Autogintza. Matrikulazioa, Hego Euskal Herrian

Auto berrien matrikulazioa %14,1 murriztu da urtearen lehen erdian Hegoaldean

Inflazio handiak eta autoen eskasiak eragin dute murrizketa, sektorearen arabera. Diesel autoen salmenta txikitu da gehien, eta haien kuota %13,9ra jaitsi da

Auto elektriko bat kargatzen, Madrilgo kontzesionario batean, artxiboko irudi batean. JAVIER LIZON/ EFE.
Iker Aranburu.
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Hiru urte daramatza behera egiten auto berrien matrikulazioak, eta laugarren urte bat egiteko bidean dago. 2022ko lehen erdian 14.062 auto berri saldu dira Hego Euskal Herrian, iaz baino %14,1 gutxiago. Gainera, ekaineko datuak eten egin du merkatuaren beherakadaren moteltzea, %16,3 jaitsi baitira salmentak. Autoen patronalek inflazio handiaren eraginari eta material batzuenfaltak eragindako autoen eskasiari leporatu diote errua.

Beherakadak ez die motor guztiei modu berean eragiten. Asko ari dira jaisten diesel motorren salmentak (-%32,4), baita gasolinarenak ere (-%21,1). Horiek saldu dira gehien: 6.294 aurten. Lau puntu jaitsi da merkatu kuota urtebetean, %48,7tik %44,7ra.

Dieselaren gainbehera are nabarmenagoa da. Saldutako autoen %70 izatera iritsi ziren 2010eko hamarkadaren hasieran, baina ingurumenarekiko kezkak eta Volkswagen auziak —diesel motorren gas isuriak ezkutatzen aritu zen—, haien salmenta asko murritzarazi du azken urteetan. Aurtengo lehen sei hilabeteetan dieselaren kuota %13,9ra iritsi da: iazkoa baino ia lau puntu txikiagoa da.

Behetik gora doaz, berriz, motor alternatiboak deitutakoak, hau da, gasolina eta gasolioa erretzen ez dituztenak edo horiek soilik erabiltzen ez dituztenak. Urteko lehen sei hilabeteetan 5.811 saldu dira, iaz baino %5,7 gehiago. Haien merkatu kuota %33,6tik %41,3ra igo da, eta ez litzateke harrigarria izango urtea amaitzerako gasolinaren kuotaren gainetik geratzea.

Horietako gehien-gehienak hibridoak dira, hau da, errekuntza motor bat ez ezik, motor elektriko batere erabiltzen dutenak autoak motel doazenean. Baina, gutxika bada ere, ugaritzen ari dira motor elektrikoa besterik ez duten autoak. Urtea hasi denetik 1.618 ibilgailu elektriko saldu dira, iaz baino %33,8 gehiago —autobusak, furgonetak eta kamioiak barne—.

Mikrotxip gehiago

Auto salmentaren beherakadaren arrazoietako bat izan da autogileek ezin izan dituztela nahikoa ibilgailu egin, materiala falta zitzaielako, mikrotxip edo semieroaleak batez ere. Asteartean,Volkswagenek iragarri zuen mikrotxipen hornidura hobetzen ari zela eta horri esker urteko bigarren erdian ekoizpena handitzeko moduan izango zela. Eskasia hori arintzen ari dela ikusten da Euskal Herriko fabriketan ere, azken asteotan oso egun gutxi egon baitira geldi mikrotxipak falta zitzaizkielako.

Bi faktorek eragin dute hornidura hobea: ekoizleek produkzioa handitu dute eskari handia ikusita, eta Txinako hiri batzuetan oraintsu arte izan diren konfinamenduek eskaria txikitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.