Alerta egoeran da Euskal Herria, haize ufada handiengatik eta olatu zakarrengatik. Orduko 100 kilometro baino gehiagokoa izan da haizearen abiadura, eta kalteak izan dituzte hainbat tokitan: adarrak haustea, zuhaitzak erortzea eta hiri altzariak mugitzea eragin dute, besteak beste. Haizeteen ondorioz, hainbat auto istripu ere gertatu dira, biktimarik eragin gabe. Gaur ere alerta horia ezarria dago haizeteagatik, eta laranja kostaldean, olatu handiengatik. Itsasoa harrotzeko arriskua ere badago, eta gutxienez bihar arte mantenduko dituzte alertak Euskal Herrian.
Ertzaintzak atzo nabarmendu zuen haizeteek eragindako kalteak konpontzeko ia 400 esku hartze egin behar izan zituztela atzo goizalderako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gehienak Bizkaian izan ziren, eta hiru trafiko istripu izan ziren, zauriturik gabe. Loiuko (Bizkaia) aireportuan ere antzeman zuten denboralea: hamabost hegaldi bertan behera utzi behar izan zituzten herenegun iluntzean. Are, denboralea dela eta, 5.000 bidaiari baino gehiago hegazkina hartu ezinda egon ziren atzo.
Ipar Euskal Herrian, 2.300 etxetan baino gehiagotan argirik gabe geratu ziren atzo goizaldean, haizeak elektrizitate kable asko eten zituelako. Atzo arratsaldetik alerta laranja ezarria dute Lapurdiko kostaldean ere. Hondartza gehienetara sartzea debekatu dute —7 metro arteko olatuak aurreikusi dituzte—, eta ohartarazi dute gainezka egin dezaketela barnealdeko zenbait ibaik.
Nafarroako ipar-ekialdean abisu horia ezarri zuten atzo, euriagatik, aurreikusi baitzuten hamabi orduan 40 mililitro pilatuko direla. Haizeagatik, berriz, ia Nafarroa osoan dago alerta horia.