Amagoia Mujika Tolaretxipi.
'Egunkaria'-ren itxiera: hogei urte. ANALISIA

Naufragiotik atera

2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Urtero bekadunak datozenean, galdera izaten da haien artean egongo al den etorkizuneko kazetari bikainik, edota BERRIAko beste arloren batean nabarmenduko den lankiderik. Euskaldunon Egunkaria abiatu zenean, kazetari gehienak ziren fakultatetik atera berri-berriak, eta haietako asko profesional paregabeak dira gaur egun. Nahitaezkoak izan zituzten oinarrizko ikastaroak lanean hasi aurretik, gaur egungo bekadunek baino gehiago, alde askotatik.

Izan ere, orduko hasi berriek ez zuten kazetaritza hizkera landurik aktualitateari buruz idazteko. Gaur egun barneratuak dauden termino asko eta asko lehen aldiz idazten hasi ziren 1990ean, eta lehengo hizkuntza egiturak egokitu zituzten eguneroko kazetaritza idatzirako. 1991koa da Euskaldunon Egunkaria-ren lehen Estilo liburua, eta hura osatu zutenerako jasoak zituzten kazetaren 11 oinarriak eta kontzeptu nagusiak: euskaltzalea, nazionala, zabala eta independentea zela erakutsi zuten egunez egun, ekonomiari, lege proposamenei edo nazioarteko politikari buruzko hiztegia aberasten zuten bitartean, kode deontologikoari jarraikiz. Egunkariarentzat ez ezik, gizartearentzat ere probetxuzkoak ziren helduleku batzuk emanez. Anjel Lertxundik esana da berak bezala «euskal naufrago askok» gida eta kontsulta txoko nagusi izan zutela garai hartan.

Ikusi gehiago:ATZERA-BUELTARIK GABEKO INJUSTIZIA

Egunero hizkuntza biziz eta bizituz aritu ziren kazetari, zuzentzaile, sustatzaile, produkzioko kide, diruzain, dei hartzaile eta egunkaria egiteko ezinbesteko ziren gainerako langileak, gaztetasunak duen indarrez, hainbat arlotan esperientzia zutenen jakintza zukutuz. Sekulako ilusioz. Herritarrek beharrezkotzat zeukaten proiektu baten parte baitziren.

Zailtasunak ez ziren, ordea, euskarak izendatu gabe zituen edukietara mugatzen. Herritik herriarentzat sortua zen egunkaria itotzeko katramila eta interes politikoak egunerokoak izan ziren hasieratik, beti ETAren mamua inguruan. Martin Ugalderen Mamu gehiago ez zait kabitzen golkoan artikuluak ederki islatzen du garaiko giroa zein den. 1992ko martxoan idatzi zuen, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu zen Joseba Arregirekin egindako bilera baten ostean. Joxemi Zumalabe eta Joan Mari Torrealdai zituen alboan, eta mahaitik altxatzea erabaki zuen Ugaldek. Joan Mari Torrealdaik Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta liburuan dioen bezala, «on engainatu» izatetik «gaizto ofizialak» bilakatu zituzten. «Engainatu ginenak, inuzenteok, engainatzaile bihurtu ginen. (…) Bidenabar seinalatu nahi nuke garai batean bota ziren baieztapen batzuen oihartzunak luze iraun zuela, sumarioan agertzen baitira». Juan del Olmo Egunkaria auziaren instrukzio epailearen sumarioaz ari zen.

Bide malkartsua gainditu ondoren akordioen urtea izan zen 1994a. 1995ean Jaurlaritzarekin hitzarmena egin eta gutxira ezagutu zituen kazetari honek lankide paregabeak, mundu berri bat, etxe bat, Euskaldunon Egunkaria arnasa hartzen hasia zenean, ideia berriak mamitzen ikusteko garaian, sortzeko irudimena behintzat ez baitzen falta. Oinarriak sendo zeuzkan proiektu hura haziz zihoan etenik gabe, gero eta irakurle eta harpidedun gehiago zituen, baina bere onenean zegoela, sinesgarritasun handiko kazetaritza sendoa egiten ari zela, zaplaztekoa eman, eta zentsura erabatekoa ezarri zioten, betiko itxita.

Ikusi gehiago:Imanol Murua Uria: «Erantzunik onena, indartsuena, zen egunkaria kalean jartzea berriro»

2003ko otsaileko ostegun beltz hartan argitaratu zen Egunkaria-ren azken zenbakia, 3.789a. «Espainiako Poliziak 14 atxilotu eta hemezortzi etxe arakatu ditu», zioen azaleko lerroburuak; Imanol kantariaren elkarrizketa ere jaso zuen. Hurrengo egunean, ordea, Egunero jaso zuten irakurleek, Itxia, baina ez isildua letra handiz idatzirik zekarrela. Baina hantxe zen euskaldunon ahotsa kioskoan, egun bat ere huts egin gabe.

Azken zenbakiaren eta aurrenekoaren arteko 24 orduetan mundu bat amaitu zen, eta beste bat hasi. Zerbait apurtu zen Martin Ugalde kultur parkean, guardia zibilen aurrean: batzuen inpunitateak beste batzuei dakarkien zaurgarritasuna zein latza den probatu behar duenaren bihotza. Zein gogorra den sentitzea nola eraits dezaketen istant batean eraikitzen horrenbeste kostatakoa.

24 ordu horiek, ordea, ez zituen beldurrak bihurtu hain emankor, baizik eta amorruak eta aurrera egin beharraren intentsitateak. Orduak egun bilakatu ziren: grabagailuak erostetik hurrengo egunean egunkari bat kioskoetara iritsi bitartean, beste hamaika zeregin. Baina lehen minututik herri handi baten beroa eta laguntza izan zituzten langile haiek bidelagun. Inoiz Donostian egindako manifestaziorik handienak hauspotu zuen, otsailaren 22an, sugarra aurrera jarraitzeko. Milaka euskaltzalek euren larrutan sentitu zuten kolpea. Ez zen inor libre garai gogor haietan.

Eta oraindik ere ez. Egunero erakutsi beharra dago inoren menpeko euskaldun izatea zer den; egunero jasan beharra horren ordaina, euskarazko egunkari batek DNAn izango balu bezala itotzeko arriskua.

Ez da gaurkoa ere garai ona euskal komunitatearentzat. Paper zuriak betetzen dituzte oraindik ere esaldi beltzek, eta giharra ahulduta dago tantaka baina atertu gabe etortzen diren erasoei erantzuteko, baina txarretik ona ateratzeko abilezia garatzen jarraitu behar da, beltzaren eta zuriaren arteko konbinazioan. Justiziaren injustizien erdian, eta ziurgabetasunean, naufrago ez izateko. Bekadunak irits daitezela urtero, komunitate osasuntsu baten beharrei erantzutera.

Ikusi gehiago:«Fikzio bat» deseraikitzeko dekalogoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.