Tortura. Estrasburgoren epaia

Nafarroako Gobernuari torturari buruzko ikerketa egiteko eskatu diote

Estrasburgok torturari buruz ebatzitako sei kasutan instrukzio epaile izan zen Grande-Marlaska

joxerra senar
Iruñea
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
«Emozioz» jaso zuen atzo Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak kaleratutako ebazpena Iñigo Gonzalezek. Epaitegiak arrazoi eman dio, eta bere tortura salaketa ez ikertzeagatik Espainiako erreinua zigortu du. Duela hamar urte atxilotu zuten, Jon Patxi Arratibel, Xabi Beortegi, Iker Moreno, Gorka Zabala eta Gorka Mayorekin batera. Mayok izan ezik, gainerako guztiek inkomunikazio aldian torturatuak izan zirela salatu zuten, eta, atzoko ebazpenarekin, Estrasburgok arrazoi eman die jada euretako hiruri. Horregatik ere, «amorrua» sentitzen duela aipatu zuen Gonzalezek, torturaren aitortzan bide handia geratzen baita egiteko, haren ustez. Beharrezkotzat jotzen du Nafarroako Gobernuak «berehala» torturaren gaia sakon ikerdezala.

Epaia jaso eta zazpi ordura, Katakraken irudi berezia osatu zen. 2011ko urtarrilaren 18an atxilotuak izan zirenetako bost elkarrekin agertu ziren —Gorka Zabala baino ez zen falta—. Mahaian, ezker-eskuin, alboan eseri zitzaizkion Xabier Beortegi eta Jon Patxi Arratibel, eta, atzean, Iker Moreno eta Gorka Mayo. Estrasburgoko epaitegiak, lehenik, Arratibelen aldeko ebazpena kaleratu zuen, 2015eko maiatzean, eta, urtebete geroago, 2016ko azaroan, Beortegiren aldekoa.

Horregatik, urteotan egindako «lan guztia» gogoan hartu zuen Gonzalezek: «Tortura beste ikuspegi batetik azaldu nahi izan diogu euskal jendarteari. Lehen zeuden molde batzuk hautsi, eta gaiari alde humanoa eman diogu, erakutsiz nola hausten duen pertsona bat barrutik. Beharrezkoa deritzogu erreparazioa, aitortza eta, batez ere, ez errepikatzeko bermea izateari». Epaiari garrantzi eman bazion ere, «urrats txikia» dela uste du, Euskal Memoriak egindako ikerketak 5.655 tortura kasu aipatu zituelako eta oso gutxi direlako «nolabaiteko aitortza» jaso dutenak.

Aurreko hamarkadetan, tortura kasu ugari izan badira ere, eurenak baditu berezitasunak, nazioarteko erakundeetan aitortza hori jaso dutelako. Lehenik, Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak polizia operazioa egin zeneko urte hartan egindako txostenean jaso zuen Guardia Zibilak torturatu zituela. Bertan adierazten zenez, tratu txarren testigantza «sinesgarri eta irmoak» jaso zituen batzordeak, eta gogora ekarri zuen aurreko bi hamarkadetan inkomunikazio aldian Guardia Zibilak egindako tortura kasuak direla-eta ohartarazpen ugari egin arren, Espainiako Gobernuak ez zuela ezer egiten.

Bestalde, hirugarren aldia da Estrasburgoko Auzitegiak auzi bereko hiru pertsonari arrazoi eman diela eta haien tortura testigantzei sinesgarritasuna eman diela. Halaber, Estrasburgoko Auzitegiak «11. aldiz» kondenatu du Espainia tortura salaketen aurrean ezer ez egiteagatik. «Belarrondoko bat eman dio espainiar instituzioen eta Auzitegi Nazionalaren sinesgarritasunari. Espainia Turkiaren pare geratzen da berriz».

Jarraian, Fernando Grande-Marlaska egungo Barne ministroarengana zuzendu zuen hatza, hura izan baitzen ordu hartan euren operazioa agindu zuen instrukzio epailea. «Bera zen gure segurtasun fisiko eta psikologikoa bermatzeko ardura nagusia zuena, eta nahiko agerikoa da ez zuela bermatu». Gonzalezen arabera, seigarren aldia da Estrasburgok Espainia kondenatu duela, Grande-Marlaska epaile zeneko tortura salaketak ez ikertzeagatik. «Gizon honek munduko marka guztiak hautsi ditu, ziurrenik. Edozein estatu demokratikotan gutxienez ikerketa bat irekiko zitzaion», salatu zuen, jarraian gogoratzeko Espainiako egungo Barne ministroa dela:«Alderantziz Espainian, Ministroen Kontseiluarekin saritu egin dute».

Aurrera begira

Datozen egunetan, hainbat egitasmo aurkeztuko dituzte, besteak beste, Grande-Marlaskari erantzukizunak aurkezteko. Beste lan ildo bat torturaren aitortza eta erreparazioa da. «Espainiako Gobernuak, Euskal Herrian, independentismoaren aurka tortura erabili izana onartu behar du», aipatu zuen Gonzalezek. Haren ustez, memoria kolektiboan ezin da geratu tortura gauza puntual bat izan zela, «praktika sistematikoa» baizik.

Iraganean, Euskal Memoriak zein Jaurlaritzaren ekimenez Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako azterlanek agerian utzi zuten ondorio hori. Horregatik uste dute Nafarroako Gobernuak antzeko ikerketa bat egin beharko lukeela,jakiteko zenbat herritarrek jasan dituzten torturak segurtasun indarren eskuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.