Eta ez nolanahikoa, oso handia, ELAk atzo salatu zuena zuzena bada, eta zuzena izateko itxura guztia dauka. Sindikatuak salatu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetan irakasle izatekooposizioa gainditu nahi duen irakasle hendaiarrak —sindikatuak jarri duen adibidea hona ekarrita— C2 maila egiaztatu behar du gaztelaniaz. Euskaraz, aitzitik, aski du C1 edukitzearekin.
Antzeko inkongruentzia gertatu izan da urteetan EHUn ikasketak euskarazko adarren batean egin nahi zituzten Ipar Euskal Herriko ikasleekin. Parisen atzerritarrentzako gaztelaniazko azterketa egin behar izaten zuten gazteleraz eta Espainiako edukien curriculumarekin, paristarrak edo marseillarrak balira bezala. Haien herrian atzerritar jotzen zituen ez buru eta ez hanka ez zeukan arau hark.
Euskara gutxiesten duena kanpoko egitura bat denean —Espainiako justizia gure herrian— oso azkar sutzen gara guztiak, eta hasten gara termino apokaliptikoak erabiltzen. Besteei zer egin behar duten esan aurretik komeni da norberak ondo aztertzea etxe barrua nola daukan, eta gauzak behar bezala egiten ote dituen.
Mentalitate espainiarreko epaile batek udaltzain guztiek euskara ez daukatela zertan jakin esatea bezain larria da, larriagoa ez bada, Jaurlaritzak udaltzain erdaldunak bidaltzea udan Donostiara.
HIZPIDEAK
Sari bat emango digute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu