Arrakala digitala. Mireia Fernandez-Ardevol. IN3 institutuko ikertzailea

«Gaitasun digitalik ez izateak uzten zaitu atzean, ez adinekoa izateak»

Adinarekin lotutako arrakala digitala ukaezina dela azaldu du Fernandez-Ardevolek, baina garbi utzita adinekoek ere ikas dezaketela komunikatzeko teknologia berriak erabiltzen.

UOC.
xabier martin
2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Adinarekin, zailtasunak agertzen dira ikasteko, baina horrek ez du esan nahi ikasi ezin denik. Kataluniako UOCeko (Universitat Oberta de Catalunya) ikerlari Mireia Fernandez-Ardevolek (Bartzelona, 1972) oso argi utzi du ikasi egiten dugula beharra dagoenean. Internet Interdisciplinary Instituteko (IN3) kideak azaldu du eraldaketa digitalak ez duela atzera-bueltarik, eta batzuek besteek baino ahalegin handiagoa egin beharko dutela tren hori ez galtzeko.

Nolakoa da adinarekin lotutako arrakala digitala?

Urteak pasatu ahala apalduz joango da, baina gaur egun ezin da ukatu arrakala handi bat dagoela. Generoarekin lotutako arrakala txikituz doa, argi eta garbi, batez ere gazteen taldeetan. Interneten erabilera erabatekoa da kasik gazteen artean. Benetako arazoa 54 urtetik gorako bi taldeetan dago, bereziki 65 urtetik gorakoan. Beraz, bai, arazo bat dago, eta areagotu egin da, koronabirusak azkartu egin duelako digitalizazioaren prozesua. Bat-batean, bideo deiak egiten hasi dira asko, eta segurtasuna falta da, erosotasuna.

Gazteak, oro har, eroso daude teknologia berriekin, sare sozialekin eta besterekin.

Txikiek ez dute lotsarik pantaila ukitzeko; gazteak pantaila batekin hazi dira. Arazo gutxi dituzte edozer gauza online egiteko. Umeak zirela behin eta berriro errepikatu dituzte mugimenduak, eta bost axola zaie lehenean ez asmatzea. Helduek garrantzi handiagoa ematen diote gauzak ondo egiteari; hobeto jabetzen dira zer alde dagoen gauzak ondo edo gaizki egin. Arazoa da huts eginez ikasi behar dela ordenagailu baten aurrean, hutsak egiteaz lotsatu gabe.

Lotsa arazo bat da ikasteko orduan?

Bai, noski, eta generoen artean oso ondo ikusten da hori. Emakumeen artean ohikoagoa da entzutea: «Nik ezin dut hori egin». Gizonen artean gehiagotan gertatzen da beste aitzakia mota batzuk jartzea, «ez dut denborarik izan» edo antzekoak. Ematen du alfa arrek dena egiten jakin behar dutela beti. Eta, gero, askok emaztearen bizkar uzten dute sakelakoan ibiltzen ikastea.

Norberaren ibilbide profesionalak ere izango du pisua, ezta?

Bai horixe, eta errentak eta beste aldagai batzuek ere bai. Zenbat eta ibilbide luzeagoa izan profesional gisa atal jakin batzuetan, orduan eta errazago hartuko da gaitasuna komunikazio eta informazioen teknologietan. Baina inork ez dio uzten ikasteari bizi den artean. Hori garbi eduki behar dugu denok. Konfinamenduan, jende askok ikasi behar izan du bankuko webgunean nabigatzen. Beharra izan du, eta beharrak bultzatzen gaitu. Agian ez da izan atsegina askorentzat, agian haserretu da jendea, frustrazioak jo du; baina urratsak egin dira. Seme-alabak atzerrira bizitzera joandakoan, zenbat gurasok ikasi dute Skype erabiltzen? Horretaz ari naiz.

Teknologia horien abantailez jabetzeak ere eragina du?

Bai, baina ez hainbestekoa; adinean sartutakoak jabetzen dira. Zu ere jabetuko zara agian yoga egitearen abantailaz, baina agian ez duzu egingo. Azkenean, urratsa egin behar da. Konfimenduan, agian askok ez zituzten gauzak erosiko Interneten, seme-alabak ez zituztelako alboan, baina bankuko kontuak nola egin? Gakoak ematen hasi behar ziren beren kontuetan sartzeko? Batzuek egingo zuten beharbada, baina ez gehienek.

Garbi dago adinekoak ere ikas dezaketela tableta bat erabiltzen.

Bai, bai, hori garbi dago. Ikasteko modua aldatu egiten da adin batetik aurrera; hori ere egia da, baina adin batetik aurrera ikasi ezin delako ustea hautsi egin behar da, ez baita egia. Ez dugu ikasteko gaitasunik galtzen, baina horrela usteak mugatu egiten gaitu. Jarrerak ekar dezake aldea; topikoak baztertu behar ditugu. Neskek ezin dituztela zientziak ikasi? Non dago idatzia hori? Bada, adinekoek ere Internet erabiltzen ikas dezakete.

Ez da gauza bera Whatsapp erabiltzen jakitea eta administrazioaren webgune batean eskaera bat egitea. Bestalde, enpresek abantailak ematen dituzte saretik erosteko eta kontratatzeko. Ez daude baztertuak gutxieneko gaitasun baten jabe ez direnak?

Erabat baztertuak daude. Egia da konpainia askok sarearen bidez egiten dituztela beren eskaintza onenak, eta egia da adinekoen artean dagoela gutxieneko erabilera horren jabe ez diren gehienak. Eraldaketa digitalean irabazleak daude eta galtzaileak ere bai, eta teknologia berrien inguruan gaitasun ona ez duena galtzaile aterako da. Zer erabaki hartuko duzu web horien eskaintzen hiztegia ere ezagutzen ez baduzu? Gauza bat da ikasteko ahalmena edukitzea, eta beste bat sagua zer den ere ez jakitea. Eta batzuek ez dute zertan jakin. Umeek liburuen orriak ukitzen dituzte gaur egun, ukitzeko pantailak balira bezala. Hor dago aldea. Niri aldatzen badidate telefono konpainiaren webgunea, pare bat egunetan ikasiko ditut aldaketak, beharbada, ezagutza bat duten guztiek bezala. Baina nola hasiko da alor hori beti urrun eta arrotz sentitu duen bat enpresa baten eskaintzak aprobetxatu nahian?

Badira saiatzen direnak, ordea.

Bai, eta gaitasun gutxikoak direnez, zaurgarriagoak dira enpresen taktika erasokorren aurrean. Ahal badute, behar ez duena salduko diote bezeroari, eta ahula dena teklatuaren aurrean, deseroso dabilena, errazago eroriko da. Quebecen egindako azterketa batek oso argi islatu du adinekoei behar ez dituzten zerbitzuak saltzen dietela askotan telefono konpaniek. Han egiten badute, hemen ere ez da oso desberdina izango erralitatea, nahiz eta nik ez dudan azterketarik ezagutzen. Dena den, sarean atzean uzten zaituena ez da adinekoa izatea, gaitasun digitalik ez edukitzea baizik. Eta ez dituzten gehienak adinean sartutakoak dira.

Esaten da sistemak ezin diola eutsi aitona-amonek bilobak zaindu ezean. Digitalizazioan, ez ote da gertatzen horrelako zerbait baina alderantziz? Alegia, seme-alabarik gabe adineko askok ezin dutela egin sarean behar-beharrekoa zaiena.

Belaunaldien arteko elkartasuna hor dago. Haiek zaintza lanak egiten dituzte, tuperrak betetzen dituzte, eta seme-alabek sarean laguntzen dute. Bai, hori asko gertatzen da. Gehiegitan? Akaso bai. Baina ikasteko prozesua ez da eteten smartphone bat duenarentzat; hor dabiltza asko Whatsappen, taldean nola aritu behar den barneratzen. Ez dela beti erantzun behar ikasten dute, zer den egokia eta zer ez. Gainera, ez ahaztu laguntza eskatzen duten aitona-amonek ez dutela beti laguntza hori eskatu nahi, baina behar dute. Horregatik, saiatuko dira hurrenean laguntzarik ez eskatzen. Izan ere, pazientzia nahikoa dugu gauzak azaltzean? Erakusten duen seme edo alabaren ustez, bai; gurasoen ustez, ez. Bakoitzak bere erritmoa dauka: hori da gakoa.

Administrazioek eta interes estrategikoko konpainiek ez lukete bermatu beharko aurrez aurreko zerbitzua, gaitasun digitalik gabeko pertsonak dauden bitartean?

Bai, argi dago ezin dela fisikoa den guztia kendu egunetik gauera. Hasteko, denok ez gaudelako sarera konektatuak. Konfinamenduan, flotagailu bat izan da euskarri digitala, baina arrakalak handitu egin dituela ere argi dago. Aldagai horiek aintzat hartu behar ditu politika publikoak, ezin da bestela izan. Aldi berean, webguneak modu errazagoan ulertzeko saio bat ere behar da, webgune egokituak gaitasun urrikoentzat. Administrazioak badu eginbehar bat alor horretan. Izan ere, publiko gatibua gara osasun sistemarentzat eta Gizarte Segurantzarentzat. Errazagoa da Amazonen edozer gauza erostea, administrazioan ordua hartzea baino. Klik hiru alditan eginez, edozer eros dezakegu. Aitzitik, pentsioa kudeatzeko ordua ez da hiru kliken bidez hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.