BAKARRIZKETA

Nola? Baina Erresuma Batua ez zegoen EBtik kanpo?

OLIVIER HOSLET / EFE.
jokin sagarzazu
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
1. Berriz ere Gibraltarri buruzko albisteak. Lasai, oraingoan Espainian ez dabiltza betiko matrakarekin. Brusela izan da ahotsa altxatu duena. Europako Batasunak herenegun jakinarazi zuen auzitara joko duela Gibraltarren ezarritako multinazionalei Londresek eman zizkien zerga salbuespen batzuengatik. 2018an, legez kanpokotzat jo zituen Batasunak, eta dirua itzultzera behartu zituen enpresak. Baina Erresuma Batuko bosten bat baino ez du bildu. Bruselak Londresi gogoratu dio EBren parte zenean jaso zuela agindu hori, eta bete egin behar duela.

2. Baina zergatik orain? Bien arteko harremanak asko gaiztotu dira azken asteetan, zenbait analistaren arabera, AstraZenecaren txertoarekin gertatu zenagatik. Aste honetan, EBk beste arau-hauste prozedura bat abiatu du Erresuma Batuaren aurka, eta baliteke horrek ere auzitegietan amaitzea. Aurpegiratu dio brexit-aren Ipar Irlandarako Protokoloa urratzea mugako kontroletan.

3. Joko arauak urte hasieratik zeuden indarrean, ezta? Bai, urtarrilean gauzatu zen dibortzioa, baina graziazko epe bat ezarri zioten elkarri, egoera berrira egokitzeko, eta kontrolak malgutu zituzten, bereziki EBtik Erresuma Batura Ipar Irlandako portuetatik sartzen diren produktu askorentzat, jakientzat nagusiki. Berez, brexit-erako akordioak bi urteko epea ematen zien egoerara egokitzeko, baina Erresuma Batuak ezezkoa eman zion horri.

4. Eta noiz arteko epea zuten? Hurrengo astean amaitzen da, baina Londresek urrira arte luzatu du. Bruselak dio bere kabuz hartu duela erabakia. Johnsonen gobernuak argudiatu du mugako kontrolak hornikuntza arazoak eragiten ari direla bere lurraldeetako supermerkatuetan.

5. Aurretik ere izan dute ika-mikarik gai horrekin, ezta? Bai. Brexit-aren punturik ahulenetako bat da hori. Ipar Irlanda EBren aduana batasunean geratu da, eta unionisten haserrea oso handia da. Irlanda barruko muga gogorra ez itzultzea da protokoloaren xedea, Ostiral Santuko Akordioarekin bat egiteko; baina, aldi berean, erabakiak berekin ekarri du Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean sortzea muga. Aurretik adostu zuten neurria, eta, akordio nagusia negoziatzen ari zirenean, bertan behera utzi zuen Johnsonek, baina, azkenean, atzera egin zuen.

6. Esan duzu AstraZenecarenak harremanak gaiztotu dituela. Zergatik? Aurreko astean beste mehatxu bat egin zion Bruselak Londresi. Ursula von der Leyen batzordeburuak esan zuen EBk ez ziola AstraZenecari baimenik emango Europan produzitutako txertoak Erresuma Batura esportatzeko, han egiten ari direnak ez direlako adostutako kopuruetan heltzen ari kontinentera: 10 milioi dosik zeharkatu dute Mantxako kanala Erresuma Batura bidean, eta dosi bakar batek ere ez kontrako bidean. Irletan oso aurreratua dute txertaketa prozesua, baina erabakiak blokeatu egin dezake, eta oso kezkatuta daude gobernuan. Johnsonek ukatu egin du esportazioak oztopatzen ari dela, baina Batzordeak urtarrilean argitara atera zuen kontratuak agerian utzi zuen AstraZenecak lehentasuna emango ziola Erresuma Batuari.

7. Nork berea defendatu nahi du, baina, aldi berean, elkarren beharra dute. Inork ez zuen esan dibortzioa erraza izango zenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.