Aguraingo (Araba) DHL logistika zentroko langileak greba mugagabean daude maiatzaren 23az geroztik. Bi hilabete dira lan gatazka abiatu zenetik. Izan ere, hitzarmen kolektiboak 2017ko abenduaren 31n utzi zion indarrean egoteari, eta hura berritzeko negoziazioen porrotak eraman ditu egungo egoerara. Zortzi hilabete eman zituzten negoziatzen. Guztira hamabi alditan elkartu ziren langileen ordezkariak eta enpresaren zuzendaritza tarte horretan, baina ez zuten lortu ados jartzea. «Ez atzera ez aurrerako puntu batera heldu ginen, eta grebara joan beste aukerarik ez genuen izan», adierazi du Itziar Gorospe langile batzordeko ELAko ordezkariak.
Enpresaren zuzendaritzak ez du hitzarmena berritu nahi, eta Arabako salgaien garraiorako ituna aplikatu nahi du horren ordez. Langileak ez daude hori onartzeko prest: «Itun propioarekin amaitzea izan da haien nahia hasieratik, baina ezin dugu onartu halakorik. Badakite hitzarmena oinarrizkoa dela guretzat». Itun bat edo bestea aplikatzeak soldatetan du eragina, hein handi batean, lurraldeko ituna aplikatuz gero soldaten mailakatze bikoitza mantenduko bailitzateke. Hots, behin-behineko langileek eta 2010az geroztik kontratatutakoek ia 3.000 euro gutxiago irabaziko lukete urtean, «nahiz eta kontratu mugagabea duen langile baten lan bera egin».
Bi soldaten arteko aldea «ez da handia», Arkaitz Etxazarren hitzetan. Hain zuzen horrek erakusten du zein den zuzendaritzaren nahia, ELAko ordezkariaren arabera: «Argi dago gure zentroko ituna ezabatzeak buruko min bat gutxiago eragingo diola zuzendaritzari. Edozein lan gatazka gainetik kenduko du, eta gure negoziazio ahalmena txikitu». Lurralde mailako itunarekin zuzendaritzak «eskuak garbitu» nahi dituela salatu du Etxazarrak.
Bigarren salaketa
Egun, 110 langile ditu Aguraingo logistika zentroak. Lan hitzarmen propioak laurogei langileri eragiten die; 30 langilek, berriz, soldatak hitzartu dituzte. Horrez gain, beste berrogei langile daude behin-behineko enpresa baten bitartez lanean: horiei ez zaie aplikatzen zentroko ituna. «Gero eta gutxiago gara lan ituna daukagunak. Langile berriei Arabako ituna aplikatzen baitzaie; gure itun propioa anekdota hutsa bilakatuko da», ohartarazi du Gorospek.
Etxazarrak salatu du langileen artean zatiketa eragin nahi duela zuzendaritzak. Izan ere, proposatu die langile finkoei zentroko lan ituna aplikatzen jarraitzea, baina lurraldekoa aintzat hartzea behargin berrien kontratazioetan. «Soldatarik jaitsiko ez digutela eta lasai egoteko esan digu zuzendaritzak. Baina ezin dugu halakorik onartu. Zatiketa eragin nahi dute, helburu hori dute. Eta orain baino handiagoa izango da haien eredua onartzen badugu».
Hitzarmen kolektiboak eragiten dien langileak soilik ari dira greba egiten. Beharginen ordezkariek adierazi dute «une oro» errespetatu dutela gainerakoen lanerako eskubidea, baina ez dutela gauza bera egin beraien grebarako eskubidearekin. Gorosperen hitzetan, «Aguraingo prozesuaren zati bat DHLren Seseñako (Gaztela-Mantxa, Espainia) lantegira eraman dute», eta langile gehiago kontratatu ditu enpresak haien postuak ordezkatzeko. «Hamazazpi langile kontratatu zituzten greba hasi genuenean, oporrak ordezkatzeko zirela esanez: inoiz ere ez da egin halakorik. Hori gutxi ez, eta beste hamabost langile ere kontratatu dituzte azpikontrata baten bitartez: hamar urte ziren halakorik egiten ez zela. Kasualitatea izango da...».
Bigarren salaketa
Salaketa jarri dute lan ikuskaritzan. Ez da estreinakoa: aurrez ere isun bat ordaindu zuen enpresak aldi baterako kontratazioetan «iruzurra» egiteagatik. «Badirudi nahiago dutela isuna ordaintzea gatazka konpontzea baino».
Ia bi hilabetean lau aldiz elkartu dira aldeak konponbidea bilatzeko. Atzo izan zuten azken bilera, baina ez da akordiorik. Langileen ordezkariek diote zuzendaritzak ez duela negoziatzeko borondaterik, eta mobilizazio gehiago iragarri dituzte. Eroski eta Bellotarentzat jarduten dute Aguraingo zentroan, eta horien egoitzetan ere elkarretaratzeak egingo dituzte. «Puntu honetan, ez da protesta huts bat», dio Gorospek; «greba mugagabea da, eskubide urraketak daude, negoziaziorako borondate falta dago... Azaleratu behar da hori dena».
Lan harremanak
Greban, itun propio baten alde
Aguraingo DHL logistika zentroko langileek ia bi hilabete daramatzate greba mugagabean. Salatu dute enpresako zuzendaritzak ituna berritu nahi ez eta beren grebarako eskubidea urratu duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu