Traineru denboraldiaren lehen asteburuan bandera etxeratzea lorpen handia bada irabazlearentzat, zer esanik ez 20 urterekin debuta egin, eta aurreneko bandera irabazi duen arraunlari batentzat. Igandean, Coruñan (Galizia) lortutako garaipena luzaroan geldituko zaio iltzatuta Luda Davidenko (Gostomel, Ukraina, 2000) Orioko arraunlariari. «Herenegun bizi izan nuena ezin dut hitzekin azaldu. Zerbait berezia izan zen, eta bizitza osoan gogoratuko naiz». «Harro» dago Orioko emakumezkoen taldeko partaide izateaz.
Xanti Zabaletak zuzentzen duen taldeak larunbatean eman zuen banderaren lehiarako lehen kolpea, eta hurrengo egunean, berriz, errematatu. «Bezperan, Donostiarrari lau segundoren aldea atera genion, eta igandean, estropada irabazteko asmoz atera ginen». Baita atera ere. Txiki ontziak irteera «oso indartsua» egin zuen. «Baina albora begiratu, eta ziabogara arte Donostiarra eta Hondarribia ondoan genituen. Bi talde horiekin ez zegoen askorik fidatzerik».
Estropadaren aurretik, Zabaletak arraunlariei esan ziena gogoan du Davidenkok. «Ziabogatik irten eta lehenengo olatua harrapatzen zuen taldeak aukera handiak izango zituen estropada irabazteko». Esan eta egin. «Nadeth Agirre patroiak animoak eman zizkigun, eta poparean abantaila handitzea lortu genuen». Oriotarrei ez zien garaipenak eskuetatik ihes egin,
Debutarengatik Agirreren partetik saria jaso zuen Davidenkok. «Liderraren elastikoa oparitu zidan. Larunbatean Edith Urangari bigarren debutariari eman zion. «Asko eskertzen diot Nadethi». Taldean sortu duten batasunari eman dio balioa. «Azken batean, bigarren familia osatzen dugu».
Davidenkok ondorio garbia atera du asteburuan gertatutakoaz: «Ikusi da indarrez berdintsu gaudela, batez ere, Donostiarrarekin». Hondarribiak egin duen lana ere azpimarratu du, baina ezustekorik handiena Arraun Lagunak taldearekin hartu du. «Neguko jaitsieretan erakutsi duena ikusi eta gero, ez nuen espero hain atzean geratuko zenik». Orioko arraunlariak argi du, ordea, goiz dela oraindik talde bakoitzak duen onena emateko. «Talde guztiok denboraldi-aurrea nolako egoeran egin dugun kontuan hartuta, edozer gerta liteke. Uda luzea dugu aurretik».
Iaz Euskotren Ligako txapeldunak izan ziren, eta aurten ere lehiaketa irabazteko hautagai nagusietako bat da. Davidenkok lasai eta zuhurtziaz hitz egin du: «Taldekideon artean ligaz ez dugu aipamenik egin. Aurtengoa berriz ere hutsetik hasten da, eta geure lana serio eta ilusio osoz egingo dugu».
Txernobyldik Oriora
Kolore horia bihotzean darama, eta arrauna, berriz, zainetan. Izatez oriotarra sentitzen da Davidenko, jaiotzez Ukrainakoa izanik ere. Hain zuzen, Kiev ondoko Gostomel herrian du sorterria. 7 urterekin etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira, Donostiako Txernobyl elkartearen bitartez. «Urtero etortzen nintzen Orioko gurasoengana uda pasatzera».
Berehala hasi zen euskaraz mintzatzen, eta, 12 urterekin, urtebeteko egonaldia egin zuen Orion. 16 zituela, ordea, gurasoekin tirabirak izan, eta bere jaioterrira itzultzeko erabakia hartu zuen. «Han nengoela, baina, neure buruari galdetzen nion: 'zer egiten dut nik hemen?'. Bizi kalitatean Txernobylgo hondamendiak baino gehiago Ukrainaren eta Errusiaren artean dagoen gerrak eragiten digu gehien». Ez zuen logikoa ikusten han bizitzen jarraitzea. Hala, 2018an, familiarekin adiskidetu eta bueltan etorri zen.
Bi urte daramatza jarraian Orion bizitzen, eta herrian «egokitzea» du xede, arrauna bidelagun duela ahaztu gabe, noski. «Gurasoei eskerrak eman nahi dizkiet. Haiek gabe ez nintzateke honaino iritsiko».