Lehortea Nafarroan. Nekazaritza

Erribera ihartzen ari da

Egoera «kritikoa» dela diote nekazariek, «amorragarria». Etsipenez begiratzen dituzte eguraldi iragarpenak, eta dauden euri aurreikuspen urriak zapuztu egiten dira eguna gerturatu ahala.

Idorreko lurlaneko eta eremu ureztatuko garagarraren arteko ezberdintasuna. OLATZ ARTOLA / BERRIA.
inaut matauko rada
Tutera
2023ko apirilaren 25a
00:00
Entzun

Bardean kudeatzen ditudan lurretara hilabete inguru daramat joan gabe, ez baitut horretarako gogorik ere. Duela hilabete nahiko kaxkar zeuden, eta ordutik ez du euririk egin». Hala azaldu du Erriberako lehortearen egoera Alberto Alfaro Cascanteko nekazariak. Bardean eta Cascanten bertan hainbat lursail ditu Alfarok, familiarengandik jasoak. Ia egunero begiratzen du eguraldiaren iragarpena, euria egingo duen itxaropenarekin, baina azarotik hona ia euririk egin ez duela dio. Ureztatze sistemarik ez duen lurretan galdutzat ematen du aurtengo uzta: «Hemen ekainaren erdian hasi ohi gara uzta jasotzen, baina aurten ziurrenik ezin izango da jaso ere egin. Landarearen altuera ez da nahikoa izango uzta makinek jaso ahal izateko».

 

Ezberdintasun handia dago Alfaroren idorreko gari soroaren eta Victor Martinezen ureztatutako ilar zelaiaren artean. Baxua eta dentsitate txikikoa bata, eta berdea eta zulorik gabekoa bestea. Martinezek, beste bost bazkiderekin batera, ia 800 hektarea lur ditu Tutera inguruan, eta ureztatze sistemak dituztenetan uzta jaso ahal izango du. Halere, zelai horiek hornitzen dituzten urtegiak ohiko mailatik behera daude, eta horrek urteko bigarren uzta, uda hasieran landatzen dena, kinka larrian jartzen du.

Ikusi gehiago: Datozen egunetan euri gehiago egiten ez badu, Iruñerriko zereal uztak kolokan geratuko dira; Erriberako batzuk galdutzat eman dituzte jada

Cascanteko zelaietan, esaterako, Moncayo mendikateko ura jasotzen duen Val urtegia dute iturri. Eguraldi iragarpenaz gain, urtegien betetze maila ere begiratu ohi du Alfarok. Haren esanetan, Val %90 beteta egon ohi da apirilean, baina joan den ostegunean %50 zegoen beteta. Tuteran, berriz, Ebroko urtegiari esker ureztatzen dute, eta edukieraren %40 dago soilik betea. Azken hamar urteetan, batez beste, %83 beteta egon da urtegia garai honetan. Urtegien maila horiek eta euri aurreikuspen txarrak ikusita, ura goiz amaituko dela uste dute: «Ebroko Konfederazio Hidrografikoarekin izan genuen azken bileran esan ziguten ura uztailaren 31 eta abuztuaren 15 bitartean amaituko dela», adierazi du Martinezek.

Ura goiz amaituko denez, Martinezentzat ez du merezi ere egingo barazkiak landatzeak, arriskua «gehiegizkoa» izango delako. Urteko bigarren uztan brokolia, azalorea, porrua, orburuak eta arto gozoa landatu ohi dituzte gehienbat, baina aurten ez da posible izango. Tuterari gogor eragingo diola uste du, barazkigintza oso garrantzitsua baita bertan.

Lehortea eta beroa

Ezohiko prezipitazio urriei beroa elkartu zaie aurten. Tenperaturak ohikoak baino beroagoak izan direla adierazi du Alfarok, eta horrek ilarren eta zerealen heztean duen eragina azaldu du: «Bero handia egiten badu, lekak ez dira hain ondo hazten, eta galburuaren azken aleak ez dira osatzen edo txiki geratzen dira. Asko ureztatu dezakezu, baina bero handiegia egiten badu, landareak estresa izango du eta aleak ez dira guztiz osatuko. Zerealarekin berdin gertatzen da».

Alfarok azaldutakoa garbi ikus daiteke bere gari soroan. Landareek nekez gainditzen dute nekazariaren bota, eta berriro errepikatu du uzta makinek ezingo dutela zereala jaso.

Martinezen ilar zelaiaren alboan, garagar soro bat dago. Landarea oso baxu dago, idorreko lurlanean baitago landatuta, eta ureztatutako eremu bateko garagar landare batzuk eraman ditu konparazioa egiteko. Alde handia dago bata bestearen artean: 80 zentimetro inguru garai dira ureztatutakoak, eta berde-berde daude oraindik; idorrekoak, baina, ez dira hogei zentimetrora iristen, eta lehortzen hasiak dira jada. Soroari begiratuta, Martinezek dio ezingo litzatekeela uzta jaso «ur bedeinkatua erorita ere»: «Politika handizaleagoak izan behar ditugu. Urarekin dugun arazo hau uste baino gehiago luzatuko da, klima aldaketagatik; gainera etortzen ari zaigu».

Elikadura katean eragina

Martinezek eta haren bost bazkideek garagar asko dute landatuta, eta garagardozaleei «abisua» egin nahi izan die: «Posible da garagarraren prezioa igotzea eta, beraz, garagardoarena ere». Izan ere, uzta txarrek elikaduraren katean eragina izango dutela aurreikusten du: «Pentsatzekoa da kontua zail jarriko dela. Oinarrizko elikagaien hornikuntzan arazoak egongo dira, baina arazoa ez da giza elikadurarako gaietan egongo bakarrik, baita abereen jakietan ere». Hala, hainbat elikagairen prezioek etengabe gora egingo dutela dio, haragiarenak esaterako.

Uzta jaso ezina gutxi balitz bezala, neguan egin behar izandako inbertsio handiek ia ezinezko egiten dute kanpaina ekonomikoki errentagarria izatea. Alfarok «inbertsio handia» egin zuen azaroan hazietan eta ongarrian, baina ia dena ezerezean geratuko da, jasoko duten zereal urria espero baino merkeago saldu beharko dutelako, behera egin baitu gariaren prezioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.