Afganistango 12 eta 18 urte arteko neskentzako eskolak itxita egongo dira oraindik ere. Talibanek lehengo astean iragarri zuten andrazko nerabeak ere ikastetxeetara itzuli ahal izango zirela atzo, irakaskuntzako ziklo guztietan neguan egiten duten etena behin bukatuta. Baina bigarren hezkuntzako ikasleak izan beharko zuketen nesken espektatibak birrindu zituzten talibanek. «Bigarren hezkuntzako [neskentzako] ikastetxeak itxita egongo dira besterik esan arte, xariara eta Afganistango ohituetara eta kulturara egokitutako eskoletarako uniformeak diseinatu arte», nabarmendu zuen Hezkuntza Ministerioak, ohar batean.
AEBetako tropak joan den maiatzean hasi ziren Afganistandik ateratzen, eta, hori baliatuta, talibanek agintea hartu zuten hilabete horren 15ean. Orduz geroztik, emakumezko nerabeei eskolara joatea debekatu zaie. Talibanek argudiatu izan dute hezkuntza arauturako sarbidea eragotzi zaiela eskolak xariara, lege islamiarrera, «egokitu» behar zituztelako —haur hezkuntzako adinean dauden neskei ez diete oztoporik jarri eskolara joateko—.
Efe berri agentziak jasotako informazioaren arabera, talibanek azken orduan hartutako erabakiak ezustean harrapatu zituen bai neska nerabeak, baita ikastetxeetako zuzendariak ere, eta etsipena eragin zuen. «Gau osoa begirik bildu gabe pasatu dut, eskolara itzultzeak ilusio handia pizten zidalako», esan zion berri agentziari ikasle batek.
Talibanek egin nahi dituzten aldaketen artean daude ikasleak sexuaren arabera segregatzea, ikasle emakumezkoen irakasleak andrazkoak izatea, eta neska nerabeek zapia eramatea.
Nazioartearen gaitzespena
Nazioarteko eragileek gaitzetsi egin zuten talibanek hartutako erabakia. Iragan astean, iragarri zutenean neska nerabeak eskolara itzuli ahal izango zirela, Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak gogo onez hartu zuen albistea. Atzo, UNAMA NBEren Afganistanerako misioak ohar batean azpimarratu zuen azken orduko aldaketa deitoratzen duela. Horrekin lotuta, Michelle Bachelet NBEren Giza Eskubideen Batzordeko goi mandatariak esan zuen «sakonki etsita» dagoela talibanen erabakiarekin. «Egin dutena guztiz kaltegarria da Afganistanen etorkizunarentzat eta herrialdearen garapen espektatibentzat», adierazi zuen, ohar batean.
HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak gogorarazi zuen, bestalde, agintera heldu zirenetik ari direla talibanak nesken eta emakumezkoen eskubideak «nabarmen urratzen».
Neska nerabeak ez dira bueltatu eskolara, talibanek kontrakoa esan zuten arren
Afganistango agintariek nabarmendu dute 12 eta 18 urte arteko neskak ez direla eskolara itzuliko «uniformeak xariara egokituta egon arte»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu