Burutik puska batean erauzi ezingo dituzten irudiak utzi dizkie Pikabea-Almandoz familiari aitaren heriotzak. Martxoaren 22an hil zen Jesus Pikabea, eta egunotan beste sendi askori jazo zaien eran, beraiek ere gordin ikusi dute prozesu horretan koronabirusaren ondorioz asteotan ezarritako bakartze neurrien itzala. Horiek horrela, Idoia, Ainhoa, Itziar eta Leire ahizpek gutun bat helarazi zuten heriotza jazo eta egun gutxiren buruan hedabideetara. Goiburuan argi utzi zuten mina: «Hau da gure drama».
Leire Pikabeak orduz ordu kontatzen du oraindik aitaren azken egunak zelakoak izan ziren. Aurreko oroitzapenetan, aita oraindik sasoiko oroitzen du, Errenteriako (Gipuzkoa) kaleetan, bizilekuan: «Bihotza ahul zuen, eta giltzurruna ere pixka bat ukituta, baina bizitza normala egiten zuen, bere mugekin, baina normala: inolako mendekotasunik ez zuen. Ama eta biak bizi ziren». 78 urte zituen, eta COVID-19 gaitza zabaltzen hasi zenean, haienean ere, beste etxe askotan bezala, prebentzio neurriak hartzen hasi ziren, badaezpadakoak: ez ateratzea erabaki zuten gurasoek. «Gu ere aldendu egin ginen pixka bat. Hori bai, joaten ginen erosketak eta bazkaria eramatera: buelta bat egitera».
Berehala «makal» antzeman zuten aita. Etxean egon beharraren ondorioa zela uste zuten hasieran. Martxoaren 20 aldera hasi ziren «minak»: kezkak. Medikua bitan eraman zuten etxera, eta bietan esan zieten ez zela deus larria atzematen: ez zela komeni erietxera eramatea. Zioa argia zen: koronabirusa. «Sekulako beldurra sartu ziguten; ospitalera eramaten bazuten okerrago izango zela esan ziguten: arrisku gorrian jartzea izan zitekeela». Aita gero eta larriago zegoela ikusizuten, ordea, eta larrialdi zerbitzuetara deitu zuten hirugarren aldiz. Orduan eraman zuten ospitalera; orduan ere, ohartarazpenak entzunda: «Oso arriskutsua zela esan ziguten berriro». Ezin dute ahantzi nola eraman zuten: «Anbulantzian: bakar-bakarrik». Erietxera eraman zuten beste aldi batzuetan ez bezala, ezin izan ziren haren ondoan joan: «Protokologatik-edo ez ziguten utzi». Berehala erietxetik deitu zieten: «Larri zegoela esan ziguten». Koronabirusaren susmorik ez zegoela esan zieten, hala ere.
Behin ospitalean, haren ondoan egoten utzi zieten: «Gauez, eta egunez». Behin pronostiko ilunena egin zietenean, halaber, familiako hainbat kidek bisitatu zuten. Ez denek. Koronabirusa, berriro. «Ahizpa bat etxean zegoen berrogeialdian; ez daki koronabirusik izan duen, ez diotelako testik egin, baina sukarra izan zuen. Etxean egon behar izan zuen». Bihotzak estutu zizkien beilatokian ere epidemiak, hango bakartze neurri zorrotzekin. Areago, presente dago, elkar ikusten duten aldiro, talaia batean baleude bezala begiratzera behartzen baititu:«Negar egin denok elkarrekin, besarkatu: hori ezin izan dugu egin». Horiek ukatzea, eta, esaterako, lanera joaten jarraitu beharra ez dute ulertzen: «Zer zentzugabea den hau».
Koronabirusa. Heriotza
«Anbulantzian: bakar-bakarrik»
«Hau da gure drama» azaldu dute Idoia, Itziar, Ainhoa eta Leire Pikabea Almandoz ahizpek ; bakartze neurrien arrastoa gordin nozitu dute aitaren heriotzan, koronabirusik ez zuen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu