Itsasoan arrantzontzi gutxiago dabil azken urteetan, eta, arrantzaren jarduera ekonomikoa garai berrietara egokitzeko, aukera bat dago zabalik akuikulturaren sektorean. Etorkizuneko jarduera ekonomikoa bide horretatik joango dela esan zuen iragan astean Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Amarra muskuiluaren aurkezpenean. Akuikultura erabiliz Bizkaiko itsasoan hazitako lehen muskuilu marka da, eta laster merkaturatuko dute. Bide horrek, epe luzera, itsasontzi eta marinel kopuruaren jaitsiera sarmurtzen lagun dezake.
«Portuetan ontzi gutxiago dabiltza, eta jarduera gutxiago daukate, gainera; horregatik, era honetako proiektuek lanpostuak sortu ditzakete, eta etorkizuna daukatela ikusten da». Txomin Lasarte Matxitxako Moluskoak proiektuaren kudeatzailea da, Amarrak muskuilua merkaturatuko duen enpresa publiko-pribatuarena. Azti, Lekeitio eta Ondarroako kofradiak, Gipuzkoako kofradien federazioa eta Arrankoba eta Itsaskorda enpresak daude egitasmo horren atzean. Izan ere, Mendexako (Bizkaia) kostan muskuilua ekoizten hastekoak badira, aurretik ikerketa lan handia egin delako izan da.
Duela zortzi urte hasi zen Azti muskuiluak hazteko aukera lantzen, eta, posible zela ikusi zuenean, proiektua bideratzeko aukera zabaldu zuen. «Itsas zabalean muskuiluak hazten ditugun moduan ez dut uste munduan inork ekoizten dituenik». Berritzailea da proiektua horregatik, Lasarteren hitzetan.
Hiru aste inguru barru iritsiko dira euskal kostaldean ekoitzitako lehen muskuiluak arrandegietara eta jatetxeetara. «100 tonako ekoizpenarekin hasiko gara, eta epe motzean 500-600 tona ingurura iritsi gaitezkeela aurreikusten dugu». Zortzi urte barru 1.000 tona ingurura iritsiko dira, eta datorren urtean ostrak ere hazten eta merkaturatzen hastea espero du. Arrantzaren dibertsifikazio horren lekuko izan daiteke, beraz, Matxitxako Moluskoak egitasmoa.
Aukerak eta zailtasunak
Etorkizunerako ildo hori garrantzitsua dela aitortu arren, Leandro Azkue Jaurlaritzako Arrantza zuzendariaren arabera, zaila da halako proiektuak aurrera ateratzea, «gihar finantzario handia» eskatzen duelako; inbertsio handiak egin behar direlako halako egitasmo bat aurrera ateratzeko, eta, azaldu duenez, irabaziak urte askoren buruan iristen direlako. Horrela ulertu behar da, beraz, muskuiluak ekoizteko proiektuan hainbeste enpresa eta ikerketa zentrok bat egin izana. Urkulluk etorkizuneko bidea izango dela esana badu ere, Azkuek gaineratu du zailtasun handiak daudela euskal kostaldean arrainen akuikultura ekoizpena errotzeko.
Akuikultura, arrantzaren aukera etorkizunerako
Kantauri itsasoan hazitako lehen muskuilua aurkeztu dute. Adituek diote geroa akuikulturan dagoela, baina ekoizpen kostuak zalantzak sortzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu