Inflazioa %4ra igo da, azken hamarkadako kopururik handienera

Energien garestitzeak eta ekoizpen eta garraio kostuen handitzeak eragin dute igoera. Luzerako bada, erosahalmenari kalte egin diezaioke

jokin sagarzazu
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Kontsumo ondasunen prezioak gora ari dira etengabe, eta inflazioa %4ko langara iritsi da Hego Euskal Herrian. Atzeraldi Handiaren lehen urteetara jo behar da maila horretako erreferentzia bat aurkitzeko. Bereziki energien prezioen igoera neurrigabeek eta nagusiki argindarrarenak eragin dute azken hamarkadan inoiz ikusi ez den inflazioa. Joera globala da, dena den: AEBetan %5,4ra igo da, eta, euroaren eremuko herrialdeetan, %3,4ra batez beste.

Urtea hasi zenetik, prezioek etengabe gora egin dute ia alor guztietan, energiarenek bultzatuta. Baina ez da arrazoi bakarra. Osasun krisiak hobera egin duen neurrian, jarduera ekonomikoa eta kontsumoa suspertu egin dira, eta, horrekin batera, lehengai eta produktu askoren prezioak handitu egin dira, inbutu efektua sortu baita zenbait merkatutan, eskari handiari erantzun ezinda dabiltzalako.

INE Espainiako Estatistika Institutuak atzo kaleratutako datuen arabera, Hego Euskal Herrian abuztutik irailera %0,8 garestitu dira hark aintzat hartzen dituen produktuen prezioak; urtea hasi denetik, %3,1 handitu da, eta, iazko irailekoekin alderatuta, %4. Lurraldez lurralde, %4,1 Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta %3,9 Bizkaian.

Bereziki energien garestitzea dago igoera horien atzean; udatik inoizko preziorik garestienen artean daude argindarra, gasa eta gasolina. Etxeko energiak iazko irailean baino %16,1 garestiago daude Nafarroan, eta %14,6 beste hiru lurraldeetan. Jarraian, garraioarekin loturiko prezioak igo dira gehien: %9,4 eta %9,1, hurrenez hurren.

Elikagaien erosketa saskian ere nabaritu da igoera, %2 ingurukoa: jaki asko dira urte hasieran baino garestiagoak: olioa, kafea, haragia, barazkiak... horien ekoizpen eta garraio kostuek gora egin baitute nabarmen azken hilabeteetan.

Orain arte lasai agertu dira erakundeak inflazioaren gorakadarekin; susperraldi ekonomikoaren ondorio positibo gisa hartu dute. Baina azken hilabeteetan zenbait ahotsek, Nazioarteko Diru Funtsak, besteak beste, ohartarazi dute joera horrek luzaro irautea arriskutsua izan daitekeela, bereziki energiaren prezioak beste produktuetara eta zerbitzuetara igarotzen badira. Ohartarazi du inflazio espektatiba handiak kaltegarriak izan daitezkeela inbertsioarentzat eta enpleguarentzat.

Soldatekin adi

Soldatetan ere eragin nabaria du KPIak, erosahalmenarekin lotzen baita; egungo mailari eutsiko balio, igoera handiak jaso beharko lirateke horren araberako igoerak adostuta dituzten lan itunetan, eta negoziatzen ari diren hitzarmenak era baldintzatu ditzake.

Halaber, ahalegin handiagoa eskatuko lieke administrazioei, langile publikoen soldatak eta pentsioak egokitzeko, besteak beste. Funtzionarioen kasuan, Espainiako Gobernuak %2ko igoera zehaztu du aurrekontuetan; KPIaren azpitik, beraz. Madrilek kopuru hori jarri du egungo egoera ezohikoa eta aldi baterako izango dela iritzita, energiaren krisiak eragindakoa, eta 2022ko bigarren hiruhilekorako egoera normalizatzen hasiko dela pentsatuta; zail ikusten du inflazioa egungo mailan mantentzea datozen hilabeteetan, eta uste du logikoena dela urteko zatirik handienean %2tik behera egotea.

Pentsioetan, berriz, behartuta dago KPIa kontuan hartzera, eguneratze sistema berria erabiliko baitu: aurtengo batez besteko KPIaren arabera eguneratuko ditu, hortaz, eta uste du hori %2 eta %2,5 artean izan daitekeela urte amaieran.

Kopuru horiek bat datoz EBZ Europako Banku Zentralaren aurreikuspenekin. Datorren urtean inflazioa %2tik behera egongo dela uste du, eta %1,5etik behera 2023an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.