Txerra Rodriguez.
MELE

Berben indarra

2020ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Txikia nintzenean, liluratu egiten ninduten aho korapiloek, berba jokoek, amamak asmatzen zituen berbek, irakurtzen nituen komiki eta ipuinek. Gaztetxoa nintzenean, berriz, zoratu egiten ninduten poesiak, fanzineek, esaera zaharrek, etimologiak eta, batez ere, musikak (edo hip-hopak). Gaur egun, azkenik, horiek ez ezik, antzerkiak (amari zor), ipuin kontalariek, bertsolaritzak, palindromoek eta enparauek ere sorgintzen naute. Berbak, azken finean, modu batera edo bestera elkarren arrimuan jarritako eleak. Eta horiei gehitu, berbak ere diren lagun arteko solasaldiak, telesailak, literatura lanak eta abar. Berbak beti, aldez edo moldez.

Berbek txikitatik erakarri naute, eta horrek, agian, eraman nau eraman nauen lekura. Edo agian ez. Nik zer dakit, eta berdin dit, gainera. Baina orain dela gutxi irakurri dut Edward Wilson izeneko biologo batek idatzitako artikulu bat. Bera soziobiologian da aditua eta gure espeziearen jatorriaz ondu berri du ikerketa lan bat. Berak dio, labur zurrean, jakina, berbaren abaroan sortu eta garatu zela gure espeziea: egunez, eguneroko gai praktiko eta zehatzei buruz arituta eta, gauez, suaren inguruan korruka, istorio eta mitoei buruz, kooperazioa lagun. Eta horrek, ostera ere, berbaren garrantziaz ohartarazi dit.

Berbek indarra dute, performatiboak dira, modu akademiko ez oso txukunean esanda. Berbek sortzen dute, sorrarazten dute, errealitate bilakatzeko aukera ematen dute (berba eta ekintza bat datozenean, noski). Berbek mundua aldatu dezaketela sinetsi genuen behin eta horretan gabiltza. Joan Mariri eta beste batzuei esker, esan gabe doa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.