Postu guztietan hizkuntza eskakizuna ezartzeko eskatu dio Behatokiak Jaurlaritzari

Lan deialdi publikora aterako diren lanpostu berrien %11k ez dute izango eskakizunik, hizkuntza eskubideen aldeko eragileak salatu duenez

Julen Aperribai.
2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak iragarri dituen lan deialdi publikoetan ez da eskatuko «euskarazko gaitasun egokirik», Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ohar bidez jakinarazi duenez. Salatu duenez, maiatz amaieran argitaratutako deialdietan, esaterako, lanpostuen %11,55etan hautatzaileei ez zaie ezarriko inolako hizkuntza eskakizunik, eta eskakizuna duten lanpostuetan «gutxieneko ezagutza» baino ez da kontuan hartuko: lanpostu horien %17tan lehen hizkuntza eskakizuna eskatuko dute, eta %67tan, bigarrena. Hirugarren eskakizuna, berriz, lan deialdi publikoko lanpostu guztien %5,82ri bakarrik ezarriko zaie. Gainera, datozen hilabeteetan lan eskaintza publiko gehiago ere izango dira. Jaurlaritzak iragarria du 8.764 lanpostu publiko betetzeko deialdiak aterako dituela.

Behatokiak «kezkaz» hartu ditu orain artekoak, eta eskakizunak ez aintzat hartzeak «herritarren eskubideen bermean izango dituen ondorio kaltegarriez» ohartarazi du. Horren jatorrian derrigortasun datarik ez ezartzea dago, haren ustez: «Administrazio publikoetarako lanpostu guztietan euskararen ezagutza nahitaezkoa izan ezean, herritarren hizkuntza hautua baldintzatzen da, eta, ondorioz, herritarrek ezin dute eremu guztietan euskara eroso, berdintasunean eta inolako albo kalte edo atzerapenik gabe erabili». Horixe eskatu du, hain justu: lanpostu guztiek derrigortasun datak eta profil elebidunak izateko. «Urraketak gainditzeko aurrerapausoak eta neurriak» ezarri behar direla gaineratu du.

Egungo egoera iraunaraztearen ondorioez ere aritu da Behatokia. Osasun etxeetan eta hainbat espezialitatetan osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko dauden zailtasunak jarri ditu adibidetzat. Gaur egun, jada, horretarako «ezintasunak» daudela adierazi du. «Eskubideak bermatzeko neurriak hartu beharrean, egungo urraketak erreproduzitzeko neurriak hartzen dira oraindik», salatu duenez.

Kalitatearen baldintzatzaile

Halaber, Behatokiak azpimarratu du egungo deialdiek hurrengo urteetarako zerbitzu publikoak baldintzatuko dituztela, eta, alde horretatik, kezkagarritzat jo du hizkuntza eskubideak «zerbitzuen kalitatearen eta herritarren aitortzaren muina» ez izatea. Horrez gain, gogorarazi du hizkuntza eskubideak aitortuta edukitzea «erabat lotua» dagoela osasunerako eta informazioa berdintasunean jasotzeko eskubideekin.

Hain justu, egunotan bolo-bolo ibili da Osakidetzako hizkuntza eskakizunen afera, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak egindako adierazpenen ondotik. Mediku guztiei laugarren hizkuntza eskakizuna eskatzen zaiela iradoki zuen. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak argitu zuen 27.000tik hogeiri baino ez zaiela eskatu, euskara teknikariei, hain zuzen; gainerako guztiek B2 maila baino ez dutela behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.