ana galarraga aiestaran
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Maskarak erabiltzeko jarraibide argiak

2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Joan den astean gogorarazi zuen Andoni Egaña Makazagak Etxepekoak izeneko zutabean: «Joandako martxo-apiriletan garrantzi handiagoa ematen genion ukimenari arnasketari baino. Eskunarruak ziren derrigorrezko, ez musukoak. Hatza zen giltzarri, ez hatsa».

Dena dela, orduan ezarritako garbiketa —eta desinfekzio— protokoloek indarrean jarraitzen dute leku gehienetan, eta oraindik ere objektuak partekatzeko debekuak eta eragozpenak daude liburutegietan, eskoletan eta kirol-guneetan, besteak beste.

Bada, Nature aldizkarian duela gutxi argitaratutako artikulu baten arabera, neurri horiek gehiegizkoak dira, egoera arruntean. Laborategian egindako ikerketek birusek gainazaletan luze iraun zezaketela erakutsi bazuten ere, errealitatean frogatu dute arnasbideetatik igortzen diren tantaxkak eta aerosolak inhalatzean transmititzen dela birusa, eta ez dute ebidentziarik aurkitu inor infektatu denik kutsatutako gainazal edo objektu bat ukitzeagatik. Horrenbestez, arreta, ahaleginak eta baliabideak aerosolen bidezko transmisioa eragozten jartzeko gomendatu du aldizkariak, eta ez horrenbeste desinfekzioan.

Maskara janztea, aire librean edo ondo aireztatutako lekuetan egotea, eta jende-pilaketak saihestea dira, beraz, neurri eraginkorrenak. Maskarei buruz, hala ere, beti dago galderaren bat airean. Dagoeneko, zientzialariek argi frogatu dute gai direla, ez bakarrik besteak babesteko norbera infektatuta egonez gero; baita norbera babesteko ere. Orain, eztabaida da zein maskara erabili edo zenbat.

Izan ere, AEBetako Gaixotasunen Kontrol eta Prebentziorako zentroak (CDC) maskarei buruzko jarraibideak berritu ditu, eta, maskara kirurgikoaren gainetik, oihalezko bat janzteko gomendatu du. Hala, onena bi maskara janztea dela zabaldu da. Adituek ohartarazi dute, ordea, garrantzitsuena ez dela zenbat maskara jantzi, baizik eta ondo janztea, zirrikiturik utzi gabe. Berez, CDCk ere arrazoi hori eman du bigarren maskara gomendatzeko: kirurgikoak aurpegira egokitzen lagunduko luke. Horrez gain, oihalezko maskarak ere aproposak direla adierazi du, betiere geruzen tartean iragazkia badute.

Aldi berean, Europako lurralde batzuetan, FFP2-motako maskarak gomendatu edo derrigortu dituzte leku jakinetan (garraio publikoa, supermerkatuak...). Horren aurrean, adituek azaldu dute maskara horiek bereziki profesionalentzat direla egokiak, hala nola ospitaleetako langileak, adinekoen zaintzaileak edo jendaurrean zerbitzuak eskaintzen dituztenak. Baina, kutsatzeko arrisku handirik ez dutenentzat, ez omen dira beharrezkoak; are gehiago: besteak baino zurrunagoak direnez, sarritan, aurpegira ez direla ondo egokitzen.

Arrazoibide horrek gogora ekartzen ditu joan den udaberrian maskarak ez erabiltzeko zenbait adituk ematen zituzten azalpenak: segurtasun-sentsazio faltsua ematen zutela; oker erabiltzea ezer ez eramatea baino arriskutsuagoa zela...

Argi dago, ordea, jende asko biltzen den leku itxi eta gaizki aireztatuetan, maskara funtsezkoa dela, eta, beraz, zenbat eta babes handiagoa eskaini, hobeto. Eta onenak FFP2ak dira. Horrek ez du esan nahi beharrezkoak direnik egoera guztietan: aire librean eta bakarrik egonez gero, ez da behar ez FFP2rik ez besterik. Baina, zuhurtzia-printzipioari jarraituta, espazio txiki eta jendetsuetan, FFP2 motakoak agian ez dira gehiegizkoak.

Maskarek eragozpen handiak sortzen dituzte. Ez da erraza ondo egokitzea, maiz garbitu edo aldatu behar dira, erabilera bakarrekoek eragin nabarmena dute ingurumenean, larruazala narritatu eta betaurrekoak lurruntzen dituzte, eta, batez ere, komunikazioa oztopatzen dute. Baina, aireztapenarekin eta elkarren arteko distantziarekin batera, birusaren transmisioa eragozteko bitarteko nagusia dira.

Hasierako galderek jada erantzuna badutenez, komenigarria litzateke jarrabide argiak ematea herritarrei, eta denentzat eskuragarriak direla bermatzea. Txertaketaren bidez immunitatea lortu arte, haiek izango baitira gure babes nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.