Jardun betean da Algecirasko portua (Andaluzia, Espainia) egunotan. Europa osotik iristen ari dira milaka magrebtar, oporrak jaioterrian igarotzeko bidean, bi kontinenteen arteko itsasartea zeharkatzeko ferrya hartzera. «Espainiako portu garrantzitsuena da hau», zehaztu du Andres de la Peña APDHA giza eskubideen aldeko taldeko kideak. «Marokoarrak sartzeko portu nagusia izan da beti. Ohituta gaude joan-etorri horietara: igarobidea da». Hirian, nabari da Maroko gertu dagoela: arabiera ageri da hainbat tabernatan eta dendatan. «Beste leku askotan 1990eko urteetatik aurrera agertu dira marokoarrak, baina hemen beti egon dira. Ez gaitu harritzen», azaldu du Jose Villahoz abokatu eta Algeciras Acoge elkarteko presidenteak. «Baina horrek ez du esan nahi hemen xenofobiarik ez dagoela».
Espainia hegoaldera iristen den migrazioarekin lotutako fenomeno ugariren sintesia da Algeciras. Iazko krisia handiena izan zen lekuetako bat da: portuan, kiroldegian eta polizia etxean artatu zituzten milaka etorkin. Madrilek migratzaileen harreran eginiko aldaketen eredu ere bada Algeciras: Espainiako Poliziaren zentro berrietako bat jarri dute, eta Andaluziako CIE atzerritarrentzako zentro itxi bakarra ere han dago. De la Peñaren arabera, migrazioaren «tragediaren» adierazle da Algeciras: «Pertsona horiek bizia jarri dute jokoan migrazio prozesuan, Marokon eta itsasartea gurutzatzean, eta giltzapetzea da hemen egiten dieten harrera».
Zer gertatzen da etorkinekin lehorrean? Gurutze Gorriak artatzen ditu lehenik, Cadizko bozeramaile Miguel Domingok azaldu duenez: «Erreskate bat dagoenean edo patera bat hondartzara heltzean, giza laguntza ematen dugu: jatekoa eta edatekoa, osasun arreta, eta bitartekaritza, egoera zaurgarrietan dauden pertsonak atzemateko». Osasunez «ondo» iristen dira, oro har. «Baina uretan ordu asko igaro izanaren ondorioak dauzkate: hipotermia, zorabioak, giharretako mina... Sarritan, erredurak ere bai, eguzkiagatik edo gasolinak ur gaziarekin egiten duen efektuagatik».
Iritsiera horien berri ez dute izaten gizarte eragileek. Migrazioa ezkutatzeko joera gaitzetsi du De la Peñak: «Itzaltze informatibo bat izan da. Eta hirian ere ikusezinak dira etorkinak: autobusetan eramaten dituzte portutik Poliziaren egoitzara». Villahozek gogora ekarri du Espainiako Poliziak duela haiek identifikatzeko eskumena: «Ez dituzte ikusten pertsona salbatuak, baizik eta dokumentaziorik gabeak. Eta hor sartzen da atzerritarren legea».
«Inprobisazioa»
Hor sortu zen inbutua iaz: Polizia ez zen gai etorkin guztiak hartzeko eta identifikatzeko. «Inprobisazio erabatekoa» salatu du De la Peñak: «Iragarria zegoen askoz jende gehiago iritsiko zela, baina ez zuten ezer prestatu». Polizia etxeetan lekurik ez, eta kiroldegietara eraman behar izan zituzten. Kolapsoa geratzeko, beste baliabide bat jarri zuen Barne Ministerioak udazkenean: CATEak, atzerritarrak artatzeko aldi baterako zentroak. Algeciras alboan jarri zuten bat, San Roque herrian, utzitako bi pabiloitan. Gobernuak ez du azaldu zein den CATEen funtzioa, baina De la Peñak laburbildu du polizia azpiegiturak direla: «Kalabozoen hedapena».
Gehienez 72 ordu egin ditzakete horietan etorkinek, identifikatuak izan bitartean: hatz markak hartu, eta argazkiak ateratzen dizkiete. Ofiziozko abokatu baten aholkularitza izaten dute, eta asiloa eskatzeko eskubidea dutela jakinarazi behar zaie. Villahozen hitzetan, ordea, CATEetako baldintzak ez dira egokienak: «Itsasartea igaro ostean, tentsioarekin eta nekearekin, gehienek ez dute lasaitasun fisiko eta mentalik zer gertatu zaien kontatzeko. Gutxiago polizien aurrean». Gizarte erakunde batzuk sar daitezke zentrootara, baina mugatuta daude: «Etorkin asko daudenean, ez dute denekin hitz egiteko astirik. Horregatik ari gara eskatzen besteoi ere sartzen uzteko». Dena den, lehen harrera hori beste modu batera egitearen aldekoa da Algeciras Acoge: «Diziplina askotako taldeek egin behar lukete: psikologoak, hezitzaileak, bitartekariak... Helburua ez litzateke izan behar atzerritarren legea betetzea soilik».
Horrek baldintzatzen baitu hurrengo urratsa: asiloa eskatzeko moduan daudenak eta arrazoi humanitarioengatik babesa jaso dezaketenak aterpetxeetara edo harrera etxeetara bideratzen dituzte. Gainerakoei bi aukera geratzen zaizkie: aske uztea, egoera irregularrean; ala jaioterrira itzultzeko agindu bat ematea eta, hori betearazteko, CIE batera eramatea, hau da, askatasuna kentzea.
Magrebtarrak, baztertuago
Eta zer irizpideren arabera ebazten dute poliziek bat edo beste? Villahozen arabera, jatorriarekin lotuta dago maiz: «Magrebtarrak itzultzea errazagoa da, batez ere marokoarrak: ferryan sartzea da. Gainera, Espainiak eta Marokok itun bat daukate hori azkartzeko; beraz, horiek CIEetara eramaten dituzte. Saharaz hegoaldekoak, ordea, hegazkinez itzularazten dituzte Madrildik edo Bartzelonatik; zailagoa denez, aske uzten dituzte».
Mugak Zabalduz karabanaren jopuntu izan ziren CIEak joan den astean; besteak beste, «migratzaileak kriminalizatzea dakartelako». Protestak egin zituzten Algecirasko CIEaren bi egoitzetan: hirian bertan dago nagusia, kartzela zaharrean, eta Tarifan menpekoa, Las Palomas irlan. «Mapan begiratuta, kanpotarrak atxikitzeko zentroa da Europako lehen puntua. Sinbolikoki latza da», zehaztu du Villahozek. Zentrootara sartutako guztiak ez dituzte itzultzen: gehienez 60 egunez egon daitezke itxita. «Batzuetan hor izaten dituzte epea amaitu arte, nahiz eta ia hasieratik jakin ezin izango dituztela bidali. Hori zigor bat da».
Eta, azkenean, batzuk kalean geratzen dira. «Kasu askotan, euren migrazio prozesuarekin jarraitzen dute», adierazi du Gurutze Gorriko ordezkariak. Iaz, hain justu, harridura eragin zuten Bilbora, Donostiara eta Irunera autobusez iritsitako taldeek; Gurutze Gorriak bidali zituela berretsi du: «Aspalditik egiten da hori. Bidaiarekin segitu nahi dutenei garraioa errazten zaie, duintasunez eta segurtasunez jarrai dezaten».
UDAKO SERIEA. Mediterraneoko mugan (II). Lehorreko harrera.
Atxikitzeko modu berriak
Espainiako Polizia arduratzen da itsasartea gurutzatzen duten migratzaileak identifikatzeaz. Asiloa eskatzeko moduan ez daudenak jaioterrira itzultzeko arriskuan geratzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu