Teknologiak enpleguan dituen eraginei buruzko beldurrak aspaldikoak dira. XIX. mendeko lehen industria iraultzan, Erresuma Batuan mugimendu luditako kideek fabriketako makinak suntsitu zituzten protesta gisa. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, alarmak entzun ziren berriro, gudu zelaian erabilitako berrikuntza asko industriarako egokitu zirenean. Eta, 1978an, asmakizun berri batek berriro hedatu zuen ikara: mikrotxipak.
Ikusi gehiago:FIKZIOTIK ERREALITATERA
Historikoki, industrian erabili dira teknologia berriak —robotak, adibidez—, mugimendu zehatzak baina errepikakorrak behar diren lanetarako. Oraintsuago, sektoreen zerrenda zabaldu egin da, adimen artifizialaren eztandarekin. Roboten prezioak asko jaitsi dira, eta instalazio kostuak ere murriztu dira koderik gabeko sistema berriekin, zeinek programatzeko orduan ez baitute esperientziarik behar.
Duela urte batzuk, Carl Frey eta Michael Osborne Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileen ikerketa batek hautsak harrotu zituen: iragarri zuten hamar urte barru AEBetan lanpostuen %47 automatizatuta egongo direla, eta adimen artifizialak sortuko dituenak gutxiago izango direla suntsitukoak baino. Berrikiago, OpenAIren azterketa batek ondorioztatu du lanbideen %19ren lanen erdietan eragingo duela adimen artifizialak.
Gisa horretako ikerketa ugari kaleratu dira azkenaldian, baina Eva Rimbau Universitat Oberta de Catalunyako irakasle eta ekonomia digitaleko adituan ustez, oso zaila da aurreikustea zer lanpostutan gertatuko den ordezkapena eta zer neurritan. «Oro har, ez dira lanpostuak automatizatzen, jarduera jakin batzuk baizik. Osasungintzan, adibidez, adimen artifiziala gai izan daiteke tumore bat detektatzeko, baina ezinbestekoa da eta izango da medikuaren alde gizatiarra». Desplazamenduaren ideia azpimarratu du: lanpostua mantentzea, baina beste zeregin batzuetan aritzeko. «Langileek aukera izango dute zeregin garrantzitsuenetan eta atsegingarrienetan arreta jartzeko».
Prekarizazio arriskua
Berdin gerta daiteke beste sektore batzuetan, baina ñabardurekin. Kualifikazio apalagoa duten edo prestigio sozial txikiagoa duten enpleguetan: garbiketa, zaintza, banaketa bulegoetako lanak... Adimen artifizialak zeregin batzuk desagerraraz ditzake, baina praktikan enpresa askok nahiago izaten dute langileak erabili, merkeago zaielako, gaur-gaurkoz behintzat. Hala ere, teknologia berria zabaldu ahala enplegu horien lan baldintzak okerrera egin dezaketela ohartarazi du Rimbauk: lanaldi murriztuak, behin-behinekoak, okerrago ordainduak....Dena den, argi du adimen artifizialaren etorrerak kalteak baino gehiago onurak ekarriko dituela. «Aurreko automatizazio boladen ebidentzia historikoa positiboa izan da, eta horrek iradokitzen du epe luzean behintzat hala izango dela».
Haren ustez, garrantzitsuena ez da automatizazioarekin eta adimen artifizialarekin zer gertatuko den, baizik eta «zer gertatzea nahi dugun», eta ezinbestekotzat jo du horri begirako neurriak hartzea, indibidualak eta kolektiboak. «Datozen aldaketak erraztu eta arrisku potentzialak arinduko dituen ekosistema bat garatu behar da. Zehazki, politikak garatu behar dira adimen artifizialak lehendik dauden desberdintasunak areagotu ez ditzan, generoaren, etniaren eta pertsonen aniztasun sozioekonomikoaren ikuspuntutik».
Ikusi gehiago:Ekosistema propioa, izuak uxatzeko
Adimen artifiziala
Lankide ala etsai
Adimen artifizialaren eztandak ezbaian jarri du lanbide ugariren etorkizuna; aditu batzuek uste dute, dena den, automatizazioak lan baldintzak hobetu ditzakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu