Xabier Landabidea Urresti.
MELE

Normalgintza

2020ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
2020 sinesgaitz honetan sarritan entzun dudan hitzik aipatu behar banu podiumaren lehen postuetan leudeke zalantzarik gabe normal eta arraro. Arraro berria ezagutzen genuen fikzioan, baina errealitateko normal berria da orain auzia. Zer diren gauzak.

Zer da baina normala, berri ala zahar? Euskaltzaindiak adjektiboa dela dio: «Ezer berezirik edo neurriz gainekorik ez duena, maizkoena edo ohikoena den motaren araberakoa dena». Gehiagotan gertatzen dena normalagoa da gutxiagotan gertatzen dena baino. Baina ez dirudi hain erraza, inork ez baitu esaten urteak egunak baino arraroagoak direnik, edo gizonak emakumeak baino, definizioz hala diren arren.

Nire ustez normaltasunaren funtsa edozein giza taldetan ikusi eta ulertu dezakegu ondoen: normalek bazterrekoak behar dituzte (eta ez badaude sortu egiten dituzte) haien normaltasuna fabrikatzeko. Eskolako jolaslekuan (edo euskarazko hedabideetan) leku eta denbora okupatzen duen hori da normala. Aberats gutxiago dago pobreak baino, baina badirudi normalagoak direla aberatsen lehentasunak, problemak, agendak. Euskaldun gehiago bizi gara hiri handietan herri txikietan baino, baina batzuetan badirudi ez garela euskaldun normalak. Gazteak gazteak dira, baina helduok normalak. Eta abar.

Gehiengo-gutxiengo dinamikez haratago doa normaltasunarena. Normaltasuna irudimen (falta) eta botere (falta) adierazpena da aldi berean. Normaltasuna politikoa da. Ez dago normal esaterik norma esan gabe. Normalak araua behar du, eta arauak normala. Batak bestea sortzen du, eta berehala ezabatu egiten du bere jatorria.

Horretan datza normalgintza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.