Garazi Goia.
IRITZIA

Hasiera eta ibilbidea

2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Nondik datorren, zein den sormenaren arrazoia eta sustraien indarrak definitzen dute izatearen zati handi bat. Ibilbideak osatzen du beste zati handia. Gaur horretaz arituko naiz, eta amaiera ekiditearen mezu itxaropentsuez.

Ikusi gehiago:ZERU ARGIAN, TXORIAK ILUSIOA PIZTU ZUEN

Poztasunez gogoratzen ditut EITBri esker gordetzen ditudan haurtzaroko hainbat oroitzapen: hasierako ereserkia; marrazki bizidunak (Arale, Kaixo Sandybel, Dragoi Bola, Dotakon...), telesailak euskarara itzulita (Lehenengo muxuak); gurean sortutako sitcom-ak (Bi eta bat, Jaun eta jabe); hainbat eta hainbat futbol partida. Horiek denek nire haurtzaroan eta nerabezaroan arrastoa utzi zuten. EITB gurea zen zerbait zela sentitzen genuen, gurea bakarrik, elkartzen gintuen zerbait, eta egunerokotasunean benetako tartea egiten genion.

«Beste garai batzuk ziren. Konpetentzia gutxiago zegoen, aukera gutxiago», esango didazue. Bai, noski, baina horrek ez dio kentzen sentimendu eta memoriari balioa. Hori hor dago, niregan eta ziurrenik nire belaunaldiko hainbatengan ere.

Azken hogei urteetan telebista publikoen testuinguruan ikasteko eta lana egiteko pribilegioa izan dut, Erresuma Batuan eta nazioarteko hamaika telebistarekin. Besteak beste, BBC etxean hamar urte eman nituen, eta benetan argi ulertarazi zidan zein diren ziurrenik munduko erreferentzia handiena denaren balioak: nola islatzen duen herriarekin duen konexioa, identitatean duen zama; britainiar izatean utzi duen arrastoa; herriak nola sinesten duen BBCk dioenean, nola gehiengoak ez duen zalantzan jartzen markaren atzean dagoen osotasun demokratikoa. Aurten bete dira 100 urte BBC sortu zenetik, eta kanpainaren erdigunea esaldi batek hartu zuen: «We are BBC» (gu BBC gara).

Zer herrialdetan esaten da hori?

Gu EITB al gara?

Egunotan, Royal Television Society elkarteak antolatu zuen urteroko ekitaldian, BBCko zuzendari nagusiak eman zuen sarrerako hitzaldia. Aukerez aritu zen. Inoiz baino larritasun handiagoa nabaritzen zen hitzaldian. Europa mailan, urgentzia horren pisua iritsi zen hainbat kazetari eta analistaren hitzetara ere. Gobernuari egiteko zion zeharkako mezua zela zioten batzuek. Estrategia garbia. Nire ustez ez dago ezkutatzeko denborarik, eta gardentasuna azaldu zuen une kritiko honetan.

Bere hitzaldiaren irekierako paragrafoa itzuliko dut, esan zuen moduan, indar handia daukala iruditzen zaidalako: «AEBetatik eta Txinatik datorren zurrunbilo globalak bazterreratu gaitzan utziko al dugu, gure britainiar aurpegiak ausardiaz erakutsiz? Etsi egingo al dugu, gure kultura eta sormena plataforma polarizatuek eta kanpoko edukiek deformatu dezaten? Edo, aldiz, gureak diren istorioak kontatzen jarraituko dugu, mundu osoak guri inbidiaz begira jarraitu dezan? Gaur helburu sinple bat komunikatu nahi dizuet: gure aukerak eginez hazi nahi dugu, erantzukizunaren jabetza hartuko dugu». Hitzaldiaren beste zati batean, BBCk anbizio handiagoa izan behar zuela aldarrikatu zuen. Gobernuak, politikariek, BBCko langileek eta herriak, denek elkarrekin lana egin beharra azpimarratu zuen. Orain arteko garaipenak sormena eta interbentzioaren eraginak izan direla. Duela bost urte telebista tradizionala heldu gazteen %80k kontsumitzen zuten. Gaur, 16-24 urtekoetan Tiktok sare sozialak BBCk baino share handiagoa dauka.

Hitzaldia ixteko, beste lau galdera ireki egin zituen, irmotasunez betetako «bai» bat erantzuna emanez:

. Interneten oinarritutako etorkizun baterantz urgentzia handiagoz mugituko al gara?

. BBC barrutik azkarrago eraldatuko al dugu, garai digitalean lidergo sendoagoaz ibiltzeko?

. Proaktiboak izango gara BBC markan inbertitzeko orduan?

. Etorkizuneko arrakastaren definizioa azkarrago zehaztuko al dugu?

Hori da mundu guztian gertatzen ari dena. Horiek dira BBCren aukerak. Eta bere esku dago aukera horiek nola eta noiz egingo dituen. Eta, batez ere, inor ez da ezberdina. Telebista publiko guztiak erronka beraren aurrean daude. Inork ez dauka txartel berezirik. Guk ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.