Politika ekonomikoa. Paradigma aldaketa

Derrigortuak

Hainbat agintari pentsaera eta jokamoldeak aldatzera behartuak daudela sentitzen hasi dira. Arrakala sozialek erantzuna daukate hauteskundeetan; pandemiak agerian jarri ditu hainbat herrialde aberatsen gabeziak. Eta, batez ere, hor dago Txinaren itzala.

G-7ko liderrak, hilabete hasieran Kornuallesen egindako bileran. HOLLY ADAMS / EFE.
Irune Lasa.
2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Zenbateraino dira sinesgarriak agintari eta boteredunen hitz arranditsu berriak estatuaren arduraz, berdintasunaz, elkartasunaz, edo etorkizun berdeaz ari direnean? Pandemiak benetan aldatu al du G-7ko liderren pentsaera? Halako batean, konturatu dira hainbat ekonomistek azken urteetan plazaratutako irakurketak zuzenak zirela?

Mendebaldeko herrialde eta lider batzuen diskurtso berritzailea, eta itxurazko jokamolde aldaketa hobeto uler daiteke, beharbada, fokua haien kezka eta beldurretan jarrita. Ekonomia eta (geo)politika, noizbait bereizita egon badira, elkartzen diren puntu horretan.

Askoren ustez joanak dira neoliberalismoaren garai onenak. Merkatu askea, globalizazioa, diziplina fiskala, liberalizazioak... Washingtongo Kontsentsu izenarekin ezagututako errezeta ekonomikoak eta hari lotutako jokaera politikoak jada ez zaizkie baliagarri agintariei, ezta haien bizitza artifizialki luzatu nahian azken urteetan hedatutako lehiakortasun, egiturazko erreforma eta abarrak ere.

Izan ere, arazo handiegia bihurtu dira eredu horren ondorioetako batzuk, hala nola merkatu aske horrek batzuentzat eta besteentzat ekarri duen etekinen banaketa gero eta bidegabeagoa. Teorian garatuak diren herrialdeen barnean sakonduz doazen desberdintasun sozialek erantzunak piztu dituzte; Donald Trump, eskuin muturrak, populismoa... Gillian Tett zutabegileak orain gutxi Financial Times-en esaten zuen moduan, «Mendebaldeko liderrak sarde politikoen [altxaldi populisten] beldur dira gaur egun».

Pandemiak ezinegon horiek areagotu egin ditu. Eta agerian utzi du globalizazioaren eta merkatu askearen beste ondorioetako bat: ekoizpen jakin batzuen kontzentrazio geografikoak zaurgarri egin ditu herrialdeak hornikuntza kate globalekiko. Ikusi da nola kate horiek jausi daitezkeen bat-batean. Lehen uda pandemikoan jada «independentzia ekonomiko handiagoa» aldarrikatu zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, eta bere herrialdearen eta Europaren dependentziak azaleratu. Beste arrazoi indartsu bat pentsamoldeak eta jokaerak aldatzeko.

Herensugearen itzala

Baina gauzak aldatzen hasteko pisuzko beste arrazoi bat ere badago. Ingelesez «elefantea gelan» esaten diote agerikoa den baina inork zuzenean aipatzen ez duen horri. Beharbada, kasu honetan egokiago litzateke «gelako herensugeaz» hitz egitea, Txina dagoelako hor, Mendebaldeko liderren gogoan, haien hitzen eta ekintzen unean.

Ez da soilik konturatu direla Txinan egiten direla txip gehienak, edota zenbait puntako teknologietan Asiako erraldoiak aurre hartu diola Mendebalde delakoari. Tentsioa gero eta agerikoago da Mendebaldeko demokrazien eta Txinaren artean, eta batez ere AEBen eta Txinaren artean, nor gailenduko: AEBen ustez, giza eskubideen urratzailea, autoritarioa eta lehiakide desleiala den Txina; edo Txinaren ustez, erretorika eta moral bikoitza dituen, hainbat akats egin dituen eta gainbeheran dagoen Mendebaldea.

Horretan, Europako Batasuna, oraingoz behintzat, ez dago erabat lerratuta Atlantikorantz. Baina horrek ez du esan nahi ez dagoenik kezkatuta, adibidez, bere lidergo eta eragin ahalmenaren galerarekin. Ez dagoenik kezkatuta herensugearen itzala gero eta handiagoarekin.

Eta nondik dator Txinaren arrakasta? Hein handi batean, arrakasta ekonomikotik, zeinak estatuak bultzatutako, bideratutako eta babestutako industria politikan duen oinarria. Garapen horretarako Txinak erabilitako tresnetako batzuk— egile eskubideen urraketa, atzerriko lehia mugatzea...— pentsaezinak dira Europako Batasunean erabiltzea. Kapitalismo eredu autoritarioa da Txinakoa, Branco Milanovicek definitu duenez. Baina une honetan, ikuspegi ekonomikotik eta geopolitikotik, eztabaidaezina da haren arrakasta. Eta arazo handiak eta erronka handiak dituen beste kapitalismoan, kapitalismo eredu demokratikoan, Txinaren adibideak, ezinbestez, gogoeta egitera behartu ditu ez soilik ekonomistak, baita agintari politikoak ere, industria politikari eta estatuak jokatu behar duen rolari buruz. Derrigorrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.