Merkataritzan, atzera-bueltarik ez

Donald Trumpek bere muga zergekin piztutako gerrak apaldu egingo dira, ziurrenez, Bidenen administrazioarekin, baina horrek ez du esan nahi harremanak aurreko egoerara itzuliko direnik.

Irune Lasa.
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Ia mundu guztiarekin harremanak gaiztotu dituzte Donald Trumpek abiatutako merkataritza gerrek. America First (Amerika aurrena) goiburu, muga zergak ezarrarazi ditu Txinarekin, Europako Batasunarekin... Kanada eta Mexiko bizilagunei ere aldarazi zien NAFTA ituna. Izena ere ez zitzaion gustatzen, eta berria jarri zion Trumpek: USMCA da orain.

Bidenekin zenbat aldatuko da hori? Ikusteko dago oraindik. Nahiko argi dago administrazio berriak harreman hobeagoak nahi dituela kanpo merkataritzan. Beharbada, tonu atseginago hori laster antzemango da, Munduko Merkataritza Erakundeko presidente berriaren izendapena desblokeatzen bada. Trumpek betoa jarri zion kontsentsuzko hautagaiari, Nigeriako Ekonomia ministro Ngozi Okonjo-Iwealari.

Tonu aldaketak, hala ere, ez du zertan politika aldaketa sakonik ekarri. Izan ere, herrialdearen merkataritza defizit itzela hor dago oraindik, eta globalizazioak kalte egin diela sentitzen duten langileak eta enpresak ez dira gutxi AEBetan, ezta bi alderdi handien boto emaileen artean ere. Horregatik, ia ezinezkoa da merkataritza harremanak Trump aurreko mailara itzultzea. Hori dela eta, Bidenek Buy America hartu nahi du goiburu, America Firsteko muga zergak inbertsioarekin ordezkatuz eta tokiko fabrikak eta ikerketa lehenetsiz.

Edonola ere, muga zergen gerra apaltzeko negoziazioetan hasi beharko dute orain Txinarekin; lan neketsua, zalantzarik gabe. Eta Europako Batasunarekin ere izan beharko dute hartu-emanik. Hor, ikusi beharko da zer gertatzen den AEBetako talde teknologikoak zergapetzeko europarren asmoekin.

Hori bai, aditu askoren ustez, Bidenek barne politikan jarriko du arreta, eta hortik kanpoko gaiak mantsoago joango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.