Katalunia zelatatua

Iazko uztailetik hiru polizia infiltratu dira Kataluniako eta Valentziako herri mugimenduetan. Zelatatuek azalpenak eskatu dizkiote Madrili

Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaska. FERNANDO ALVARADO / EFE.
Carme Porta.
Bartzelona
2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
«Aztertu dudanaren arabera, infiltrazioak Herrialde Katalanetan ardaztuta daude: Espainiako Poliziako Balearretako agenteak Katalunian infiltratuta, Kataluniako agenteak Valentzian infiltratuta... Ikusiko dugu zer bilakaera duen honek, baina estrategia argi bat dago katalanez dakiten agenteak infiltratzeko, erraz egokitzen baitira infiltratu nahi duten eremura». Jesus Rodriguezen esanak dira horiek. Kataluniako eta Valentziako mugimendu sozial batzuetan infiltratu diren zenbait polizia agerian utzi dituzten kazetarietako bat da Rodriguez, La Directa hedabidekoa.

Ikusi gehiago:Laia Serra: «Estatuaren indarkeriak badaki patriarkatua zer den, eta hartaz baliatzen da»

Iazko uztailean, ezker independentistan infiltratuta zegoen polizia baten berri jakin zen, Marc Hernandez Ponsen berri. Herrialde Katalanetako Ikasleen Sindikatuan militatu zuen, Resistim al Gotic y el Casal Popular Lina Odena izeneko plataforman ere bai, eta, gainera, identitate faltsu horrekin, Bartzelonako Unibertsitateko Gizarte Heziketako graduan ere matrikulatu zen.

Urtarrilean, berriz, haren anaia ere sator lanetan zebilela jakin zen, Daniel Hernandez Pons. Mugimendu libertarioan, CGT sindikatuan eta La Cinetika ateneoan infiltratuta zegoen, eta, mugimenduan eta auzoan modu aktiboan inplikatzeaz gainera, sexu harremanak eta harreman afektiboak izan zituen zenbait aktibistarekin, zeinak hango eta hemengo proiektu politikoetan ezagutu baitzituen. Aktibista horiek ez zuten elkar ezagutzen, eta agenteak berdin jokatu zuen guztiekin.

Aktibista horietako bostek kereila jarri diote agenteari, abusu sexual etengabeak egitea leporatuta, besteak beste. Agentearen nagusia ere sartu dute prozeduran. Iridia giza eskubideen aldeko zentroa eta CGT sindikatua laguntza juridikoa ematen ari dira kereila horretan, baita mundu guztiko beste 88 erakunde ere —tartean, Torturaren Kontrako Nazioarteko Erakundea, Euromed Rights eta Poliziaren Indarkeriaren Kontrako Sare Globala—; horiek guztiek manifestu bat sinatu dute, eta zera diote bertan: «Espainiako Estatuak funtsezko eskubideen marra gorri guztiak gainditu ditu, sexu harremanez eta harreman afektiboez baliatzeraino disidentzia politikoak kontrolatzeko».

Aurrekariak

Bada antzeko aurrekari bat: Kate Wilson ekintzaile ingelesarena. Hark harreman afektibo bat eta sexu harremanak izan zituen Nottinghamgo mugimendu sozialetan infiltratutako polizia batekin. Wilsonek zenbait adierazpen egin zituen TV3 katean: «Min pertsonala gogorra da oso, baina hau kontu pertsonal bat baino zerbait gehiago da; kezkagarriena da gobernua halako metodoak eta taktikak erabiltzen ibili dela mugimendu sozialei azpijana egiteko». Salaketa ezarri zuen, eta, horri esker, lortu zuen agenteen sexu praktikak zigortuak izatea eta halako espioitza operazioak legez kanpo uztea.

Bartzelonako kasuan, azalpen publikoak eman ditzala exijitu diote Espainiako Gobernuari hala kaltetu guztiek nola haiei laguntzen ari zaizkien erakundeek; izan ere, haien iritziz, «jauzi kualitatibo bat izan da polizien errepresio estrategietan, eskubide indibidual eta kolektiboei eragiten baitiete, eta inpaktua baitute kaltetu zuzenengan eta kolektiboetan». Erreparazio prozesu bat ere exijitu dute.

Otsailaren erdialdean, beste infiltratu baten berri eman zen: Ramon Martinez Hernandez, Espainiako Poliziaren Kataluniako agente bat, Valentziako herri mugimenduetan infiltratua. Badirudi hirugarren kasu horrek agerian uzten duela ez direla espiotza kasu bakanak, baizik eta estrategia bat, mugimendu independentista ezkertiarren eta antikapitalisten kontrakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.