Kamerungo bigarren hezkuntzako eskola batean 81 lagun bahitu zituzten igandetik astelehenerako gauean, 79 ikasle eta bi irakasle. Nkwen komunitatean izan zen bahiketa, Bamendan. Kamerungo ipar-mendebaldeko eskualde horretan ingeles hiztunak gehiengo dira, eta, antza, eskualdearen independentzia aldarrikatzen duten talde armatuak izan dira bahiketaren erantzuleak. Deben Tchoffo gobernadoreak zehaztu du bideo bat zabaldu dutela sarean, bahitutako haurrak euren gurasoen izenak esaten.
Kamerun Erresuma Batuko eta Frantziako kolonia izan zen 1960. urtera arte. Orduan estatu federal bat osatu zen, 1972an, erreferendum bidez, batu zen arte. Kamerunen ingelesa eta frantsesa dira ofizialak, bertako beste 250 hizkuntzekin batera, baina ingeles hiztunak alor guztietan baztertuta daude, bereziki nagusi diren bi eskualdeetan: Northwesten eta Southwesten. Kamerungo 24 milioi biztanleetatik %20 dira ingeles hiztunak.
Azken urteetan egoerak okerrera egin du. 2016an manifestazioak eta grebak egiteari ekin zieten independentistek, euren aldarrikapenak entzunarazteko, eta gobernuaren erantzuna errepresioa izan zen. 2017ko urtarrilean buruzagi ugari atxilotu zituzten, eta horren ostean sortu zen independentzia borroka armatuaren bidez aldarrikatzen duen mugimendua. 2017ko urriaren 1ean independentzia aldarrikatu zuten: Ambazoniako estatua. Egoera are gehiago gaiztotu da orduz geroztik. Hainbat gobernuz kanpoko erakunderen arabera, 3.000 zibil hil dira talde armatuen eta armadaren arteko borroken ondorioz. Amnesty Internationalentzat, 400 dira hildako zibilak.
Hauteskundeak
Paul Biya presidenteak, berriz, gaur hartuko du presidente kargua urriaren 7ko bozetan nagusitu ostean. Biya 1982tik dago agintean, eta iruzur egiteaz akusatu dute. Atzo, Maurice Kamto oposizioko hautagaiaren 38 jarraitzaile atxilotu zituzten Yaunden.
Kamerun ipar-mendebaldeko eskola batean 81 ikasle bahitu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu