Ane Garcia Lopez.
MELE

Errituala

2020ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Birusagatik ez balitz, jai giroak hartua luke gure herria honezkero, eta prest geundeke beste behin ere errituala errepikatzeko: poteoak, familia-bazkari eta kuadrilla-afariak, parrandak, ajeak... Baina berri onak ere badakartza COVID-19ak euskal herritarrentzat, eta aurten Hondarribian jairik izango ez denez, hemendik bi aste ingurura ez duzue alardearen inguruko bonbardeorik jasan beharko. Ez tertuliano, ez hondarribiar tradiziozale indignatu, ez bestelakorik. Horra berri on bat. Ez da asko, baina tira.

Hondarribiarrok penatxoa izango dugu, zergatik ukatu, oin zolak erretzen dizkizuten alpargata, kapelu gorri, zapi koloredun, danbor eta txilibiturik gabe. Eta aldi berean, lasaitasuna izango dugu lehen aldiz herrian irailaren 8an: ez plastiko beltz, ez bizkar, ez irain, ez giro gaiztoturik. Azkenean.

Egun honen zain egon gara aspaldi, eta ez nuen sekula pentsatu pandemia batek ekarriko zigunik su-etena. Jaiak ospatzeko moduari buruz gogoeta egiteko aukera eman digu birusak, pentsatu gabe urtero errepikatzen ditugun ekintzei erreparatzekoa, eta ez dut uste hau Hondarribian soilik gertatu denik.

Baina nire herria hori denez, esango dut gure errituala aldatzeko gogoa eta ausardia behar direla, eta herritar talde batek 25 urtetik gora daramala bi ezaugarri horiekin desfilatzen, zapi koloretsuz. Bada garaia gainerako herritarrak kutsa daitezen gogo eta ausardia horrekin. Herriko festak berreskuratzeko aukera paregabea dugu esku artean: urtetan errituala modu bakarrean egin zitekeela ziotenei aurre egiteko beldurra ahultzen ari da, eta agian uste baino lehenago alarde parekide, publiko eta bakarra izango dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.