Federazioak «deitoratu» egin du aizkolarien jarrera

Asmo ekonomikoak daudela dio, eta bere txapelketari eutsi dio, ofiziala hori dela nabarmenduz

Iker Vicente, irabazle, iazko Euskadiko Txapelketan. IÑIGO URIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Euskadiko Herri Kirol Federazioak «deitoratu» egin du aizkolariek beren txapelketa propioak antolatzeko egin duten urratsa. «Erabaki hori hartu duten aizkolarien irizpidea ekonomikoa baino ez da, eta federazioak ezin du halakorik egin, eta ez du irizpide hori bakarrik aintzat hartu, gure diziplinak eta gure historia amaituko lukeelako. Denok batera eta gehien sortzen dutenek eragin gutxienekoei edo hasiberriei lagunduta, belaunaldien eta diziplinen arteko elkartasuna izan dezakegu».

Federazioak argi du: «Ekitaldi ez-ofizialak bakarrik egin ahal izango dituzte aizkolari horiek, eta, profesionalak direnez, kirol ikuskizunen baldintza guztiak bete beharko dituzte: erantzukizun zibila, fiskala...». Gainera, federazioak federatu guztientzat txapelketa bat antolatzeko beharra duenez, Aizkolarien Txapelketa antolatuko du. «Irabazten duena Euskal Herriko txapelduna izango da, eta hori izango da titulu ofizial bakarra. Profesionalek ezingo dute ofizial hitza erabili, ezta Kirolaren Euskal Legeak euskal federazioei gordetzen dizkien Euskal Herriko izen eta ikurrak ere».

Ohar baten bidez eman du bere iritzia federazioak. Bertan jasotzen duenez, hainbat aizkolarik eginiko kexak tarteko, irailaren 9an bilera batera deitu zituzten. «Bileran azaldu genien zein egoera berezia eragin duen COVID-19ak, eta ulermena eskatu zitzaien egunero egokitzea eskatzen duen egoera baten aurrean».

Baina federazioak azaldu du aizkolarien kexen atzean «erreklamazio ekonomiko bat» zegoela. «Lehen Mailan lehiatzen diren aizkolariek eskatu zuten etekinen %100 eurentzat izatea, eta, galerak gertatuz gero, antolatzaileentzat eta federazioarentzat izatea».Horren aurrean, aurtengo txapelketa amaitzea proposatu zieten aizkolariei, eta datorren urtekoari begira lanean hastea. «Denen artean txapelketa hobetzeko». Baina federazioak azaldu duenez, Lehen Mailako aizkolariek eta Bigarren Mailako batzuek uko egin zioten. «Euren txapelketa propioa egitea eta ekonomikoki beraiek kudeatzea erabaki zuten».

Hori ikusirik, federazioak gogorarazi du beraiek ez dituztela kirol profesionalak lantzen. «Guk modu altruistan egiten dugu lan, diziplina guztiak sustatzeko eta ez daitezen hil. Izan ere, herri kirola kirola bainoago kultura da, eta sustraiak mantendu ditu gaur arte. Gure betebeharra hurrengo belaunaldietara pasatzea da. Hori bakarrik guztiak batera egonda lortzen da».

Hala, gogorarazi dute federazioaren barruan hemezortzi modalitate daudela, Eusko Jaurlaritzak onartutakoak. Modalitate horien 26 txapelketa antolatu zituzten iaz, eta horietatik bost izan ziren aizkorakoak: «Txapelketa guztiak egin ahal izan ziren erakunde, entitate, lurralde federazio eta modalitate bakoitzeko boluntarioei esker». 2020ari «ilusioz» ekin ziotela gogorarazi du. «Baina pandemiak geldirik utzi gintuen, horrek dakarren ziurgabetasunarekin». Baina gai izan ziren kostu txikiagoko lehiaketak antolatzeko. «Bilera eta komunikatu batzuen ondoren, bigarren eta lehen mailan izena emateko epeak luzatzea adostu zen. Baina lehen mailan ez zen izen ematerik jaso, eta berriz bigarren izen emate bat egin genuen, urriaren 9ra arte». Asmo horri eutsi diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.