Duela urtebete ez da bestarik ospatu herri eta hirietan, ez modu ofizialean, behinik behin. Duela urtebete ostatuak itxi zituzten, eta jendea pantailetan elkartzen hasi zen. Bukatu ziren konfinamendu zorrotzak, eta iritsi zen kalera ateratzeko tenorea. Orduz geroztik, harremanak mugaturik daude, batik bat gertuen dauden pertsonetara, eta aisialdia kalera atera da, baita neguan ere. Ostatuetako terrazak bete dira, inoiz ez bezala.
Pandemiak aldaketak ekarri ditu harremanetan, eta pauta berri batzuk ezarri dituela uste du Sergio Garcia NUPeko soziologoak. Testuinguru berrian harremanak mugatuak eta baldintzatuak dira. Mugatuak, halabeharrez harremanak gutxitu behar izan dituelako jendeak. Baldintzatuak, batetik harremanak medikalizatu direlako —maskarak, PCR probak...— eta, bestetik, teknologia tartean sartu delako. «Sakelako telefonoen eta sare sozialen erabilera asko handitu da harreman fisikoen hutsunea betetzeko. Natural ezarri da, baina horrek sozializatzeko arazoak dakartza, teknologia bidezko harremanek sozializatzeko gaitasunak mugatzen dituztelako, eta, horren ondorioz, gero zailtasunak ditugu aurrez aurreko harremanetan».
Erabilera handitu bai, baina sare birtualek ez dute beste harreman sareen sendotasuna. Hala uste du Aitor Aritzeta psikologian doktore eta EHUko irakasleak: «Pandemia aurretik ere gazteek nabaritzen zuten sare sozialen erabilerak ez zuela ordezkatzen bakardade sentsazioa. Pertsonek konektatzen dute, baina modu azaleko batean».
Teknologiaren erabileraren gorakada bereziki gazteen artean ikusi du Garciak: aisialdian, bideo jokoen bidez; eta harreman afektibo eta sexualetan, jendea ezagutzeko plataformen bidez. Soziologoaren aburuz, jarduera sedentarioen alde egiteko arriskua dute gazteek, baina, era berean, kalea «berraurkitu» dutela ere esan du, hor dutelako elkartzeko aukera.
Ostatuak ere karrikara atera dira. «Atzerrira joatean neguan suaren inguruan terrazan ikusten genituenean bitxi egiten zitzaigun; bat-batean terrazetan ginen, baina surik gabe. Gero hasi ziren kaleak ostatuetara moldatzen, karpak, berogailuak eta abar paratuta», esan du Garciak. «Agerian geratu da sozializatzeko eta bertako kulturaren alor hori berreskuratzeko gogo bizia».
Bestak ere baziren harremanak ehuntzeko, sendotzeko eta sortzeko esparrua, baina horiek bertan behera geratu ziren iazko martxoan. Ofizialki ez zen bestarik izan uda osoan, baina herritar askok ez zioten muzin egin ospakizunei. Ez-bestak terminoa sortu zen, eta horrek arazoak ekarri zituela uste du NUPeko soziologoak: «Afera publikoak kudeatzeko manera prekario batekin du zerikusia. Ez baduzu nahi jendeak zerbait egiterik, ez egin, ez eman testuingururik, ez izendatu hori». Besta gogoak irabazi zuen: «Azkenean jendeak antolatutako bestak izan ziren, eta ordezkari publikoek amore eman zuten». Bestak pertsonen identitatearen parte izanik, indar handia dute: «Sozializazio pauta kulturalek inertzia hain sendoak sortzen dituzte, zaila baita horiek saihestea».
Herri eta hirietako bestak ez ezik, gaueko besta giroa ere errotik moztu du pandemiak. Gazteak izaten dira batik bat gaueko giroan, beraz, Garciak uste du haien ohituretan izan dutela eragin handien gaueko besta eteteak eta gaueko etxeratzeko aginduek. «Gauekoa ez da hain onuragarria; oso erakargarria da, baina desagertu diren arazo asko sortzen ditu: gatazka gutxiago daude, alkohol kontsumoa pixka bat jaisten da, krimen tasa jaisten da... Gainera, gaueko bizitza ordezkatu liteke».
Harremana, mugatuta
Jendea ezagutzeko aukerak asko murriztu dira iazko martxoaz geroztik. Batetik, jendea pilatzen zen jarduerak desagertu direlako. Bestetik, ezarritako mugez gainera, nork bere buruari ezarritakoak ere badaudelako. «Birusarengatik ezezagunarekiko konfiantzarik eza handitu da, eta horrek lehen eta bigarren taldera biltzea ekarri du: familiara eta betiko lagunengana», azaldu du soziologoak. Egoera horrek ohiko joera moztu du: «Sozializazio zirkulua hedatzen den zirkulua da, eta azken 200 urteetan hori azkartu da; beraz, jende berria ezagutzera ohituta geunden».
Egoera horrek arazo psikologikoak sortu ditu. Aritzetak esan duenez, interakzio soziala «oinarrizko beharra» da gizakientzat: «Talde bateko kide sentitzeko, oinarrizko beharra da familiatik at beste talde batzuetan ikusia izatea edo onartua izatea: herrian, kuadrillan...». Bereziki gazteentzat, baina helduek ere badute behar hori. Interakzio soziala denbora luzez murrizten denean, bakardade sentsazioa handitzen da, eta, talde kide sentimenduari muga jartzen bazaio, bakardade sentimendu gehiago garatu daiteke.
Besta presioaren ihesbide bat ere badela azaldu du EHUko psikologoak. «Tabernak eta festak arazoetatik aldentzeko erabiltzen ditugun espazioak dira; umorea, komunikazioa... lantzeko. Horiek landu ezean, ondorio batzuk nabaritzen dira luzera begira: depresio gehiago agertu dira, antsietate jokabide gehiago, eta, sentitzen duzun estresa eta larritasuna bideratzeko modurik ez baduzu, gorputzean geratzen zaizu, eta horrek ondorioak ditu».
Egokitzapena berezko izaten du gizakiak, baina martxotik hona etengabeko egokitzapenean aritu dira herritarrak. «Eskubide askoren mugapenengatik sekulako energia hartzen dugu egokitzeko». Estresa, antsietatea eta presioa bideratzeko gunerik ez izateak arazoak sortzen ditu, eta horren ondorio izan daitezke zenbait ikerketak hauteman dituzten arazoak: familia barruko gatazkak igotzea, bikote barruko arazoak handitzea...
Gazteak, atzendurik
Harreman afektibo eta sexualak garatzeko aukerak ere murriztu dira sozializatzeko mugekin batera. Horrek eragin nabarmena du nerabeengan, Aritzetaren ustez: «Nerabeek behar psikologikoa dute beren identitatea eraikitzeko, eta prozesu horretan harreman afektibo-sexualak ezinbestekoak dira, ikasten ari direlako harremanak nola egin behar dituzten. Hori ezin baduzu egin, zure identitatearen parte bat oztopatzen da, eta osasun mentalaren kaltetan izan daiteke».
Arazo psikologiko handi batez ohartarazi du Aritzetak: ikerketek argi adierazten dute arrisku biologiko eta fisikoa adineko pertsonek sufritzen dutela, baina arrisku psikologikoan dauden gizarte talde nagusiak haurrak eta nerabeak direla. «Nerabeek aldaketa asko dituzte, mundua nolakoa den ezagutzen ari dira, baina, batez ere, haiek nor diren ezagutu behar dute», esan du. Ondorioak larriak dira: gazteen artean depresioa, bakardade sentimentua eta antsietate patologiak %20 igo direla azaldu du psikologoak. Itxialdian anorexia eta bulimia kasuak igo ziren. «Ikuspegi psikologiko batetik pandemia haur eta nerabeengan uzten ari den aztarna kontuz aztertu beharko dugu».
Hori ikusirik, Aritzetak uste du gazteengan arreta paratzeko ordua dela, haiekiko ulermen falta sumatzen baitu gizartean. «Nerabeak eta gazteak ezin ditugu ahaztu. Haien beharrak kontuan izan behar ditugu legeak egitean, eskainiz espazio ziurrak, baina harremanetarako aukera ematen dutenak». Izan ere, gazteak «ahaztuak» edota «zigortuak» sentitzen direla uste du. Azken batean, sortu diren arazo guziak eta jende guzia aintzat hartzea. «Talde kohesioa lantzea garrantzitsua da».
Artikulu bilduma:Itxialdien itzalean