Koronabirusa. Itxieren itzalean. Osasun sistema (IV).

Ateak estutu eta astundu dira

Birusaren agerraldirik ez izate aldera, osasun zentroak eta erietxeak gotortu egin ziren izurriaren lehen olatuan; aurrez aurreko arreta ez da lehengo martxara itzuli oraino, eta atzerapenak eta hutsuneak ageriko arazoak dira.

Errenteriako osasun zentroko ataria; pandemia aroan hartutako neurriak agerikoak dira. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun

Osasun zentroetarako sarbidea mugatu egin zuten iaz izurriaren hasieran, birusari ateak ixteko kasik egun batetik bestera egin behar izan zen ahalegin handi hartan. Halaber, haien jarduna ia osorik jarri behar izan zuten COVID-19ak eragindako premiei begira. Gaur, birusa oraindik ez da joan: hura hesitzen ahalegintzeko neurriak ezin dira alboratu, eta osasun sisteman, oro har, agerikoak dira sarbidea mugatzeko hartutako neurrien ondorioak, bai eta izurriaren ondorioz izan den aparteko lan zamarenak ere. Datu objektiboak badira hori erakusteko. Osakidetzak berriki jakinarazi du, adibidez, urtebetean handitu egin dela kirurgiaren bat egiteko zain dauden pazienteek itxaron behar duten denbora: 49 egunetik 64ra. Osasunbideko datuei begira ere, igoera. Horra adibidez, Nafarroako Ospitale Gunean kontsulta bat edukitzeko batez beste pazienteek itxaron beharreko egun kopurua zenbat handitu den iazko otsailetik aurtengora: 45etik 72ra.

 

Ikerketak badira martxan prozesu horrek guztiak zer ekarri duen aztertzeko. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, adibidez, Donostia ospitaleko Luis Bujanda medikuak zuzendutako azterlan baten berri eman du egunotan, ezer jazo den erakusteko datu objektiboak badira bertan. «COVID-19ak eragindako pandemiaren garai gorenean, iazko martxo-apiriletan, premiazko endoskopia eta kirurgia gastrointestinalen beherakada handia hauteman zen: abdomeneko kirurgia urgenteen kopurua, adibidez, % 25 jaitsi zen, eta endoskopia urgenteena, % 44». Zenbaitetan ondorio larriak izan zituela ondorioztatu dute: «Heriotza kopurua % 43 handitu zen; heriotza horiek ez zeuden justifikatuta COVID infekzioagatik bakarrik».

Bujandak azaldu du garrantzitsua dela datu horien atzean zer dagoen aztertzea.«Esplikazio ugari egon daitezke». Batetik, uste du izurriaren lehen aste haietan zabaldu ziren albisteen larritasunak eragina izan zuela herritarren pertzepzioan. «Erietxeak kolapsatuta zeuden ustea zegoen; jendea agian etxean geratu zen, bere osasun arazoa konponduko zela pentsatzen». Beste «hipotesi» bat ere badu egoera ulertzen saiatzeko; erakundeek esan zuten «behar-beharrezkoa» zenean bakarrik joateko osasun zentroetara: «Eskatu zuten oso zuhur jokatzeko». Horrez gain, osasun zentroetan kutsatzeko «beldurra» ere hedatu zela uste du, eta horrek guztiak eragina izan zuela jendearen portaeretan. «Eta agian ondorengo olatuetan ere gertatu da horixe: aztertu egin behar da hori». Eta ikerketarako eremu gehiago ere badirela ohartarazi du; abian badira, esaterako, osasun sistemaren ezohiko funtzionamenduaren ondorioz atzeratuta geratu diren diagnostikoak aztertzeko ikerlanak: «Aterako dira datuak». Eta ondorioak erauzi beharko dira horietarik ere: «Etorkizunean arazoak eragozten saiatzeko». Uste du dagoeneko hainbat ikasbide lehen mailara eraman behar direla, berandu baino lehen: «Mezua izan behar da sistema ez dela itxi behar. Pertsona batek zerbait akutua badu, ohikoa ez dena, kontsulta egin behar du, eta medikuok irekiago egon behar dugu».

Pazienteen zalantzak

Minbiziaren aurkako AECC elkartean psikologoa da Miriam Marquez, eta «beldurrak» eragin dituen ondorioei adi erreparatu beharko zaiela pentsatzen du berak ere. «Zenbaitetan, jendea beldur izan da osasun zentroetara joateko: atzeratu egin du, eta horrek hainbat pronostiko zaildu ditu». Badira datu objektiboak horretan ere: AECCk Espainia mailan plazaratutako ikerketa baten arabera, konfinamendu aroan diagnostiko berriak %21 urritu ziren. Giltzurruneko gaixoen elkarte ALCER-ek ere berriki ohartarazi du hilabeteon ostean «galgarik gabe» egin duela gora tankerako gaitzen hazkundeak, eta «inpaktu handia» izan duela izurriak gaixoei ematen zaien artan ere.

Egoera horretan, pazienteengana heltzeko bideak berrikusi behar direla uste du Bujandak. «Orain, jendeak osasun zentroetara deitzen duenean, maiz sentitzen du kosta egiten dela iristea, oztopo asko daudela bidean. Horrek ere ondorioak izan ditzake». Prozesu honetan guztian pandemia aurreko urteetan izandako murrizketek ere eragina izan dutela pentsatzen du: «Lantaldeak estutu egin dira azken urteotan, azken mugaraino; gero, bat-batean horrelako zerbait ailegatzen bada, hankaz gora geratzen da sistema».

Lehen mailako osasun arretako sendagilea da Osakidetzan Mikel Baza, eta Osatzen Familia eta Komunitateko Medikuen Euskal Elkarteko kidea. Hilabeteotako aldaketarik handiena aurrez aurreko artaren apaltzea izan dela aitortu du. Kontsulten «bolumena» ez dela urritu esan du; haiek egiteko era, bai. «Adibide moduan, 2019ko abenduan aurrez aurreko kontsultak ziren %80 inguru. 2020ko apirilean, telefonoz ziren %80 inguru. Egun, berdinduago daude, baina kontsulten erdia-edo telefono bidez dira oraindik; berrekin zaie aurrez aurreko kontsultei, baina ez dira lehenagoko mailara itzuli».

«Ekitatearen» gaineko kezka

Bazak ere argi du horrek lagatako arrastoari erreparatu behar zaiola. Egin gabe geratu diren diagnostikoei, behar adinako arta jaso gabe geratu diren pazienteei. «Aldatu dira, gainera, kontsulta egiten duten pertsonak: aldaketa demografiko bat egon da. Nire inpresioa da pertsona oso nagusiak, hainbat gaitz kroniko dituztenak, lehen gehiago ikusten genituela kontsultan». Aurrez aurreko arta apalduta, kontsultara heltzeko era antzaldatuta, osasun sarbiderako «ekitatea» ahuldu den kezka du. Telefono bidezko arta zenbait kasutan egokia dela onartu du, baina erabilera neurritsuaz harago arriskuak dituela: «Ez da konponbide magiko bat». Artarako eredu berrien gaineko gogoeta ezinbestekoa dela uste du Marquezek ere. Paziente onkologikoek aparteko zaurgarritasuna izaten dute, eta arduratuta ikusi ditu maiz iragan hilabeteotan. «Kontsulta asko telefono bidez egin ziren, eta ezinegona eragin zuen horrek. Ja lehendik kezka eta duda gutxi ez, eta gero hori erantsi behar zitzaion». Ikusten ditu oraindik ere kezkatan: «Paziente askok gaizki daramate lehen mailako arta telematikoa izatea; ezinegona eragiten die». Osasun zentroetan pazienteentzako laguntzaileentzat-eta sarbidea mugatu ahala, agertu da sarri beste arazo bat ere: «Bakardadea».

Iñaki Markez psikiatra da, osasun eskubidearen aldeko Osalde elkarteko zuzendaritzako kidea. Aurrez aurreko arta saihesteko hilabeteotan osasun sistemek hartu dituzten bideak aurrez ere «normaltasunez» erabiltzen zituztela gogoratu du, erabiltzen direla psikiatrian ere, eta badituztela abantailak; esaterako, beharrezkoak diren kontsultak ebazteko «iragazkia» izan daitezke maiz. Baina gehiegizko erabilerak arazoak ekar ditzakeela ohartarazi du berak ere: «Distortsioa eragin dezakete medikuaren eta pazientearen arteko harremanean. Horregatik, beharrezkoa da iazko erabileraren eragina ebaluatzea, zentroz zentro, eta gogoeta sustatzea horren inguruan». Irizpide bi gailendu behar dira ebaluazio hori egitean: «Eraginkortasuna eta etika».

Buruko osasunaren inguruan

Markezek gogoratu du izurria hesitze aldera antzaldatu egin zela buruko osasuneko arta ere: «Psikiatriako kontsultak itxi ziren, erietxe psikiatrikotako oheak ere bai; areago, COVID-19 pazienteak artatzeko ere erabili ziren». Joan zen lehen olatu handi hura, baina «pairamendu psikiko» handiko garai bat ekarri du izurriak, eta horri aurre egiteko baliabideen premia inoiz baino nabarmenagoa dela adierazi du. Arloan dauden hutsuneena ere bai: «Osasun publikora bideratutako inbertsioa ez da nahikoa, eta politika soziosanitarioak ere, oro har, defizitarioak dira». Uste du, hala ere, «arinkeriaz» hitz egin dela usu pandemiak ekar ditzakeen buruko osasuneko arazoez: «Badira azkenaldian herritarrei egindako hainbat inkesta mintzo direnak larriminaz, depresioez, lo egiteko nahasmenduez, trauma osteko estresaz, portaerarekin lotutako arazoez, eta suizidioaz. Finean, ordea, zera dira horiek: izua, egonezina, tristezia, lo egiteko zailtasunak, estresa, nekea eta umore txarra. Pandemiak norberari eta inguruari eraginiko arazoen ondorioa dira horiek guztiak».

Markezek argi du halakoak bideratzeko neurriak ezin zaizkiola osasun sistemari bakarrik eskatu. Begirada zabalagoa behar da, eta zoliagoa gizarte arloko aldagaien eraginarekiko: «Adi erreparatu behar zaie aldagai sozialei ere: pobretutako edo baztertutako sektore batean bizitzeak osasunari buruzko aldagai txarragoak izatea dakar».

Artikulu biluma:Itxialdien itzalean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.