaldian. IREKIA.
Unai Ugartemendia.
2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Euskal Selekzioak igandean hasiko du mendi lasterketetako 2019ko Munduko Kopa. Mt. Awa Skyracen izango da estreinako lasterketa (31 kilometro, +2.000 metro), Japonian. Bost korrikalarik parte hartuko dute: Oihana Azkorbebeitiak, Ander Iñarrak, Julen Martinez de Estibarizek, Maria Zorrozak eta Mayi Mujikak. Eneko Aliende hautatzailea ere haiekin izango da.

Eusko Jaurlaritzak, EMF Euskal Mendizale Federazioak eta Euskal Selekzioak elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten atzo, Donostian. Erakundearen laguntzari esker, Euskal Selekzioko korrikalariek Munduko Kopako11 lasterketatan parte hartu ahal izango dute.

Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendariak nabarmen zuen Eusko Jaurlaritza lanean ari dela, gero eta federazio eta selekzio gehiagok jaso dezaten nazioarteko onarpen ofiziala. «Euskal Mendizale Federazioa onartuta dago Nazioarteko Mendizale Federazioan, ahotsa dauka, baina ez botoa», jarraitu zuen. «Horri balioa eman behar diogu eta pausoak eman behar ditugu botoa ere izan dezan».

Joserra Alonso EMFko presidentearentzat, hitzarmena «garai zail batean» iritsi da, mendi federazioek gero eta desadostasun gehiago baitituzte Espainiako Kirol Kontseilu Gorenaren artean: «Erakunde horrek kirolaren legeak urratu ditu, eta gatazka bat sortu du atletismo eta mendi federazioen artean».

Irati Anda EMFko zuzendari teknikoaren esanetan, EMFk beste diziplina batzuetako selekzioak ere indartu nahi ditu, bai ultretakoa, bai kilometro bertikaletakoa.

Oihana Azkorbebitia abadiñarra izango da Japoniako proban parte hartuko duen korrikalarietako bat. Irrikaz dago han lehiatzeko: «Niretzako beste kontinente batean korrika egitea erronka berri eta zirraragarri bat da, eta horrela bizitzea espero dut. Ordu aldaketa, klima aldaketa... Faktore berri asko izango ditugu lasterketan eta seguru eragina izango dutela gure errendimenduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.