Iñigo Muguruzari omenaldia

«Elefante bihotza zeukan»

2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Iñigo Muguruza ezagutu nahi baduzu, komeni zaizu jakitea bere idolo handienetako bat izan zela El Mago Tamariz. Bai, bai, El Mago Tamariz. Eta El Gordo y El Flaco, Manolo Ruedas, Manolo Ruedas?... bueno eta beste hainbat estilo horretakoak. A, eta ikaragarri maite zuen Jaume Sisaren Qualsevol nit pot sortir el sol. Badakizue, «Oh! Benvinguts, passeu, passeu./ De les tristors en farem fum...». Fantasiaren mundua...

Iñigo ezagutu nahi baduzu, esango dizut azken urte luzeetan ez zuela ilusio handirik garai bateko bere musika-izarrak zuzenean ikusteko. Hori bai, Neil Young aipatu eta irribarre jostalari batez, zera erantzungo zizun: «Bueno, Neil Young... igual, gustura joango nintzateke ikustera».

Iñigo Muguruza ezagutu nahi baduzu, komeni zaizu jakitea duela hiru urte nola esan zuen bere urtebetetzea modu berezian ospatzeak ilusioa egiten ziola, eta nola gonbidatu zituen ospakizunera bere lagunak, talde batean edo bestean kide izan zituenak, senideak eta lagunak. Kalkulatzen dut izango ginela 70 edo 80 gonbidatu, eta zitatu gintuen guztiok Pizza Willin, Irungo lokal ñimiño batean, estu-estu jarrita ere, lekua izango duena lau katu flakorentzako. Baina ordukoan ere alde izan zuen zortea, eta abendua izan arren, ez zigun euririk egin, eta han ibili ginen biribilketa alaian, guztiok eskuan pizza puskekin.

Orain arte entzundakoagatik iruditzen bazaizu tipo komikoa zela, erdizka ari zara asmatzen, amigo. Komikotik bazuen, dudarik gabe, hori zen bere alderdietako bat, baina beste alderdi batzuk ere bazituen. Esaterako, sentsibilitate berezi baten jabe zen, oso sentsibilitate berezia, eta hain zuzen ere sentsibilitate horri esker utzi zizkigun musikan (eta ez musikan bakarrik) opari eder, paregabe haiek.

Iñigoren arrastoari segitu nahi badiozu... Ez jarraitu tipo gogor testosteronaz beteen estereotipoaren arrastoari, keba; berak umorez aldarrikatzen zuen gizon ahula: alegia, gizon ahula, goxoa... 2013an emandako elkarrizketa batean ere zera esaten zuen: «Zer ikusi gutxi dute nire egungo balioek garai batekoekin. Duela urte batzuetatik hona, niretzat printzipalena nire bi alabak eta Estitxu dira». Karmele Jaiok bere azken liburuan egindako eskaintza ez da kasualitatezkoa. «Iñigo Muguruzari, gizon berri guztiei».

Labur esateko, Iñigo Muguruza ezagutu nahi baduzu, garbi eduki ez zela pertsona arrunta. Batzuek zioten fikziozko pertsonaia zela; beste batzuek, ez zela mundu honetakoa... Ezin da ukatu logika propioa zeukala... Baina ze gauza!, nola lortu zuen guk denok hainbeste maitatzea? Segur aski izango zen bere ezaugarri nagusiagatik. Eta zein zen, ba, bere ezaugarri nagusi misteriotsu hura? Ba, bihotzaren tamaina, lagunok. Elefante baten bihotza zeraman barruan Iñigok, eta mila modutara islatzen zen bihotz hura bere eguneroko bizitzan.

Ez dakit... Lagundu al dizuet pixka bat Iñigo ezagutzen?

Jabier Muguruzak Bilboko Kafe Antzokian Iñigo Muguruzarentzako egindako omenaldian irakurritako testua, gazteleraz tartekatutako pasarteak euskaratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.