Bat-batean heldu zen agindua. Madrildik lehenbizi, martxoaren 13an; Paristik, handik bi egunera. Agintariak kopetilun azaldu ziren etxeko pantaila handi nahiz txikietan, eta, gerra deklarazio orotan bezala, hitz hanpatuz beztitu zituzten diskurtso zurrunak. Ardura, segurtasuna, batasuna, heroismoa eta halako hitzekin. Horren ostean, isiltasuna: zerraldo itxita geratu zen Euskal Herria. Eskolak etenda eta egurasteko baimenik gabe, haur gehienentzat etxea bihurtu zen aldi berean ikasgela eta jolastoki, jangela eta plaza; helduek, berriz, bazuten kalera ateratzeko aukera, baina soilik lanera joateko, erosketak egiteko edo txakurra pasieran ateratzeko. Etxetik askorik aldendu gabe, betiere. Kontzeptu berriak gehitu ziren eguneroko kontu txikien hiztegira telelana, esaterako, eta, sozializatzeko beharrak akuilatuta, jendea ohitu zen balkoi eta leihoetara ateratzera. Konfinamenduak, baina, bestelako ondorioak ere izan zituen. Orbana utzi duten zauri sakonak.
Izan ere, «etxean gelditu» mantrak ez du esanahi bera terraza duen etxe handi batean, alokatutako gela batean edo kale gorrian; 20 urterekin edo 50ekin; kontratu finko batekin edo langabezian. Ondorioz, bakartzearen eragina ere ezberdina izan da kasuan-kasuan, eta hori nabaritu da, besteak beste, buru osasunaren esparruan.
«Itxialdian, jende askok okerrera egin zuen psikologikoki», azaldu du Arantxa Gorostiagak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Portaera Zientzien Metodologiaren arloko irakasleak. Iazko maiatzean, konfinamenduaren behin-behineko ondorioei buruzko ikerlana argitaratu zuen EHUk, beste zenbait unibertsitaterekin batera: 6.800 elkarrizketa egin zituzten Euskal Herrian, Katalunian eta Espainian, itxialdiak eragindako ondoez psikologikoaz. Fenomeno hori aztertu zuen ikerlarietako bat da Gorostiaga: «Elkarrizketak egiten hasi ginenean, lau bat aste generamatzan konfinamendu zorrotzean, eta, ordurako, ikusi genuen etxean bakartzeak eragin negatiboa izan zuela askorengan: ziurgabetasuna eta beldurra izan ziren galdetegietan gehien errepikatu ziren sentimenduak; %80k aipatu zuten lehen baino ziurgabetasun handiagoa sentitzen zutela, handitu egin zen ingurukoak galtzeko beldurra, eta baita gaixotasun larriak pairatzeko kezka ere».
Ezinegon orokor horrek askotariko formak hartu zituen: lo egiteko arazoak, antsietatea, depresioa eta umore aldaketa bat-batekoak, besteak beste. «Aldagai horiek guztiek okerrera egin zuten hilabete horietan».
Pixkanaka, Europako gobernu gehienek hartu zuten konfinamenduaren bidea, eta, hasiera batean, OME Osasunaren Mundu Erakundeak neurri zorrotzak txalotu bazituen ere, «salbuespenezko konponbide» bat zela gogorarazi zuen: «Urruntze fisikoak eta joan-etorriak mugatzeak, eskala handian aplikatuta, COVID-19aren transmisioa mantsotu dezakete, baina, era berean, eragin kaltegarria izan dezakete pertsonengan, komunitateengan eta gizarteengan, bizitza sozial eta ekonomikoaren paralizazioa dakartelako». Egoera horrek ezin zuen luzaro iraun.
Zehazki, hainbat sektorek eta gizataldek «kalte izugarria» pairatu dute itxialdiaren ondorioz, eta lehendik agerikoak ziren gizarte arrakalak are handiagoak dira orain. «Itxialdiaren hasieran, batez ere, jende askoren obsesioa zen izurriaren aurreko egoerara bueltatzea; gertatu denaren ostean, nik gero eta argiago daukat: ez gara lehengora itzuliko». Sara Ibarrola NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia irakasle eta ikerlariaren hitzak dira.
Osasun krisia aztertzeko tenorean, Ibarrolak uste du «ikuspuntu androzentrikoa» nagusitu dela: «Orokortzera jotzen dugu, pertsona guztiak egoera berean bagina bezala, baina jendartea ez da mihise zuri bat, eta indarrean dira botere harreman asko; genero desoreka, esate baterako, baina baita pobrezian bizitzea, migratzailea izatea, zaintza lanen ardura edukitzea, kultura edo etnia minoritario batekoa izatea ere... Analisi hori egiten ez badugu, nekez ulertuko ditugu konfinamenduaren benetako ondorioak eta ez dugu ezer ikasiko».
Hain zuzen, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eskutik, ikerketa egin du soziologo nafarrak, hainbat emakumek iazko martxotik maiatzera bitartean bizitakoak jasotzeko. Guztira, 51 testigantza bildu ditu Ibarrolak: «Itxialdiko egoera anitz emakume izateagatik bizi izan dituzte».
Itxialdia, «infernu bat»
Alarma egoerak beren erasotzaileekin batera itxita utzi zituen andreen egoera nabarmendu du Ibarrolak. Izan ere, konfinamenduarekin batera, gora egin zuten 016 telefono zenbakira egindako deiek: «Askorentzat, infernua izan da». Horiez gain, baina, pobreziak jotako emakumeak edota, guraso bakarreko etxebizitzetan, lana eta zaintza uztartu behar izan dituztenak aipatu ditu. «Horietako askok esan dute itolarrian sentitu direla etxealdian, estresak jota».
Ibarrolarena ez da egiturazko desberdinkeriak aipatu dituen ikerlan bakarra. EHUk iaz argitaratutako txosten batean ere azaldu zuten «emakumeek, gazteek eta langabeek» jaso zutela alarma egoeraren kolpe gogorrena: «Datuak oso adierazgarriak dira: emakumezkoetan konfinamenduak intzidentzia handiagoa izan du psikologikoki, gizonezkoetan baino», azaldu du Gorostiagak. Gazteek eta langabeek ere indar handiagoz sufritu dituzte bakartzearen albo kalteak: «Oso gaizki pasatu dute batzuek eta besteek. Lanpostua aldi baterako edo behin betiko galdu zuten pertsonen artean, adibidez, nabaria izan zen okertzea, baina gazteen egoerak harritu gintuen: beste adin tarteekin alderatuta, askoz ohikoago bihurtu ziren umore aldaketak, depresioari lotutako sentimenduak, antsietatea... Behar handiagoa dute sozializatzeko eta lagunekin egoteko, baina itxialdiak errotik moztu zien hori».
Iazko maiatzean, konfinamendu neurri zorrotzenak arintzearekin batera, olatuaren erresakaz ohartarazi zuten aditu batzuek. Denborak arrazoia eman die: «Argi zegoen alarma egoeraren ondorioz herritar batzuek laguntza psikologikoa beharko zutela, eta hala izan da. Arreta profesionalaren beharra handitu da urtebete honetan, batez ere lehendik egoera zaurgarriagoan zeuden taldeen artean».
Orbainez gain, baina, ikasgaiak ere utzi zituzten iazko itxialdiek, eta horiei erreparatzeko beharra nabarmendu dute Gorostiagak eta Ibarrolak. «Oso zaila da osasun larrialdi bat kudeatzea», azaldu du EHUko ikerlariak. «Lehentasuna eman behar zaio osasun egoerari, baina beste alor batzuk ahaztu gabe: ekonomia, psikologia, gizartea... Dena ixtea oso neurri zorrotza izan zen, eta gaixotasunak eragindako beldurrari gehitu zitzaizkion hartutako neurrien ondorioak: harremanak galtzea edota babes sozialak bertan behera gelditzea».
Ibarrolaren ustez, izurriak agerian utzi ditu «zaintza ereduaren krisia» eta egungo eredu ekonomiko eta sozialaren gabeziak: «Konfinamenduak erakutsi digu elkarren beharra dugula denok, eta ezinbestekoak direla oinarrizko gizarte zerbitzuak eta ekonomia jasangarri eta hurbil bat, pertsonen beharrak aseko dituena».
Artikulu biluma:Itxialdien itzalean