Etxean jantzi du txapela

Bermeoko bandera eta liga matematikoki irabazi ditu Urdaibaik. Bigarren postuaren borrokan, Zierbenak bi puntura murriztu du Hondarribiarekiko aldea

Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia, irabazi izana ospatzen. 
  OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
pettan uralde
2023ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Bermeoko bandera beti da berezia, eta aurtengoak ere bazuen bere zeresana. Hain zuzen, Kontxako garaileak, etxean liga irabazteko aukera zuen. Bederatzigarrena litzateke Urdaibairentzat, eta laugarren aldia Kontxa eta liga urte berean irabazita. Ezingo luke inork istorio politago bat idatzi, baina arrauna egin beharrean zegoen. Iker Zabalaren arraunlariek bazekiten hori, eta ez zuten huts egin nahi izan haien zaleen aurrean. 2016. urtetik ez zuten etxeko bandera irabazten, eta aurtengoak ezin zien ihes egin. Harrotasun handiarekin, eta denboraldi osoan erakutsitako nagusitasunez, ligako 11. bandera altxatu zuen, atzo, Urdaibaik, eta denboraldi historiko bat amaitu du horrela. Hala ere, Eusko Label ligako txapela gaur (ETB1 12:42) jantziko du, Portugaleteko estropadaren ondoren.

Ohorezko txanda, ohi bezala hasi zen atzo. Donostiarrak dena eman zuen lehen metroetan, eta segika izan zituen aurkariak lehen metroetan. Baina normalean, lehen txanpa indartsu horrek ez dio gehiegi irauten. Atzo, ordea, ederki eutsi zion hasieran jarritako erritmoari. Urdaibaik eta Zierbenak tartea mantendu zuten lehen ontziarekin, eta parean izan ziren lehen luzean. Hondarribia, berriz, atzean geratzen hasi zen. Ama Guadalupekoak,bazituen liga borrokatzeko azken aukerak, baina ahultasunaren lehen zantzuak erakutsi zituen estropada hasiera horretan.

Lehen ziabogan, Donostiarra eta Urdaibai denbora berean atera ziren, eta Zierbenak atzetik jarraitu zien, hiru segundora. Gerora Hondarribia, bostera. Bigarren luzean ere, maila berbera erakutsi zuten lau ontziek, eta tarteak mantendu egin ziren. Bigarren balizan, Donostiarrak bere kaleari ondo eutsi zion, ateratzeko kale ona zuten eta. Urdaibaik ez zuen amore eman nahi, eta berriro ere parean eutsi zion Donostiarrari. Bitartean, Hondarribia atzean geratzen ari zen, ia hamabost segundora.

Itsasoa zikinduz joan zen estropada amaieran, eta denborak errekuperatzeko aukera gutxituzjoan zen lau traineruentzako. Urdaibaik festa nahi zuen, eta Donostiarrak hori zapuztu. Baina Urdaibai ez da edozein aurkari, eta denbora kontua zen haien erasoa noiz etorriko zen jakiteko. Azken luzean jo zuen Bou Bizkaiak, min gehien egiten duen momentuan. Segituan bi segundo atera zizkion Torrekuari. 500 metrofalta zirela, Urdaibaik bost segundoan ireki zuen errenta, eta garaipena etxeko traineruaren eskuetan zegoen. Beste liga bat zakura, eta jada bederatzigarrena du Bermeoko taldeak.

Garaipena erabakita, bigarren postua nork lortuko ote zuen ikusmina zegoen. Liga garaipena hain zail egonda, ospe handia du bigarren postu horrek, eta borroka horretan daude Hondarribia eta Zierbena. Hondarribiak ahultasuna erakutsi zuen atzo, eta Zierbenak bere maila eman zuen. Estropada baino lehenago, hiru punturen aldea zuen Ama Guadalupekoak, baina, orain, koska puntu bakarrera murriztu da. Gaur erabakiko da postu hori, eta Urdaibaik liga matematikoki irabazia duenez, bi ontzi horien arteko borroka espero da banderaren lehian.

Lehen txandako traineruek ere itxura onarekin amaitu nahi dute liga, eta horrela egin zuen atzo Oriok. Txandako garaipena eskuratu, eta estropadako laugarren ontzia izan zen. Hasiera aldapa gora izan zen Jon Salsamendiren arraunlarientzat, baina ligak aurrera egin ahala, emaitza hobeak lortuz joan da. Atzo, hasieratik nagusi izan ziren beren txandan, eta denboraldi amaiera honetan erakutsi dute benetako maila. Bigarren Getaria izan zen, 12.59 segundora, hirugarren Cabo 19.38ra, eta laugarren Isuntza 38.90ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.