Iñaki Martinez de Luna. Soziologoa

«Noizbehinka distantzia hartzeak laguntzen du ikuspegia osatzen; hori abantaila bat da»

Dozenaka proiektutan aritu da Martinez de Luna, eta, egun ere, badihardu. Hizkuntzaren soziologia du bidelagun, eta hizkuntza gutxituen komunitateen egoera mintzagai, euskararena barne.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Hizkuntzaren soziologia gertutik aztertu du urteetan Iñaki Martinez de Luna soziologoak (Gasteiz, 1950). Txikitan ez zekien euskaraz, baina gogoan ditu erreferentzia puntualak, eta gaztetatik izan du hizkuntza horri buruzko kezka. Are, hizkuntza gutxituetako komunitateen egoerak ere ezagutzen ditu. Izan ere, besteak beste, horretan aritzen da Garabide elkartea, eta hango lehendakaria da egun, baina beste hamaika saltsatan ere badihardu. Soziolinguistika Klusterreko sortzaileetako bat izateaz gain, irakaslea izan da Euskal Herriko Unibertsitatean; Eusko Ikaskuntzako kide eta euskaltzain urgazle ere bada.

Ez da erraza nondik hasi jakiten... hainbat dira eginiko urratsak. Aspertzen al zara?

Aspertu, ez naiz aspertzen. Orain, aurreko boladako kontuekin jarraitzen dut. Soziolinguistika Klusterreko proiektu batzuetan ari naiz laguntzen, Garabide elkartean ere ardura formal batzuk ditut, eta badira bestelako konpromisoak ere; ikastaroak eta plangintzak, esate baterako. Hitzaldiren bat ere ematen dut tarteka-marteka. Gustuko aldapan.

Hain zuzen, hizkuntzaren soziologian aditua zara.

Neure burua ez dut maila akademikoko espezialistatzat jotzen, esango nuke gehiago naizela aktibista edo ekintzailea, horretarako zientziaren ekarpena baliatzen duena, oinarri izanda zientzia lagungarria dela norberaren konpromiso partikularrak eta komunitate batekoak aurrera eramateko. Eta horregatik dago ikuspegi soziolinguistiko baten premia.

Zergatik hurreratu zinen arlo horretara?

Batzuetan ohartu gabe murgiltzen gara bidean. Euskararekiko banuen aurrez kezka, eta konpromisoa eta ahalegina, hala nola norbera euskalduntzearena. Baina halako batean laguntza eskatu zidaten pare bat lekutatik, soziolinguistikak parte hartzen zuen proiektu batzuetan aritzeko, eta hasi nintzen murgiltzen. Bat aldizkariko argitalpen batzordean ere parte hartu nuen, eta, hausnarketa baten ostean, erabaki genuen jauzi bat egin behar zela adar honi zegokionez. Horregatik sortu genuen Klusterra.

Euskarari buruzko kezka zenuela diozu; familian aldeko jarrerarik ez, baina gaztetan hasi zinen ikasten.

Bai, eta kuriosoa da. Unean bertan bizi duzu, baina ez duzu kontzienteki kudeatzen; denborarekin ohartzen zara. Euskararekin lehen harremana kalean egin nuen. Papertxo batzuk bota zituzten, gazteleraz eta euskaraz, eta aitari galdetu nion ea zer zen. «Esto es vascuence, lo que se habla en Vizcaya y Guipúzcoa» («Hau vascuencea da, Bizkaian eta Gipuzkoan hitz egiten dena»), erantzun zidan. 4 urte inguru nituen, eta horrelako erreferentzia solteek kezkak sortu zizkidaten.

Udaleku batzuetan ere baduzu anekdotaren bat...

Frankismo garaiko udaleku batzuetara joan nintzen 12 urte nituela, Kataluniara. Katalanez hitz egitean ulertzen nien, banekielako pixka bat frantsesez, baina une batean ulertu ez, eta galdetu zidaten ea ez ote nintzen katalana. Nik, ezetz, beraiek zioten eran, vascoa nintzela. Bada, orduan,euskaraz jakingo nuela esan zidaten, eta, nik, konpromisoz-edo, nekiena demostratu beharra sentitu nuen: «Zerbait, bai: neska polita eta txakurrak kanpora». Hori zen nire ezagutza maila!

Tira, gerora ikasi zenituen gauza gehiago ere!

Iltzatuta gelditu zitzaidan gertaera hori: euskalduna bai, baina euskara jakin ez. Eta beste fase batean sartu nintzen. Jesus Obreron ikasi nuen, eskola profesionalean, jesuitekin, eta euskaldunak ziren asko. Haietako batek euskarazko gramatikaren-edo liburu bat utzi zigun, eta begiratzen hasi ginen. Ikasketak amaitzean, erabaki nuen lan egin eta euskara praktikatu eta ikasi ahal nuen leku batera joatea. Lazkao [Gipuzkoa] izan zen helmuga.

Handia izan al zen aldaketa?

Bertako giroari dagokionez, bai. Burgosko Prozesua zen, eta etxez etxe joaten ziren diru eta animo eske. Hori gasteiztar batentzat erabateko aldaketa zen. Alabaina, dinamika horretan geundela, mehatxatu egin ninduten lantokian propaganda banatzeagatik: lanetik alde egin edo Guardia Zibilari abisatu. Beraz, urte eta erdi inguru egon nintzen bertan: euskara ikasteko nahikoa ez, baina bai oinarri bat hartzeko.

Mehatxua aipatu duzu. Frankismo garaia zen…

Bai, eta dinamika oso indartsukoa. Baina salatariak zeuden garai horretan, eta mamu izugarria zen haiena.

Gerora, Bilbora ere joan zinen.

Gasteizera itzuli nintzen Lazkaotik, eta urte batzuk lanean egon ostean, ikasteko beharra sentitu nuen. Lagun batzuk soziologiako ikasketak ari ziren egiten, eta animatu nintzen ni ere. Emaztea eta biok joan ginen bertara. Deustun ikasi nuen, ordu hartan ez baitzegoen besterik. Ez zegoen euskarazko ezer ere, baina ikasleok hasi ginen eskolak antolatzen. Iritsi ginen akordio batera ere errektorearekin; hain zuzen, ordubeteko tarte bat utzi zigun eskola ordutegien artean euskara eskolentzat. Ikasketen azken urteetan geundela, berriz, hasiberriei edukiak euskaraz ematen hasi ginen. Horrela sortu zen pixkanaka euskal adarra.

Beraz, egon zen aldaketa.

Sekulakoa. Gainera, bitartean beste mugimendu batzuetan ere aritu ginen. Adibidez, Mintzalagun programaren antzeko bat zegoen Deustun. Eta hor badut zer kontatua ere.

Bota!

Ikaskide batek beti zioen: «Bi urteko epea egongo da denok euskara ikasteko, eta, ikasi ezean, ez dakitenek alde egin beharko dute hemendik!». Halere, nik nioen horrek ez zuela funtzionatuko. Hala balitz, nire senitartekoengandik hasita, denok joan beharko ginateke kalera! Baina trantsizio garaia zen, noski: euskara bultzatzeko premia zegoen, baina nolako dinamikak egin? Bada, arabarra eta mundu erdaldunekoa izateak euskalduntzearen eta euskararen biziberritzearen inguruko ikuspegi orokorrago eta malguago bat eman dit.

Zergatik?

Erdal mundutik ezagutzen nituelako zeuden dinamikak, premiak, zalantzak... Euskaran erabat murgilduta bizi zirenek, aldiz, ez zuten nagusitzen zen erdal mundua ezagutzen, eta bazuten gabezia bat. Egoera perspektiba itsu batetik aztertuz gero, ez zen horrelakorik ikusten. Baina noizbehinka distantzia hartzeak laguntzen du ikuspegia osatzen, eta hori abantaila da.

Eta nola aldatu zen egoera Gasteizen? Erdal mundua nagusi zen...

Gaztea nintzela, Gasteizen eta Arabako eskualde gehienetan ez zegoen euskararen aldeko olatu handirik, baina egon ziren gako batzuk. Batetik, Presa ezizeneko batek euskarazko eskolak ematen zituen, eta, bestetik, agustindarrek eta inguruan batutako gazte talde batek ere indarra egin zuten. Erreferente bat izan zen, adibidez, Eusebio Osa. Eta hor zeuden Juanjo Uranga eta Pako Izagirre ere, besteak beste. Gerora, sortu ziren beste mugimendu batzuk; AEK iritsi zen, esate baterako. Bazegoen ilusioa, eta gogoa. Dena den, trantsizio garaia izan arren, presente zegoen erreferente frankista, baina euskara izan zen horri aurre egiteko piezetako bat.

Ilusioa diozu… Egun, ba al dago?

Uste dut dinamika ezberdinak daudela. Duela hamar urte inguru, adibidez, esango nuke Gipuzkoan bazegoela nolabaiteko etsipen sentimendu bat. Haien pentsamenduan jarrita, baziren euskaldunak eta bazekiten euskaraz, baina ez zen egia kasu guztietan. Euskalgintzan aritzen diren pertsonek ere esana zidaten gain behera zihoala egoera, ahulezia nabari zela. Araban, ordea, aurkako giroa antzematen nuen, indartsuagoa. Hala ere, ez dakit zer gertatuko den orain, fenomeno bat ari delako orokortzen munduan.

Zein?

Batetik, globalizazioa dago, eta hizkuntza gutxituen aurka doa,bete-betean. Baina hori ez da soilik Euskal Herriko baldintza, unibertsala baizik. Gainera, orain, hainbat arrazoi tarteko, behin eta berriz ari gara entzuten askatasunaren aldarria, eta horrek eragina du hizkuntza hautuan ere: batzuek esaten omen dute ea zergatik egin behar den euskaraz, askatasuna izanda bakoitzak nahi eran egin dezakeela... Kontu horiek gogoan hartzekoak dira.

Hizkuntza gutxituak aipatu dituzu. Nola daude?

Leku askotako egungo egoerek burura dakarzkigute aitona-amonen egoerak: euskara baserritarren kontua izatea, modu peioratiboan ulertuta. Hori da garabidean diren herrialde askotako eta hizkuntza gutxituetako komunitateen egoera lengoaiari dagokionez, ahaleginak egin arren. Dena den, ezberdinak dira parametroak. Hemen, adibidez, garapen ekonomikoa bideratuta eta sendotuta dago, euskarak egina du bidea, baina beste herrialde batzuetan komunitatearen garapena era integralean ulertu behar da, ez soilik sozioekonomikoa.

Hain justu, horretan ere badiharduzue Garabiden.

Hemengo gobernuz kanpoko erakunde askok ez dute hizkuntzaren alorra lantzen; bizi ahal izatea da lehentasuna, biziraupena. Baina horri buelta eman behar zaio; horretan ari da Garabide. Ez daitezela izan hizkuntzaren baztertzaile garapen ekonomikoaren izenean. Izan ere, garapen ekonomikoa arrotza eta nagusia den lengoaiaren eskutik badoa, izan ingelesa, frantsesa edo gaztelania, bertako hizkuntzari lekurik eta aitortzarik egin gabe, tokiko hizkuntza baztertuko litzateke.

Bada, jardun horiekin jarraitzeko asmoa al daukazu orain?

Proiektuetan jarraituko dut, bai, eta asebetetzeko ardura nahikoa ditut. Batzuetan, gainezka ere egin dezake batek, eta zaila izaten da norbere buruari mugak jartzea. Gizarte mailako inplikazioa sendoa eta trinkoa izan daiteke, pozgarria eta itogarria, baina ikasi ere egiten da. Euskaltzain urgazlea naiz, eta, adibidez, Euskaltzaindiaren izaera, hango dinamika eta giroa, hala nola unibertsitatearekin, Klusterrarekin eta Garabiderekin alderatuta, ez da berdina. Baina horrek ikuspegi zabalagoa ematen du, eta baita baliabideak ere; aberastu egiten du bizitza filosofia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.