Milaka langile publiko, milaka lanposturengatik lehian. Irudi hori maiz errepikatuko da datozen hilabeteetan. Administrazioek, Iceta legea deiturikoa betetzeko, 2024. urtera arteko epea dute behin-behinekoekin betetako lanpostuak egonkortzeko. Hasiak dira oposizioak iragartzen, baina nekez helduko dira lanpostu guztiak eskaintzera. Hego Euskal Herriko administrazioetan hamar langiletik lau daude behin-behinean —Europako tasarik handiena—. Dekretuak hori amaitzea du xede, Bruselak behartuta. Ez dira ohiko oposizioak izango, deialdi bereziak izango dira: oposizio malguak. Kasu batzuetan esperientzia edo merezimendua soilik hartuko da kontuan, eta beste batzuetan azterketak egingo dira, baina ez oposizio arruntetakoak bezalakoak.
Noiz egingo dira enplegu publikorako deialdi bereziak?
Administrazioek hil amaiera arteko epea dute gaur egun behin-behinekoek betetzen dituzten zenbat lanpostu eskainiko dituzten zehazteko. Horietako zein eta probetara aurkezteko oinarriak urtea amaitu baino lehen aurkeztu behar dituzte. Hautaketa prozesuak 2024ko abenduaren 31 baino lehen amaitu behar dituzte.
Halako deialdi gehiago egingo dira?
Ez. Legeak dio salbuespenezko egoera dela, eta hautaketa prozedura mota hau behin bakarrik baimenduko dela.
Administrazio guztiek egin behar dituzte?
Bai. Maila guztietan aplikatu behar da (erkidegoetan, foru administrazioetan, udaletan...); baita enpresa, fundazio eta partzuergo publiko guztietan ere.
Zein kasutan baloratuko da esperientzia soilik?
Azken bost urteetan, hau da, 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen, etenik gabe behin-behinekoek betetako lanpostuetarako lehiaketetan. Kasu horretan, azterketarik gabekoa izango da, eta hautagaien esperientzia eta merezimenduak baino ez dira baloratuko. Dagokion administrazioak ezarriko du zein eta nola. Legeak gomendio batzuk ematen ditu, baina administrazio bakoitzak autonomia du oinarriak zehazteko. Lanpostu bakoitzerako zein irizpide ezarriko den adosteko eskatu dute sindikatuek.?
Zein kasuetan egingo da azterketa?
Hiru eta bost urte bitartean behin-behinekoekin betetako lanpostuetako oposizioetan. Kasu horretan azterketa egingo da, bainaesperientziak oposizio libreetan baino pisu handiagoa izango du: %60koa, eta azterketak %40koa. Azterketaren kasuan, gainera, ariketak baztertzaileak ez izateko aukera egongo da. Hau da, hautagaiak proba bat gainditzen ez badu, hurrengoetara aurkeztu ahal izango da, eta amaierako nota orokor bat egongo da. Administrazio bakoitzak gai zerrendak eta probak bere interesen arabera egokitu ahal izango ditu.
Nor aurkez daiteke oposizio berezietara?
Oinarrietan agertzen diren baldintzak betetzen dituen edozein pertsona. Prozesu horiek ez dira behin-behinekoak finko bihurtzeko, lanpostuak egonkortzeko baizik. Esperientzia gako izango denez, gerta liteke beste administrazio bateko antzeko lanpostuetan aritutakoek ere parte hartzeko aukera izatea, eta antzinatasun handiagoa izatea postu horiek betetzen zituzten pertsonak baino.
Zenbat lanpostu eskainiko dituzte
10.500 inguru iragarri dituzte, eta espero da hurrengo asteetan gehiagoren berri ematea. Eusko Jaurlaritzak honako hauek jakinarazi ditu: 3.407 hezkuntzan (2.697 merituen bidez eta 710 azterketen bidez), 3.723 Osakidetzan (1.557 eta 1.166, hurrenez hurren) eta 1.884 administrazio orokorrean (1.884 eta 1.219). Nafarroako Gobernuak, berriz, honako hauek iragarri ditu: 1.823 Osasunbidean (1.659 merezimenduen bidez eta 164 azterketa bidez), 499 administrazioan (379 eta 131) eta 169 hezkuntzan (148 eta 21). Udalek eta foru administrazioek ere jakinarazi beharko dute zenbat lanpostu finkatu nahi dituzten.
Behin-behineko guztienak al dira?
Ez. Sindikatuek arabera, Jaurlaritzan 45.000 behin-behineko daude, eta Nafarroako Gobernuan 15.000 inguru. Hortaz, oposizio berezien bidez lanpostu horien %20 ere ez lirateke finkatutako; beste guztiek behin-behinean jarraituko lukete. Egoera horretan hezkuntzan eta osasun arloan daude gehien. Eta udaletan 12.000 inguru daude. ELA eta LABen iritzian, lanpostu guztiak eskaini beharko lirateke. ELAk, besteak beste, galdegin du nagusiki antzinatasuna kontuan hartzea, baina uste du jarraian postu berean egindako denbora baino bidezkoagoa dela administrazioan egindako guztia baloratzea; bereziki, txandakatze handiagoa izaten den arloetan, hezkuntzan eta osasunean.
Behin-behinekoak desagertuko al dira?
Ez. Izan ere, oposizio hauetan eskaintzen ez dituzten lanpostuetan behin-behinekoek jarraituko dute. Legeak gehiegizko behin-behinekotasunaren zati bat konpondu nahi du, baina ez guztia eta ezta hemendik aurrera sor daitekeena ere. Gainera, aldi baterako beste kontratu batzuk ere badaude administrazioan: bereziki, azpikontratatutako langileenak: ELAren arabera, 110.000 inguru.
Mugatzen al dabehin-behinekotasuna?
Neurri batean bai: gehieneko iraupena 3 urtekoa izango da. Lehiaketara ateratzen bada eta hutsik geratzen bada, behin-behineko batek betetzen jarraitu ahal izango du. Kontratu mota hori egin ahal izango da, halaber, titularrak aldi baterako ordezkatzeko, aldi baterako programak gauzatzeko —gehienez ere 3 urteko iraupenarekin, eta beste 12 hilabeteko luzapenarekin—, eta lan pilaketengatik —gehienez 9 hilabete, 18 hilabeteko epean—.
Zer gertatuko da lanpostua galtzen dutenekin?
Kalte ordaina izango dute: lan egindako urte bakoitzeko 20 egunekoa, gehienez ere hamabi hilabetez. Jasotzeko, langileek oposiziora aurkeztu beharko dute. Halaber, prozesua gainditu ez baina deialdiak nahikotzat jotzen duen puntuazioa lortu badute behin-behinekoentzat berariaz sortutako lan poltsetan sartuko dira. Jarraitzen dutenek eta aurrerantzean sartzen direnek, amaitzean ez dute kalte ordainik jasoko, orain arte bezala.
Zer gertatuko da euskara eskakizunik ez duten lanpostuekin?
Ikusteko dago lehiaketara aterako dituzten, eta egungo mailarekin egingo duten ala aldatuta. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurreratu duenez, egoera horretan dauden ehun irakasle ingururen lanpostuak ez ditu lehiaketara aterako, eta erretiroa hartu arte jarraituko dute.
LEHIAN BEREN POSTUENGATIK
Administrazioak oposizio deialdi bereziak iragartzen ari dira, behin-behineko lanpostuak finkatzeko; zehaztu gabe daude zein, baina ez dira guztiak aterako. «Oposizio malguak» izango dira, eta hautaketa irizpideak argitu behar dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu