Koronabirusa

Planak prestatzen

Nissanek 20.000 langile kaleratu nahi lituzke. Frantziak jarduerarik aurreratuenak herriratzeko baldintza jarri dio Renaulti, laguntza truke

Nissanek Bartzelonan duen lantegia itxi nahi omen du, eta jarduera Renaulten lantegi batera aldatu. ALEJANDRO. GARCIA / EFE.
Irune Lasa.
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Ez ziren garai onenak automobilgintzarentzat, koronabirusa iritsi aurretik ere. Auto elektrikoenbooma noiz iritsi zain, ez atzera ez aurrera zegoen merkatua. Batetik, kontsumitzaileen ohitura aldaketen eta zalantzen ondorioz, konbustioko autoen salmentak pattalak ziren. Eta, bestetik, ekoizleak oraindik auto elektrikoen arora igaro ezinik zebiltzan: produkzioak garai berrira oraindik erabat moldatu gabe, karbono isuriak murrizteko zailtasunekin eta auto elektrikoen eredu gutxi batzuk soilik merkaturatuta.

Eta koronabirusa iritsi zen, hornikuntza kateak geldiaraziz. Garairik delikatuenean, gutxieneko inbentarioekin lan egitera ohitutako automobilgintzak kolpea bete-betean jaso du. Sektoreak milaka langile etxean eta lantegiak itxita izan ditu mundu osoan, eta leuntze fasean salmentak amildu egin dira. Itxialdien ondoko krisi ekonomikoarekin, etorkizun hurbilean ezin daiteke espero salmentak askorik igotzerik, gauzak asko aldatzen ez badira.

Hortik datoz konpainia handien berregituraketa asmoak. Japoniako Nissanek datorren maiatzaren 28an ditu aurkeztekoak epe ertainerako bere planak, zeintzuek koronabirusaren eragina aintzat izango duten. Dena den, apirilean Nissanek jada iragarri zuen langileria doituko duela, hots, 2023ra artean berregituraketa egin eta 15.000 bat langile kaleratzeko asmoa zuela. Baina, dirudienez, doikuntza hori handiagoa izango da.

Japoniako Kyodo albiste agentzian argitaratutakoaren arabera, Nissan Motorrek 20.000tik gora langile kaleratuko ditu, horietatik gehienak Europan eta garatzeko bidean dauden merkatuetan. Yokohamako konpainiak ez du informazio hori baieztatu, eta esan du ez dela hasiko «zurrumurruak» gezurtatzen. Zurrumurru horiek diote, adibidez, japoniarrak Bartzelonako (Katalunia) lantegia ixteko asmoa dutela, hango ekoizpena Renault bazkidearen Europako beste lantegiren batera aldatzeko.

Mugimendu horretarako, hala ere, izan daiteke beste arrazoirik, salmenten jaitsierara egokitzeaz gain: estatuen laguntzen truke egin beharreko leku aldaketak.

Orain Europan zabalik dagoenez zailtasunetan dauden enpresei estatu laguntzak emateko aukera, Renault 5.000 milioi euroko mailegu/laguntza ari da negoziatzen Frantziako Gobernuarekin. Eta Bruno Le Maire Frantziako ekonomia ministroak atzo Le Figaro egunkarian egindako elkarrizketan argi esplikatu zituen «iraupena jokoan» duen Renaulti eskatu dizkion baldintzak.

Hiru dira baldintza horiek: auto elektrikoaren aldeko apustua egitea, hornitzaileak «eta jarduera teknologikoki aurreratuenak Frantzian kokatzea». Renaultek ostiralean aurkeztu behar du bere plan estrategiko berria.

Kezka osagai egileen artean

Estatu laguntzetarako baimena eskuetan, herri ekonomikoki indartsuenek dute laguntza handiak emateko gaitasuna. Alemaniak eta Frantziak laguntza horien truke automobil industria etxeratzeko eskatzen badute, arriskua ere badago automobil osagaien ekoizpena ere hara mugitzeko.

Horrekin kezkatuta agertu da, esaterako, Francisco Jose Riberas, Gestamp taldeko presidentea. Haren arabera, «Espainiak automozioaren adiskide den herrialde gisa» azaldu behar luke, eta autoen erosketan lagundu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.