Koronabirusa

Eskubide bera; baldintzak, ez

Irune Lasa.
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Espainiako bizitzeko gutxieneko sarrerak eta Hego Euskal Herriko gobernuek ematen dituzten antzeko laguntzek helburua bera dute, baina onuradunek egin beharrekoari buruz, baldintzak eta mugak desberdinak dira. Hona hemen alde nagusiak.

Zein dira laguntzak jasotzeko baldintzak?

Espainiako Gobernuaren kontura joango den bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzeko, 23 urte baino gehiago izan behar da —18 urtetik gora, adin txikikoren baten ardura izanez gero— eta 65 urte baino gutxiago; nahikoa da urtebetez herrialdean bizi izana; eta onuradunaren ondareak ezin ditu 16.000 euroak gainditu pertsonako (ohiko etxebizitza salbuetsita).

Bizikidetza unitateak bermatuta izan behar duen gutxienekoa 461 eurokoa izango da pertsona bakarraren kasuan, eta kopurua 139 euro handituko da pertsona bakoitzeko, 100 euroko gehigarri batekin guraso bakarreko familietan. Gehienera etxe batek 1.015 euro jaso ahalko ditu.

Lanbideren DSBEa jasotzeko, 23 urte baino gehiago izan behar da ere, baina herrialdean gutxienez hiru urtez bizi izan behar da, eta, beraz, alde horretatik, murriztaileagoa da beste laguntza baino. Aldiz, gehieneko ondarearekin eskuzabalagoa da DSBEa, muga pertsonako 30.000 eurotan jartzen baitu (ohiko etxebizitza salbuetsita).

Nafarroako errenta bermaturako gutxieneko adina 18 urte dira. 24 urtera arte, berriz, aurreko bi urteetan modu independentean bizi izana eskatzen da. Onuradun izateko, beharrezkoa da ere gutxienez aurreko bi urteetan bizileku Nafarroa izatea.

Nork jaso dezake laguntza berria?

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gerta daiteke pertsona batzuek eskubidea izatea bizitzeko gutxieneko errenta hori jasotzeko, eta, aldiz, DSBEa jasotzeko eskubiderik ez izatea —eta orain arte hura jaso ez izana—. Bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzeko modua izan dezaketela uste duten pertsonek ekainaren 15etik aurrera Lanbidera jo ahal izango dute, laguntzaren eskaera egiteko. Espainiako Gobernuak azaldu du irailaren 15era artean aurkeztutako eskaerek atzerako eragina izango dutela, eta ekainaren 1etik aurrerakoa kobratuko dute.

Espainiako Gizarte Segurantzak hasiera batean, jende ahalik eta gehienari ahalik eta azkarren laguntzeko, bizitzeko gutxieneko diru sarrera ordainduko die gaur egun seme-alabengatiko diru saria jasotzen duten herritarrei, nolabaiteko translazio automatiko bat eginez. Lanbidek ere horrelako kalkulu bat egingo du.

Bitartean, gaur egun diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenek ez dute aparteko tramiterik egin beharko. Lanbidek berak bere datuak erkatuko ditu Gizarte Segurantzatik jasotako datuekin eta egingo ditu kalkuluak ikusteko baterako zein besterako eskubidea duen eta zenbat jasoko duen batetik zein bestetik. Ia kasu guztietan handiagoa da DSBEak bermatzen duen kopurua, eta, orain, bizitzeko gutxienekoaren oinarria kopuru horretaraino osatzera joango da DSBEa. Transferentzia gauzatu arte, hori bai, onuradunak bi nomina izango ditu, bat Lanbiderena eta bestea Espainiako Gizarte Segurantzarena.

Laguntza berririkez dutenek?

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nomina bakarra izaten jarraituko dutenak soilik DSBEa jasoko duten pertsonak izango dira, hots, bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzeko eskubiderik ez duten pentsiodunak eta legezko bizileku baimenik ez duten etorkinak. Lanbideren aurreikuspenen arabera, 20.000 lagun izango dira horiek.

Nafarroan ere izango da soilik errenta bermatua jasoko duenik; adibidez, foru gobernuaren laguntzak ez duelako gehieneko 65 urteko muga ezartzen. Errenta bermatua jasotzeko baldintzak bete eta kotizazio gabeko erretiro pentsioa jasotzen dutenek zerga kenkari bat izaten dute, hilabetez hilabete gauzatzen dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.