Amazonek irribarre gutxi eragin ditu merkatari txikiengan azkenaldian, eta elkarren arteko harremanak ez du, itxuran, helmuga onik. Badira, halere, plataformari aurpegi txarra jartzen ez dioten saltokiak ere, eta hark eskaintzen dituen erraztasunak baliatzen dituztenak salmentei beste irtenbide bat emateko. Bilboko Astarloa liburu denda da horietako bat. Bigarren eskuko liburu zaharrak eta bildumagintzarako artikuluak saltzen dituzte: postal eta dokumentu zaharrak, jostailuak... 2008an hasi ziren Amazonen bitartez saltzen. «Ordu hartan ez zegoen beste plataformarik, eta behar genuen gure Interneteko merkatua zabaltzeko zerbait. Beraz, aukera ona iruditu zitzaigun Amazonen aldeko hautua egitea», azaldu du Iker Madariaga dendako arduradunak.
Eta apustua ez zaie batere gaizki atera, astean 150 eta 200 liburu artean saltzen baitituzte plataformaren bitartez, Madariagak ziurtatu duenez. «Luzera begira, merezi izan digu, egia esan». Gaur egun, 30.000 liburu inguru dituzte Amazonen erakusleihoan. Hori bai, denda fisikoan baino zertxobait garestiago saltzen dituzte, plataformaren bitartez egiteak eragindako kostu gehigarriei aurre egin ahal izateko.
Izan ere, hiru ordainketa egiten dizkiote Amazoni. Tarifa finkoa da lehena: plataforma erabiltzeagatik 40 euro ordaintzen ditu negozioak hilero. Salerosketa bakoitzaren komisioa da bigarrena: erosketa bakoitzaren %15 edo %20ko komisioa kobratzen die plataformak. Eta liburuen tasa da azkena: saldutako ale bakoitzeko euro bat ordaindu behar dute. «Garestia da Amazonen saltzea», azpimarratu du Madariagak. Eta gaineratu du gainerako baldintzak ere zorrotzak direla: «Bidalketa gastuak, bidalketa epeak, bezeroen balorazioak... Baina guri funtzionatzen digu, egia esan».
Bilboko Astarloa kalean dute denda fisikoa, eta Amazonez gain beste zazpi plataformatan ere saltzen dituzte produktuak. «Guretzat, Amazon edo plataforma handiak ez dira etsaiak; alderantziz, aliatuak dira, haiei esker lortu baitugu Interneteko merkatua handitzea azken urteetan».
Bat datoz Donostiako jaki denda bateko arduradunak ere: «Amazonen den-dena ez da txarra». Ez dute izenik eman nahi izan, negozioan eragin ditzakeen albo kalteengatik. «Ulertzen dugu Amazonen aurkako jarrera, eta bat gatoz puntu askotan. Badakigu Amazonek ez dituela behar adina zerga ordaintzen, adibidez; hori aldatzea nahiko genuke. Baina Amazonek negozioari eusten eta hazten ere lagundu digu».
2015ean hasi ziren Amazonen saltzen. «Oso zaila da lehen pausoa ematea. Salmentak ez dira asko izango ongi kokatuta ez bazaude; lehia handia dago», adierazi du arduradunak. Urtetik urtera lortu zuten eskariak handitzea, eta lehen urteetan online egindako salmentak fakturazioaren %8 izatera ere iritsi ziren. «Baina pandemiak dena aldatu du», adierazi du. Izan ere, une honetan, fakturazioaren erdia da Internet bidezko salmentari dagokiona. «Argi eta garbi: salbatu egin gaitu, dendako salmentak nabarmen jaitsi baitira, eta etxera eramateko zerbitzuak ere ez digu funtzionatu».
Baldintzak zorrotzak direla iritzi dio jaki dendako arduradunak ere, baina aitortu du ez dutela inoiz arazorik izan. «Gertatzen da bidalketetan arazoak izatea paketearekin, eta berriz bidali behar izatea. Dirua galtzen da, baina hori onartu behar duzu». Egun, Europara bidal ditzakete soilik produktuak, baina mundu osoko eskariak jasotzen dituzte, Asiatik batez ere. «Aliexpress atzetik dugu, gainera; egunero bidaltzen dizkigute mezuak, baina ezin gara denera iritsi». Tokiko beste merkatu elektroniko edo plataforma batean ere saltzen baitute, baita webgune propioaren bitartez ere. Hori bai, aitortu du salmenta iturri gehigarri bat baino ez direla momentuz. «Nik neuk nahiago nuke lehengora itzuli, eta bezeroak gure denda fisikora etorriko balira. Baina, une honetan, egoera zein den ikusita, ahal dugunari eusten ari gara».
Burtsan aritzearen gisakoa
Maialen Bordarentzat ere diru gehigarri bat baino ez da Amazoneko salmentei esker irabazitakoa. «Ez dut kontuan hartzen normalean, gehigarri bat baino ez da niretzat». OUKA arropa dendako arduraduna da. Gipuzkoan, Arrasaten eta Beasainen denda bana dauka, eta badira lau edo bost urte produktuak saltzeko Amazonen erakusleihoa baliatzen hasi zela. «Saldu ez dugun stock-a kentzeko erabiltzen dugu, oinetakoak batez ere. Ez dugu Amazonen negozioa bilatzen».
Izan ere, Bordak uste du Amazonen saltzea «burtsan aritzearen gisakoa» dela. «Diru asko irabaz daiteke, baina galdu ere bai». Eta horregatik ohartarazi du ongi asmatu behar dela noiz erabili, zertarako, eta zer produkturekin. «Informazio asko lor dezakezu bertan, beste webgune batean izango ez duzuna, eta hori garrantzitsua da». Hala ere, iritzi dio kontrako bidean ere etor daitekeela hori; izan ere, arrakasta duen produktu bat izanez gero, Amazonek berak merkeago jartzen du, eta saltzaileak «elkarren lehian» jartzen ditu. Argi du, nolanahi ere, etorkizuna merkatu elektronikoetan dagoela.
Merkataritza elektronikoa. Amazonen itzal luzea
«Den-dena ez da txarra Amazonen»
Zenbait merkatari txikik Amazonek eskaintzen dien erakusleihoa baliatzen dute produktuak Interneten saltzeko. Merkatua zabaldu diete gehienei, baina onartu dute salmenta iturri gehigarri bat baino ez dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu