Murgiltzea Katalunian

Erabilera behera, kezka gora

Generalitateak eginiko txosten batek agerian utzi duenez, katalana gutxiago erabiltzen dute ikasleek zein irakasleek ikasgelan. Hizkuntzak eskolatik kanpo duen egoerarekin lotuta dago atzeraldia.

Maite Asensio Lozano.
Bartzelona
2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Aspaldikoa zen susmoa, eta berriki berretsi egin da: katalanaren erabilera gutxitzen ari da ikastetxeetan. Generalitateko Hezkuntza Saileko Ebaluazio Kontseilu Nagusiak DBHko laugarren mailako ikasleen artean eginiko azterlan baten arabera, 16 urteko gazteen %21ek soilik erabiltzen dute beti edo ia beti katalana ikaskideekin talde lanak egitean, baina duela hamabost urte ia %68 ziren; aldiz, %28k ez dute inoiz edo ia inoiz erabiltzen katalana (%11 ziren 2006an). «Bagenekien joera bat bazegoela, baina ez genuen espero zenbakiak hain txarrak izatea», aitortu du Marina Massaguerek. Soziolinguista da, eta gaia ikertzen ari da Bartzelonako Unibertsitateko CUSC zentroan. Hainbat faktore aipatu ditu katalanaren galera azaltzeko: «Aldaketa ugari izan dira hezkuntza sistemaren barruan zein kanpoan».

2006, 2013 eta 2021eko datuak alderatu ditu txostenak, 55 zentrotako 3.200 gazteekin egindako ikerketan. «Hizkuntza erabilera aldatu egiten da eremua kolokiala ala instituzionala izan», ondorioztatu du dokumentuak. Hau da, arlo formaletan sendoago dago katalana, baina atzera doa informaletan: ikasleen arteko solasaldietan eta eskolatik kanpoko harremanetan batik bat.

Halere, agerian geratu da ikasgela barruan ere presentzia galdu duela hizkuntzak. Massaguerek azaldu du azken hamabost urteetan asko aldatu dela eredu pedagogikoa: «Lehen ohikoagoak ziren klase magistralak: irakaslea zegoen erdigunean, eta jarduna norabide bakarrekoa zen; orain, pedagogia berriek talde lana sustatzen dute, eta gela batean ikasle gehienen lehen hizkuntza ez bada katalana, gaztelania erabiltzeko joera handiagoa dago». Horren eskutik doaz aldaketa demografikoak ere: «Ikasle berri asko iristen dira urtero. Katalana ez dakartenentzat harrera gelak ditugu: sei hilabete egoten dira bertan hizkuntza ikasten, baina praktikan ez da beti nahikoa; eta gaztelania ere ikasi behar dutenentzat, gerta daiteke bi hizkuntzak ez bereiztea. Harrera linguistikoa egiteko mekanismoak ahuldu egin dira, eta, batzuetan, irakasleei ere tresnak falta zaizkie halakoak kudeatzeko».

Paradoxa batez mintzatu da: «Duela hamabost urte baino hiztun gehiago ditu katalanak egun, baina proportzioan, ez dira nahikoak dinamika demografikoak konpentsatzeko. Eta katalan hiztunak gutxiago badira, katalanez ez dakitenek ere aukera gutxiago izango dituzte hizkuntzan murgiltzeko». Gaztelaniaren hegemonia, gainera, oso indartsua da: «Ikasgela batean, ikasleen erdien lehen hizkuntza katalana bada eta beste erdiena gaztelania, gaztelania gailentzen da. Katalan hiztun gehiago behar dira inertzia horiek iraultzeko». Eta gogora ekarri du segregazioak ere baldintzatzen duela ikasleen banaketa: «Eskola batzuetan ez dago katalan hiztunik ikasgeletan, eta horrek besteen ikasketa prozesua ere zailtzen du. Horregatik, politika sozial gisa ulertu behar litzateke hizkuntza politika: hizkuntzarako sarbidea eman behar zaie ez daukatenei». Bide horretan, proposamen bat egin du: «Espazio gehiago sortu behar lirateke berdinen arteko erabilera sustatzeko, hierarkiarik gabe; bestela, gazteek ez dute lagunarteko erregistroa ezagutuko, ez dute baliatuko, eta ez dira hizkuntzarekin identifikatuko».

Beste joera bat ere atzeman du irakasleen soslaiarekin, nahiz eta datu zehatzik ez duen: «Lehen askoz gehiago erabiltzen zuten katalana. Frankismoaren ostean, hizkuntza oso txertatuta egon zen pedagogiarekin lotutako mugimenduetan; orain, sentsibilitate politiko hori galdu dute irakasle batzuek, eta beste batzuen lehen hizkuntza gaztelania da; beraz, haiek ere horretara jotzen dute». Hezkuntza Departamentua ere «erlaxatu» egin dela uste du Massaguerek, batik bat bigarren hezkuntzan: jakina da murgiltzea ez dela betetzen praktikan, baina horren ikuskapenik ez du egin. Hizkuntzarekin lotutako gatazkak saihetsi nahi izan dituztela uste du soziolinguistak: «Beldur izan dira katalana inposatzearen akusazioaz».

Prestigio galera

Eskolatik kanpoko erabilera ere aztertu du txostenak, eta hor ere, ezustekorik ez: gaztelaniazko aisia erabiltzen dute gaztetxoek, bai irakurtzean, bai ikus-entzunezkoetan, bai sare sozialetan, baita kirolean ere. Hala, eskolatik kanpoko harremanetan, ikasleen %33k erabiltzen dute katalana beti, ia beti edo sarri.

«Ez dago erreferenterik ikus-entzunezkoetan», gaitzetsi du Massaguerek; «Duela hogei urte, Espainiatik etorritakoen seme-alabek Son Gokurekin ikasten zuten katalanez; horrela sartu zen katalana hizkuntza falta zen inguruetan. Orain beste muturrean gaude: TV3ek gazteentzako katea itxi zuen, eta gurasoek arazo handiak dituzte katalanezko edukiak topatzeko». Abagune horretan, agerikoagoa da eskola bakarrik geratzen ari dela haurrei katalana irakasteko lanean: «Asko eskatzen diogu hezkuntza sistemari, baina eskolak oinarria eman behar du, ondoren aktibatu ahal izateko; eta katalanari ez badiogu balio sozialik ematen, nekez aktibatuko da eskolan jasotakoa».

Ildo horretan, txostenak ekarritako beste kezka bat aipatu du: «Erabilera ez ezik, prestigioa ere galdu du katalanak ikasleen artean. Tradizionalki, hiztun berriak lortzeko gaitasuna izan du katalanak: erakargarritasuna, prestigio soziala. Baina txostenak dio ikasleentzat orain ez dela hizkuntza erabilgarria». Dena den, atzeraldi hori ezin zaio eskolari egotzi, soziolingustaren aburuz; eskolatik kanpo gertatzen denak isla dauka eskola barruan, eta ikuspegi horretatik, gaindituta ziruditen gaietan inboluzio bat ikusi du: «Lehen, katalana hizkuntza gutxitua izan arren, parlamentuak eta hedabide nagusiek katalanez funtzionatzen zuten: beharrezkoa zen parte hartze sozialean. Egun, balio gutxiago du: gaztelaniak presentzia handiagoa du TV3en, politikariek gero eta gehiago erabiltzen dute... Hori ikusita, nola pentsatuko dute ikasleek katalana beharko dutela lanerako edo bizitzeko?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.