Nahikari: «Erabatekoa da nire konpromisoa»

Onartu du «beste leku batean hazteko ilusioa» zuela. Eskertuta azaldu da taldekideekin, pozik da berriz futbolari sentitzeagatik lesioaren ostean

Nahikari gol bat ospatzen, aurreko sasoian Espanyolen aurka jokatutako lehian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Hilabeteak ziren Nahikari Garcia Realeko jokalariak hedabideen aurrean hitz egiten ez zuela. Bada, aurrelari txuri-urdinak elkarrizketa eskaini zuen atzo klubaren hedabideetan, eta argi mintzatu zen. «Uda zaila izan zen niretzat, nire ingurukoentzat eta taldearentzat». Aurrelariak orduan jakinarazi zion Realari ez zuela taldean jarraitu nahi, beste urtebeteko kontratua izan arren. Klubak atea itxi zion aukera horri: joan nahi bazuen, etete klausula ordaindu beharko zuen.

Atzera egin zuen gertatutakoa azaltzeko Nahikarik. «Urte hasieran zenbait aukera aztertu nituen. Beste leku batean hazteko ilusioa nuen», onartu zuen. Baina aipatu bezala, klubak ez zuen nahi hori. «Arrazoi askorengatik, azkenean erabaki zen dudan urtebeteko kontratua bete behar dudala».Egoera barneratzeko «denbora bat» behar izan zuela azaldu zuen. «Orain askoz lasaiago nago».

Eskertuta mintzatu zen taldekideekin. «Erakutsi didate pertsona beste ezeren gainetik dagoela. Hasieratik argi utzi nien ontzi berean gauden bitartean norabide berean egingo dugula arraun». Aurrelariak argi utzi zuen. «Nire konpromisoa erabatekoa da, inork ez dezala zalantzarik egin. Dena emango dut klubak hazten segitzeko, eta helburuak bete ditzagun. Asmo handiak daude egiten ari garenaren atzean, eta taldea goiko postuetan sendotzea nahiko nuke».

Hilabete luzez egon da orkatilan min hartuta, eta litekeena da hurrengo jardunaldian bueltatzea jokatzera. «Asko behartu nuen orkatila aurreko sasoian, min handiarekin jokatu nuen. Baina jada taldearekin nago, eta berriro ere futbolari sentitzen ari naiz. Oso pozik nago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.