Osasun larrialdia luzatzen ari da eta cleavage edo banaketa lerro berriak azaleratzen ari zaizkigu gizartean. COVID-19a interes politiko objektibo zein subjektibo ezberdindun talde berriak sortzeko eta talde zaharrak deuseztatzeko baldintzak sortzen ari dela dirudi. Fenomeno interesgarria da —sarri mingarria suertatu arren— ardatz klasikoak hautsi eta bestelako lubakiak sorrarazten hasi delako.
Errealitatea konplexua da oso, eta ez nintzateke lerro hauetan laburtzeko gai, baina «hau dena gezurra da» jarrera beligerante bat hedatzen ikusi dut birusaren hedapena frenatzeko maskararen erabileraren inguruan ardaztua. Muturreko planteamendu negazionisten eta osasun neurriak bete-betean sinistu/onartzearen arteko erdibideak bilatzearen aldeko iritziak ere ez dira gutxi izan, eta ez zait planteamendu egokia iruditzen. Bertutea ez dago nahitaez beti «erdian».
Hiru erraildun errepideetan erdiko errailetik gidatzearen aldeko iritzi bat irakurri nuen aurrekoan sarean. Egileak zioen —eta bat nator— erosoagoa zaiola erditik gidatzea, askoz lasaiago dabilela karril zentraletik eskumakotik baino. Irakurri ez niona zen zer gertatuko ote litzatekeen guztiok erdiko errailetik ibiliko bagina, guztiok hartuko bagenu erosoen, arrazoizkoen zaigun posizioa gure bidean.
Erdibidea zibilizatorioa izan daiteke, nor bere bide erdia egiteko prest egotearen zentzuan, edo tranpa hutsa, dimentsio komunitarioa galtzera hurbiltzen bagaitu. Dena gezurra delako alibipean norberarentzat arrazoizkoa dena kolektiboki irrazional bihur daiteke pandemia betean.
Beste zenbat eta zenbat arlotan bezala, bestalde.
MELE
Erdibideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu