Koronabirusa

Kalean ere, maskararekin

Maskara erabili behar da toki irekietan eta itxietan: gaurtik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; bihartik Nafarroan. Hegoaldean, 80 kasu agertu dira, eta birusaren aurrean erne egotera dei egin dute

Iruñeko Carlos III etorbidean, jendea maskara eramanez. Erabilera orokortzen ari bada ere, joera hori areagotzea bilatzen du administrazioak. IÑIGO URIZ /FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Betebeharra gogortu dute. Kalean ere derrigorrezkoa izango da maskara eramatea Hego Euskal Herrian. Neurria gauerdian sartu da indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Nafarroan, bihar. «Elkarren arteko distantzia gordetzeko eta maskarak eramateko prebentzio neurriak ez dira betetzen ari, nahiz eta derrigorrezkoa izan», arrazoitu du Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun kontseilariak. «Birusa ez da itzuli, inoiz ez du alde egin. Hemen zegoen, hemen dago eta zoritxarrez egongo da», ohartarazi zuen Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak, azpimarratuz «aurreikuspen txarrenak» betetzeko gai dela SARS-CoV-2.

Bilakaera epidemiologikoak berak eraman ditu neurriak gogortzera Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza. Murgak, gainera, ohartarazi du ez dutela baztertzen aurrerago «neurri gehiago» hartzea. «Erne egoteko» beharra eskatu dute bi osasun arduradunek, eta herritarrei «zentzuz zein arduraz» jokatzera dei egin diete. Izan ere, goranzko joera argia hartu du pandemiak. Esaterako, ekainaren 29an, bederatzi kasu positibo atzeman ziren Hego Euskal Herrian; atzo, berriz, azken agerraldien ondorioz, 80 kasu atzeman zituzten. Hain zuzen, maiatzaren 9ra atzera egin beharko litzateke egun bakarrean PCR bidezko positibo kopuru bera ikusteko.

Pandemiaren hasierarekin alderatuta, kasu berriok gehienbat kontrol eta zaintzaren ondorio dira, eta, horregatik, goiz atzematen dituzte osasun zerbitzuek. «Atzemandako kasu gehienetan geu joan gara euren bila», nabarmendu zuen Murgak. Indurainen esanetan, berriz, osasun zerbitzuek jarraitzen dute egokitze prozesu batean, ohiko jarduera COVID-19ko gaixoentzako zirkuituekin bateragarri egiteko asmoz, eta oraingoz «garaiz erreakzionatzeko ahalmena» erakutsi dute.

Ehun euroko isunak

Halere, kezka ez dute ezkutatu. Indurainen arabera, agerraldi gehiago izango dira, eta horiek mugatzeko helburua du maskara jartzera behartzeko aginduak. Aurretik ere Hego Euskal Herrian maskara jartzeko betebeharra zegoen garraio publikoan, toki itxietan eta publikoetan eta distantzia gordetzerik ez zegoen kasuetan, baina orain koska bat harago joango dira. Oro har, kalean eta aire zabalean maskara eraman beharko dute herritarrek. Bi gobernuen aginduek zehazten dutenez, egoki jarri behar da gainera: sudurretik kokotseraino. Neurria betetzen ez duten herritarrei ehun euroko isuna jartzeko irizpidea jarriko du Nafarroako Gobernuak. Jaurlaritzak ez du zehaztu zenbatekoa. «Helburua ez da isunak jartzea, herritarren artean ardura partekatua bultzatzea baizik», esan du Indurainek.

Salbuespenak egongo dira, adibidez, kirola egiteko, betiere pertsonen arteko distantzia mantentzen den kasuetan. Kiroldegietan jarri egin beharko da eremu komunetan. Hondartzan eta igerilekuan maskara eraman beharko da, baina ken daiteke toallan etzanda distantzia gordetzerik bada, baita bainua hartzeko orduan ere. «Derrigorrezkoa izango da erabiltzea mugitzean eta paseatzean, baina toallan maskararik gabe egon gaitezke, betiere metro eta erdiko distantzia bermatzen badugu, etxe bereko pertsonekin izan ezik», zehaztu du Murgak. Etxe bereko pertsonen artean ez da derrigorrezkoa izango. «Kasu bakarra da hori».

Mendian edo basoan ibiltzean eta eskalada egitean ere ken daiteke maskara. Arnasa hartzeko arazoak dituzten herritarrek ere baimena izango dute hura gabe ibiltzeko. Lantokietan, berriz, 1,5 metroko distantzia mantentzerik bada, maskara ken daitekeela zehazten dute arauek.

Tabernen eta jatetxeen kasuan, maskara jarri beharko da, eta soilik edateko edo jateko kendu beharko da. Jaurlaritzak gaineratu du gehienez hamar laguneko bilkurak onartuko direla barruan. Gainera, gaueko aisialdian ibiltzen diren guneentzat (taberna, diskoteka eta halako tokientzat), ordutegia zabaltzeko eskaera guztiak atzera botako dira, baita orain arte eman direnak ere. Azkenik, kalean botila festak debekatu egin ditu Jaurlaritzak «osasunaren kalterako jarrerak adierazten dituztelako. Murgaren arabera, ikuskizun publikoen legearen arabera arautuko da, eta bertan zehazten denez, arau hauste arinek 1.200 euro arteko isunak dituzte.

Nafarroako foru aginduaren arabera, udalei eta foru administrazioari dagokie zaintzaren eta kontrolaren ardura, «bakoitzari dagokion eskumenen barruan». Halaber, saltokietako eta bestelako tokietako arduradunen eskuetan egongo da neurriak betetzen direla bermatzeko ardura. Agintariek informazio kanpaina bat egingo dute, betekizuna herritar guztiengana hel dadin. Datorren ikasturtera begira, «neurri zehatzak» hartuko dira bilakaera epidemiologikoaren arabera

Kasuen erdiak, Gipuzkoan

Atzo Hego Euskal Herrian atzemandako 80 kasuen erdiak Gipuzkoan agertu ziren: 41. Nekane Murga kontseilariaren hitzetan, Ordiziako agerraldia kontrolpean dute, eta Getarian beste bat agertu da. Nafarroan, berriz, 20 kasu atzeman ziren atzo. Tuterako agerraldia «beherantz» doa, baina dagoeneko 41 kasu atzeman dira. Tuteran, patologia ugari zituen 90 urteko emakume bat hil zen —Nafarroan hiltzen den lehena ekainaren 11z geroztik—. Iruñean beste hiru agerraldi daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.