«Berriz isilarazi gaituzte; burutik pasa zekigukeen guztia pasatu zaigu»

Adingabea zela, Cabezudoren biktima izan zen Izaskun Acosta; egun, sentitzen du haren mendean egon zela eta «bizirik irtetea» lortu zuela. Dokumentalean parte hartu du; «traizioa» iruditu zaio lana ez ematea.

arantxa iraola
2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Ez du baztertzen «biktima» hitza, baina bere burua definitzeko orduan ez du erabiltzen Izaskun Acostak; barne gogoetetan beste era batean ikusten du bere burua. Madrilen du bizilekua, eta handik solastatu da BERRIArekin, telefonoz. Sortzez donostiarra da, 1975ean jaioa, eta Kote Cabezudoren salatzaileetako bat; 1991. urtean, oraindik adingabea zela, argazkilariak mendean hartu zuen, eta handik «bizirik irtetea» lortu zuela esaten du orain modeloak. Urteak behar izan ditu, ordea, harekin bizitakoei, lagatako arrastoei, izen hori jartzeko. Argazkilariaren kontrako epaiketan mintzatu ziren andreetako bat izan zen; preskribatutzat jo zuten ordurako hark salatutakoa, baina lekuko gisara aritu zen. En el nombre de ellas dokumentalean ere mintzatu da, eta, orain, lan hori zabaltzeko zailtasunek ezinegona eragin diote. Gertutik erreparatu dio hura egiteko prozesuari; lana Disney Plusen gisako plataforma indartsu batean zabaldu ahal izateak esperantza piztu zion, eta «traizio» egin diela sentitu du orain.

Ikusi gehiago:Ahotsa ozentzeko zailtasunak

Kamutsak iruditu zaizkio Disney Plusek emandako «azalpenak», eta «etsita» dago. «Konfiantza jartzen duzu haiengan, zeure burua ageri-agerian jartzen duzu, eta...». Eta lana ezin izan da estreinatu oraindik. Nabarmendu nahi du kameren aurrean jartzea ez zela erabaki samurra izan, eta atzean egon den prozesua zaila izan dela. «Nik, adibidez, hasieran ez nekien aurpegia eman nahi nuen», azaldu du. «Oso seguru egon behar duzu urrats hori egiteko, babes oso handia sumatu behar duzu», erantsi du. «Nik neuk, esaterako, 26 urte egin nituen isilik; asko kostatzen da horrelako zerbait kontatzea». Orain, iruditzen zaio «merezi ez zuen norbaitengan» jarri zuela «konfiantza». Jasotako tratua ezin okerragoa izan dela deitoratu du, gainera. «Komunikatu bakar bat ere ez digute bidali, ez pribatuan, ez jendaurrean, ez ezer adierazteko, edo barkamena eskatzeko...».

Prozesu zaila

Aurrez sentitu izan duten sentimendu bat indartu die gertaerak. «Berriro isilarazi gaituzte, eta burutik pasa zekigukeen guztia pasatu zaigu», onartu du: «Pentsatzen duzu norbaitek telefono bat hartu duela, eta esan duela: 'Dokumental honek ezin du argitara irten'». Biktimei babesa emateko plataformako kideek eta biktimen abokatuak usu salatu dute gaiaren inguruko isiltasuna, eta Acostak argi du badirela horretarako arrazoiak. «Behin baino gehiagotan sentitu dugu gai honi ez ikusiarena egiteko nahi bat dagoela», azaldu du. «Oso gogorra izan da ikustea zeinen erraz isilarazten gaituzten, eta nola kentzen zaien garrantzia gizon honek egindakoei». Portaera orokor bat izan dela uste du. «Haren alde egin da hedabideetan, politikaren arloan, eta baita arlo juridikoan ere...». Asaldatu egiten du isiltasun horrek, eta haren ondoriozko zigorgabetasunak. «Gizon horrek 30 urte eman ditu abusuak eta bortxaketak egiten, irudiak salerosten, askotan adingabeekin... Hain larria da kasua!».

Sr. Mono ekoiztetxeak egin du dokumentala. Nola azaldu kameren aurrean, zer kontatu; haien erabateko babesa izan zutela esan du, eta biktimak ondo zaindu zituztela lana egitean. «Ez ziguten inolako baldintzarik jarri, ez ginen hertsatuta sentitu». Horregatik erabaki zuen hitz egitea: «Gauzak aldatu nahi baditugu, justizia aldatu nahi badugu, bidegabekeriak erakutsi egin behar dira».

Berriro

Epaituta dago egun Cabezudo, eta preso, baina Acostak uste du auzibidean ere, oro har, traba gehiegi izan zirela. «Fiskalak berak 250 urteko zigorra eskatzen zuen; 28 urtekoa jarri diote». Sententzia irakurrita, halaber, asaldatu egin da hainbat pasarterekin. «Ematen diren zenbait argudio sutan jartzeko modukoak dira; gure lekukotasuna auzitan ere jartzen da zenbait pasartetan». 150 bortxaketa salatu zituen, esaterako, biktimetako batek. «Lehena bakarrik hartu dute aintzat». Acostak ez du ulertzen: «Bideoak eta dena daude erakusteko, eta hala ere, zigorrik ez?». Eta auzibidea motel joan dela ikusita, argi du ezin dutela ezer onaren susmorik hartu. «Askoz ere lehenago sar zitekeen kartzelan, esaterako, eta ez zen egin. Jende asko dago horren guztiaren atzean; ez zaie interesatzen hau jakitea». Are, uste du «sexu eskandaluei» buruzko kontuak ezkutatzeko nahi bat dagoela ororen gainetik.

Horregatik, espero du dokumentala zabaldu ahal izatea azkenean. «Zain gaude. Espero dut itxaronaldia ez dela luzea izango». Lan osoa dela uste du, auzibide osoa behar bezala ulertzeko ezinbestekoa: «Dokumentala bukatuta ikusi, datu guztiekin, eta beldurgarria da... Neu zur eta lur geratu nintzen; kosta egin zitzaidan buelta ematea. Ileak lazteko modukoa da istorio guztiak ikustea, baita atzean zer dagoen ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.